Leroy Merlin saltokiak herrian izango duen eragin sozioekonomikoa ikertzeko eskatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 19a, 10:31
Lasarte-Oriako EH Bilduk Leroy Merlin egitasmoaren inguruko iritzia plazaratu zuen prentsaurreko batean, ekain hasieran. Berriro hitz egin du gaiaz asteon.

Lasarte-Oriako EH Bilduren aburuz, "ezinbestekoa" da Leroy Merlinek herrian izango duen eragina ezagutzea, proiektu horren inguruan eztabaidatu eta erabakiak hartzeko. "Egitasmoaren onarpena mahai gainean geratu dela ikusita, aukera ona da ikerketa egin eta etorkizunera begira erabakiak hartzeko".

Ekaineko ohiko udalbatzarreko gai-zerrendako puntuetako bat zen Errekalden eraiki nahi den Leroy Merlin saltokiaren egitasmoaren onarpena edo ez. Mahai gainean geratu da ordea, jorratzeke. Abagune hori baliatu nahi du Lasarte-Oriako EH Bilduk egitasmo horren inguruko azterketa bat egiteko, eta ikusteko zer nola eragin dezakeen Lasarte-Orian, sozioekonomikoki. "Ikerketa horren emaitzak publiko egitea ere nahi dugu".

"Herri mugimendua eta zenbait eragile proiektuaren aurka azaldu dira; hainbat aurkako iritzi eta eztabaida sortu ditu", nabarmendu du koalizio abertzaleak. "Ulertezina" iruditzen zaio gisa horretako egitasmo bat aurkeztea: "Pandemia honek herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu pertsonalei hainbat galera ekarri dizkie, eta Leroy Merlin eraikitzeak etorkizuna zailduko die hainbat sektoreri". EH Bilduk dioenez, sor litezkeen lanpostu berri horiek orain arteko beste batzuk ordezkatuko lituzkete, "lan baldintza prekarioak" areagotuz.