Hiru hamarkadako bidea egiten lagundu dioten eragileei eskerrak eman dizkie Ttakun Kultur Elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 25a, 16:57

Ttakun Kultur Elkarteak 30 urte beteko ditu azaroaren 16an, baina lehenxeago hasi da horiek ospatzen. Larunbatean Okendo plazan egindako ekitaldian, eskerrak eman dizkiete hiru hamarkada hauetan berarekin lan egin duten elkarte eta eragileei. Oroigarri bana jaso dute Mari Karmen Ormazabal lehendakariaren eskutik.

50 elkarte inguruk jaso dute aitortza. Ordezkariak banan-banan igo dira eta Janire Arroyok Ttakunen urteurrenarentzat espreski prestatutako ilustrazioa jaso dute, mezu honekin: "Mila esker!". Hori baino lehen, zenbait eragilek emanaldi laburrak egin dituzte Okendoko oholtza gainean.

Ordu eta erdi inguruko kantu dantza jira amaitu eta dagoeneko motorrak bero zituztela baliatuta, Xumela koruko kideak izan dira oholtzara igotzen aurrenekoak; Behin betiko abestia oholtzaratu dute. Horren ostean, Ttirriki Tttarraka eskola, Earra bertso eskola, Kukuka antzerki eta dantza eskola, Irakurle Txokoa eta Buruntzaldeako Gazte Sortzaileak aritu dira.

Ekitaldia amaitutzat eman aurretik, ekitaldira bertaratu diren ordezkariek talde argazkia atera dute.

Erlazionatuak

Ttakun Kultur Elkartearen 30. urteurreneko ospakizunak

Ttakun Kultur Elkartearen 30. urteurrena 2021 urr 22 Euskara