UDALBATZARRA

Lasarte-Oriako eta Donostiako lur-eremu bana bateratuta, Leroy Merlinen saltokia gertuago

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 11a, 14:00

Udalbatzarrak onartu du Lasarte-Oriako A-33 Teresategi eta Donostiako AÑ.10 Errekalde (II) lurraldeak bateratzeko plana, PSE-EE eta EAJ-PNVren aldeko bozkekin. Leroy Merlinek Errekalden saltokia irekitzeko bidean funtsezko urratsa izan da hori. Gai ordenean jorratu dituzte gai gehiago: Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria elkarteak aurkeztutako mozioa aho batez onartu dute korporazioko kideek.

Leroy Merlin multinazionalak Errekalden saltoki bat irekitzearen egitasmoa gero eta gertuago dago gauzatua izatetik. Lasarte-Oriako A-33 Teresategi eta Donostiako AÑ.10 Errekalde (II) lurretan eraiki asmo dute merkatalgune hori; beste pausu batzuk eman aurretik, beharrezkoa zen bi udalerri desberdinetako partzela horiek bateratzea, egitasmoarekin aurrera egitekotan. Atzoko ohiko saioan onetsi zuen hori korporazioak. Bateragarritasunaren planaren egin zuten PSE-EEk eta EAJ-PNVk; EH Bilduk eta ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Puedek, berriz, aurka. Zenbakietara eramanda, hauxe emaitza: 11 aldeko bozka, eta sei aurkako.

Gai-ordeneko laugarren puntua izan zen hori. Eztabaida-txandan zein bakoitzak bozkatutakoa azaltzerakoan, korporazioko alderdi bakoitzak argi adierazi zuen Leroy Merlinen gisako multinazionalen kapitala herrira ekartzearen inguruan zer pentsatzen duen. EAJ-PNVren irudikoz, Lasarte-Oriara lanpostuak ekarri nahi dituenari "bidean ez zaizkio harriak jarri behar, are gehiago bizitzen ari garen garai zail hauetan". Multinazionalak emandako datuak ekarri zituzten udalbatzarrera: "160 lanpostu zuzen eta 40 zeharkako sortzeko asmoa dute; zergetan 150.000 euroren bueltan ordainduko lizkioke Lasarte-Oriako Udalari". Jeltzaleek uste dute "erabat bateragarriak" direla eremuak bateratuz "inbertitzaile handiak" herrira erakartzea eta tokiko merkataritza sustatzea: "Zaborren, uren eta estolderiaren arloan 2021eko tasak murriztea proposatu dugu, eta Tratu On Bat marka hobetzea; gobernu-taldeak ez ditu horiek gauzatu oraindik". Gogoratu du 2015eko hauteskunde programan bateragarritasun plan horren alde egin zuela, eta "denboran luzatu den" kontua izan arren, iritsi dela, eta horren alde egin duela korporazioaren gehiengoak.

"Kontraesanak eta gabeziak" ikusten dizkio EH Bilduk bateragarritasun planari, eta atzoko saioan adierazi zuen ez zuela alde bozkatuko. "Erabat desfasatuta dagoen eredu batean oinarrituta dago; lehenesten diren jasangarritasun politiken aurkakoa da". Koalizio abertzaleak salatu du "herritarren parte-hartzerik gabe" burutu dela: "Lasarte-Oriako Hirigintzako Herritarren Aholku Batzordeak aurkako jarrera azaldu zuen, baina ez zitzaion jaramonik egin". EH Bilduk iritzi dio Leroy Merlinek sortuko lituzkeen lanpostu horiek herriko merkataritzako beste hainbat suntsituko lituzkeela. "Egitasmoak herrian izango lukeen eragin ekonomikoari buruzko ikerketa bat egiteko eskatu diogu Udal Gobernuari, eta erantzun digu eraiki ostean egingo dutela; beranduegi izango da". "Proiektuak ez ditu herritarren beharrak erdigunera ekarriko, enpresa handien interes ekonomikoak baizik".

Eztabaida-txandan zein bozka azalpenean

Eztabaidan aritzeko txandetan hitz egin zuten EAJ-PNVk eta EH Bilduk. Bi lur-eremuak bateratzearena bozkatu eta gero, ELOP eta PSE-EE alderdiek hitz egin zuten, aurkako eta aldeko bozken zergatia esplikatzeko, hurrenez hurren.

ELOP alderdiari "kontraesankorra" iruditzen zaio multinazionalen saltokiak herrira ekartzea, tokiko merkataritzaren alde lan egin bitartean. "Zein da gure udalerriak sustatu nahi duen kontsumo eredua? Herritarrak kanpora erostera eramango dituena, edo Lasarte-Oriako bertako establezimenduetara?". Kontsumo-eredua eta mugikortasuna "erabaki politikoak" direla azpimarratu du, eta "garrantzitsua" dela lehentasuna "herrian bertan dagoenari" ematea, merkatari txikiei "bizirauteko laguntza" emanez. 

PSE-EEren aburuz, udaletxe baten zeregina da "herritarrentzat lanpostuak eta onurak ekarriko dituzten enpresak erakartzea". Promotore baten proposamenaren aurrean, "bi aukera" ikusten dituzte sozialistek: "Beste aldera begiratzea, edo saiatzea ahalik eta onura gehien ateratzea; guk bigarrenaren alde egingo dugu beti". Zehaztu du Leroy Merlinena "saltoki bakarra" izango dela, ez "merkatalgune handi bat", eta Lasarte-Oriako eta Donostiako bi lur-eremu horiek bat egiteak "industria alorrean garapena" ekarriko duela. "Tokiko merkataritzaren alde irmoki egiten dugu apustua, Aterpearekin eta ostalarien elkartearekin lanean, eta haiei laguntzeko neurri zehatzak proposatuz". 

Adierazpen instituzionala Sahararen alde

Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria elkarteak mozio bat erregistratu zuen, eta atzoko saioan landu zuen korporazioak. Aho batez onartu zuen, besteak beste, hau guztia: Nazio Batuei eskatzea Mendebaldeko Saharan segurtasuna bermatzeko eta "gatazkaren konponbidea azkartzeko", erreferendum bat deituz; Espainiako Gobernuari esatea "rol aktibo bat" jokatu behar duela gatazkaren konponbidean; euskal herritarrak deitzea Mendebaldeko Sahararen alde egingo diren mobilizazioetan parte hartzera; eta udaletxeko balkoian Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren bandera jartzea, elkartasun keinu gisa.

Udalbatzarrak onartu zuen baita ere udal-langileei %2 igotzea lansaria, 2020ko urtarrilaren 1etik hasita. Galdera eta erreguetan, ELOP alderdiak 2021eko aurrekontuei buruz galdetu zion Udal Gobernuari, esan zitzaielako zirriborroa jasoko zutela pasa den astean eta oraindik ez zeukatelako mahai gainean. "Zirriborroa ia prest dago, kontu-hartzailea oporretatik itzultzen denean jasoko duzue", erantzun zien Agustin Valdivia alkateak.