Isla plazako hitzordura gutxika heltzen joan dira Sorgin Jaiak-ek antolatutako danborradako kideak. Prestaketa azkar batzuk egin eta danborren lekukoa hartuko zuten margo potoak (eta antzekoak) banatu dituzte. Egunkari paperezko kapelak buruan, kamiseta arrosa soinean eta zapi beltza lepoan. Horixe gehien errepikatu den uniformea, salbuespenak salbuespen. Lepokoan, gainera, bi aukera: Sorgin Jaiak-ena edo ostalarien aldekoa.
50 bat lagunek parte hartu dute danborradan. Musika zeraman orgatxoa buru, makilei eraginez hasi dute Kale Nagusian barrena bidea. Partaideek elkarren arteko tartea errespetatzeko bi ilara osatu dituzte eta maskara zeramaten denek.
Ohiko moduan jairik ez bada ere, herritarrak kalerako gogoz daude, are gehiago gaurkoa bezalako udako egun batean. Eguzkia eta beroa nagusi, terrazak lepo daude, eta izan beharko zuenaren erakusgarri zenbaitek daramatzaten blusak (gerrian lotuta, gehienek). Giroa eta kolorea gehitu du ekimenak bere bidean, espaloitik edo terrazetatik begira zituztenak sorgindu dituzte, haien arreta erakarrita.
Ibilbidea Okendon bukatu dute, ez ordea, festa. Biribil handi bat osatu dute eta abesti pare bat jo dituzte. Orduan, Trumoi tabernako jabeak agertu dira eta erdigunean jarri dituzte. "Eskerrik asko Trumoi" zioen pankarta zabaldu dute danbor jotzaileetako batzuek, beste batzuek, berriz, lerro bat osatu dute ostalarien aurrean. Hunkituta zeuden Javier Mora eta Nagore Urdangarin, malkoei ezin eutsi eta hitzik gabe. Aurreskua dantzatu diete zenbait partaidek, Lierni Arozenak jotako txistu eta danbolin doinuei jarraituz; eta omenalditxoa amaitzeko, Sorgin Jaien zapi bana lotu diete lepoan tabernariei eta lore sorta bat eman. Esker keinuak egin dizkiete Morak eta Urdangarinek gazteei, eta hauek, txaloekin erantzun.
Umore onez bukatzeko, musika jarri eta dantzan egin dute partaideek, materiala uztera Xirimirira bidea hasi aurretik.