Hilabetetan gordetako festarako gogoa kalera atera du lasarteoriatar askok larunbatean. Ekimenez beteriko eguna izan da eta ia ahaztutako uneak bueltan ekarri dituzte.
Txistulariek dianak piztu du jaia. Sagardotegi kaletik abiatuta Zumabururantz jo dute, doinu alaiekin jakinaraziz baserritar jantzi eta festarekin bat egiteko garaia zela. Ordu eta erdiz aritu dira han-hemen, eta hori nahikoa ez balitz, jarraian egin duten kantu-dantza jiran ere parte hartu dute. Ttirriki Ttarraka musika eskolako gazteak buru, bidea egiten joan dira, zenbait tokitan gelditu, eta emanalditxoa eginda. Horietan, Xumelako kideek eta Plaza Dantzakoak aritu dira kantuan eta dantzan.
Ibilbidea Okendo plazan amaitu dute. Azoka postuen aurrealdean eta biribila osatuta jarraitu dute emanaldia. Plazako eszenarioan Ttakun Kultur Elkarteak zenbait eragileri zuzendutako eskaintza ekitaldia hastear zela amaitu dute Xumelakoakek azken kanta abestuta. Aitortzak iraun bitartean, azokako postuetan ez zen jenderik falta. Ohi baino erakusmahai gutxiago izan dira, baina bisitarik ez dute hutsik egin. Gehienak, gainera, antolatzaileek eskatu bezala, baserritara jantzita.
Erromeria jendetsua
Goizeko ekitaldiak amaituta, indarra berreskuratu eta arratsalderako prestatzeko, bazkaria egin dute Ttakunenean. Paella eta postre goxoa jan dute 70 bat lagunek. Kafearekin batera, bazkaloste musikatuari ekin diote. Entzun eta kantatu aritu dira, batzuetan mikroa zutenek abestu baitute, eta beste batzuetan, mahaien bueltan zeudenek. Hala, 17:30ak heldu dira. Oholtza gainera igo dira Ttirriki Ttarrakako kideak eta erromeriari ekin diote. Plazan dantzarako gogoz zeuden haurrei gaztetxoak eta helduak batzen joan zaizkie denborak aurrera egin ahala. Hasi eta ordubetera, plaza lepo zegoen, eta inor ez zegoen geldirik. Batera edo bestera, oinak mugitzen ari ziren denak. "Gogoa bagenuen" bat baino gehiago entzun da, eta argi utzi dute nahia edo beharra bazutela.