TTAKUN KE-K 30 URTE

Egun berezia gogotik ospatu du Ttakun Kultur Elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 17a, 11:02

Ttakun Kultur Elkartea-k 30 urte bete ditu azaroaren 16an. Urtemuga berezi hori ospatze aldera, ekitaldi xumea egin du Ttakunenean, zenbait erakunde, alderdi politiko eta eragiletako ordezkariekin batera. Mari Karmen Ormazabal lehendakariak ibilbidea errepasatu du, Zuaznabar ahizpek txalaparta jo dute eta bakarrizketa umoretsua egin du Bea Egizabal-ek. Amaieran, mokadutxoa jan dute bertaratutakoek, giro ederrean. 

Ekitaldira bertaratu dira elkarteko lehendakari izandakoak (Sebastian Kerejeta, Mari Jose Eizmendi, Tomas Arrizabalaga eta Mari Karmen Ormazabal; azken hori da gaur egungoa), Lasarte-Oriako udal korporazioan ordezkaritza duten alderdietako ordezkariak, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzua, Hernaniko Dobera Euskara Elkartea, Landaberri-Garaikoetxea ikastetxeko zuzendari Konsuelo Aizpurua, Euskararen erabilera sustatzeko baliabideak eta tresnak-en (Ebete) sortzaile Iñaki Eizmendi, Bea Egizabal umorista, Zuaznabar familiako txalapartariak eta Ttakuneko hainbat langile.

Ormazabalek egin die ongietorria gonbidatuei, eta Ttakunen ibilbidea errepasatu du. "30 urte hauek gauza asko ekarri dituzte eta elkartea erabat eraldatu da: egitasmo gutxi genituen hasieran, udako txokoak, eta gaur egun... Esku hartzeak egiten ditugu Gipuzkoako herri ugaritan, formazioa eman ikastetxeetan, Eskola Kirola kudeatzen dugu eta sekulako dimentsioa hartu duen Euskaraldia sortzen lagundu dugu, beste hainbat egitasmoren artean". Ttakunek zenbaitetan "ONG puntu bat" duela nabarmendu du: "Herrian desagertzear dagoen jarduera bat baino gehiago hartu du bere gain, eta biziberritu egin du; Santa Ana parodia, esate baterako". Herrigintza, euskalgintza eta kulturgintza elkartearen eguneroko ogia dela zehaztearekin batera, esan du herria ez dela Ttakun bakarrik, eta horregatik ari dela etengabe saretzen, eguneroko lanarekin ez ezik aste hauetan egiten ari den ospakizun ekintzekin. "Gaurkoan, 30 urte hauetan lagundu gaituzuen erakunde eta alderdietako ordezkariekin bildu nahi genuen, eskerrak emateko, Euskal Jaia-n eragileekin egin bezala".

Ormazabalen hitzartearen ostean, txalapartarekin ttakun, ttan, ttakun egin dute Ixabel eta Amaia Zuaznabar ahizpek. Instrumentuaren soinuak erabat gatibatu ditu bertaratutakoak, eta batek baino gehiagok grabatu du emanaldia sakelako telefonoarekin. 

Etenik gabeko barre algarak

Zur eta lur geratu da txalapartarekin Bea Egizabal ere. Ttakunen jardunean oinarritutako hogei bat minutuko bakarrizketa eskaini du, eta tarte horretan, etenik gabeak izan dira ikus-entzuleen barre algarak. Adibidez, hau galdetu duenean: "Gaztea eta euskalduna den zein herritar ez da elkarteko begirale izan?". Zenbait erakundetako ordezkariak parean zituela baliatuz, argi utzi die baliabideak behar dituela elkarteak egitasmoak aurrera eramaten jarraitzeko, eta etorkizuneko plan estrategikoaren ildoak zeintzuk izan behar dituen proposatu: TikTok kontu bat sortzea eta elikatzea, "gazteei gustatzen zaizkien mamarratxadak euskara jasoan egitea" eta ereserki bat sortzea, besteak beste. Bukatzeko, Ttakuneneako arbelera joan, eta mezua idatzi du: Gurasoaldia erraztu [h-rik gabe, Euskara zerbitzukoek baieztatu diotenez] didazue. 

Txalo artean agurtu dute Egizabal, eta bazkalordua gerturatzen ari zenez, mokadutxoa eta tragoa hartu dute bertaratutakoek. Elkartearen lehendakari izan direnek argazkia atera dute elkarrekin, eta gero, elkarteak gutxienez beste 30 urte bete ditzan, topa egin dute.

Larunbatean, FESTttakun

Ekitaldi instituzionala eta gero, 30 urteak herriarekin ospatuko ditu Ttakunek, larunbat honetan: FESTtakun egingo du. Hauxe da egitaraua:

  • 11:00etatik 14:00etara, pintxo potea Jalgi kafe antzokian. Ttakuneko bazkide eta Solaskide egitasmoko parte hartzaileentzat, doan.
  • 17:30ean eta 18:30ean, Sorgin Dantza. Orian eta Okendo plazan egingo dituzte emanaldiak, hurrenez hurren.
  • 23:00etan, Rukula taldearen kontzertua Jalgi kafe antzokian.