SORGIN JAIAK 2021

Herria sorginduko dute aurten ere

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 22a, 13:55
San Pedro egunean, ekainaren 29an, danborrada egingo du Sorgin Jaiakek, 18:30etik aurrera.

COVID-19ak eragindako egoera tarteko, Lasarte-Oriak ezingo ditu Sorgin Jaiak ohi bezala ospatu aurten ere, baina antolatzaileak ez daude geldirik, eta egitarau "xume" baten bitartez, "herria koloreztatzen" jarraituko dute eta kulturaren alde egingo dute. Azpimarratu dute datozen egunetan burutuko dituzten ekintzetan "segurtasun neurri oro" errespetatuko dutela.

Egun bakoitzerako ekintza bat edo bi prestatu ditu Sorgin Jaiakek, iaz egin moduan. Aurrenekoa ekainaren 24an izango da, ostegunarekin: Mikel Olaiz herritarrak Burujabetzak, denontzat etorkizun hobea eraikitzeko tresna hitzaldia eskainiko du osasun zentroko 2. solairuan, 18:00etatik aurrera, OlatuKoop sareari buruz. Hurrengo eguna, ekainak 25, ostirala, Pijama Eguna izango da. "Kulturaren aldeko kuadrillen jaitsiera" ekimena antolatu dute; Isla plazatik abiatuko dira gazteak, 19:00etatik aurrera. Hori baino lehen, 12:00etan, Elkartasun internazionalista solasaldia eskainiko dute Leire Amiano eta Oihan Agirretxe herritarrek, toki berean. Hitzaldietakoren batean izena eman nahi duenak 636 93 48 08 telefono zenbakira idatzi edo deitu beharko dute.

Ekainaren 26a, larunbata, Elkartasun Eguna izango da. 12:00etan manifestazioa abiatuko da Okendo plazatik. Ondoren, indarrak berritzeko, tupper bazkaria egingo dute, 14:30ean. Sabela beste ostean, arratsaldeari bingo musikatuarekin egingo diote ongietorria. Biharamunean, igandearekin, Sorgin Eguna ospatuko dute, eta horretarako, kontzertu akustikoa antolatu dute. Emanaldia 18:00etan izango da, Oriarte Landaberri ikastetxeko patioan.

Datorren asteko astelehenean, hilaren 28an, orientazio jolasak antolatu dituzte, 17:30etik aurrera, Sorgin Jaiaken eta Belarmeta mendi taldearen artean, Benedika inguruan. Eta, aurtengo egitaraua ixteko, ekainaren 29an, asteartez, danborrada egingo du Sorgin Jaiakek, Andatza plazatik abiatuta, 18:30etik aurrera.

Bidean, "hamaika oztopo"

Egitaraua ezagutzera ematearekin batera, Sorgin Jaiakek idatzia bidali du TXINTXARRI aldizkariko erredakziora. Eragileak dio aurtengo egoera ez dela "guztiok nahiko genukeena", baina, hala ere, lortu dutela "egitarau xume bat" antolatzea. Edonola ere, adierazi du aurtengoa ez dela "urte erraza" izaten ari, eta haren jarduna aurrera atera ahal izateko "hamaika oztopo" topatu dituela bidean, "pandemiaren aitzakiatan". "Hori ez du Sorgin Jaiakek bizitu soilik, herri mugimendu osoak baizik: elkartzeko guneak lortzeko ezintasuna, ekitaldiak antolatzeko debekuak, materiala gordetzeko lokal falta, eta abar". Lasarte-Oriako jai alternatiboak sustatzen dituen eragilearen aburuz, Lasarte-Oriako Udalak "ez du inongo interesik" herria bizirik mantentzeko. 

Horren harira, Sorgin Jaiakek "irmoki" eskatzen dio Udalari trabak jartzen uzteko: "Alde handia dago laguntzarik ez eskaintzearen eta etengabe oztopoak jartzearen artean". Eragileak nabarmendu du, "eragozpenak eragozpen", Lasarte-Orian "bizia" den herri mugimendua bere horretan mantentzeko formula berriak sortu dituztela, "denen artean".

Erlazionatuak

Sorgin Martxa, pijama eta maskarekin

Txintxarri Aldizkaria 2020 eka 26 Kultura