Teresategi eremuan lasarteoriatarrak kontratatzeko hitzarmena sinatu dute Construcciones Iturrioz enpresak eta udalak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 23a, 15:13

Xabier Iturrioz promotorea eta Agustin Valdivia alkatea, akordioa sinatu berri.

Teresategi eremuan lan egiteko, gutxienez, 50 lasarteoriatar kontratatzea adostu dute Lasarte-Oriako Udalak eta Construcciones Iturrioz enpresak, lursail horren sustatzaileak. Hamar urteko epean egin beharko ditu kontratazioak. Beharginen lanaldiak "iraunkorrak" izatea nahi dute bi aldeek, bost urtekoak.

Lasarte-Oriako Udalak eta Construcciones Iturrioz enpresak lankidetza akordioa sinatu dute, Teresategi eremuan enplegua sustatzeko –Leroy Merlin merkatalgunea eraikitzea aurreikusten dute han–. Partzelan lan egiteko beharginak kontratatzerakoan, gutxienez 56k Lasarte-Orian erroldatuak izan beharko dute, bi aldeek izenpetu duten hitzarmenean jaso dutenez.  Hamar urteko epean egingo dituzte kontratazioak, eta helburua da postu "iraunkorrak" izatea, bost urtekoak. 50 pertsonak izango dituzte baldintza horiek. Beste seiei, aldiz, partzelak eraiki eta hornitu bitartean  eskainiko die lana Construcciones Iturriozek.  

Enpresa promotoreak sinatutakoa ez badu betetzen, 30.000 euro ordainduko dizkio udalari lanpostu bakoitzeko, edo bost urte horietatik bete ez diren lanaldien zati proportzionala. "Ezinbesteko kasuetan izan ezik, edozein arrazoirengatik egin beharko du hori", zehaztu du Agustin Valdivia alkateak. Berak sinatu du lankidetza hitzarmen hori, udaleko Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandezekin eta Construcciones Iturrioz enpresako ordezkari Xabier Iturriozekin batera. 

Herriko beharginak kontratatu ostean lan harremana etenez gero, sustatzaileak, ordezkoa bilatzerako orduan, langabe lasarteoriatarra izatea lehenetsiko du. Halaber, aipatutako 56 postu horiez gain, Teresategiko lanak egin bitartean sortzen diren gainerako postuetarako langileak aukeratzerako garaian, udalerrian erroldatutako pertsonek izango dute lehentasuna. "Beharginak hautatzeko prozesuak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo ditu beti", Fernandezek aditzera eman duenez. 

Bitartean, udalak konpromisoa hartu du obrak lizitatzeko beharrezkoak diren "hirigintza dokumentu guztiak" egiteko. Hori prest izatean, batzordera eta udalbatzarrera eramango ditu txostenak. 

Bestalde, alkateak jakinarazi du Michelin II lursaileko egitasmoa "laster" jarriko duela martxan berriro udalak. "Harremanetan jarriko gara sustatzailearekin, hitzartutakoa egiten hasi dadin".