Leire Mayoz Arteagak El Conquistador del Caribe telesailaren XVII. edizioan parte hartu du. Final handia uztail hasieran izango da, eta lehiakideak lehenago elkarrizketatzea ez da seinale ona izaten, esan nahi duelako haiek nahi baino lehenago kanporatuak izan direla, baina herritarrak hemeretzi ataletan zehar egin duena ez dute azkar ahaztuko programaren jarraitzaileek, ezta berak ere: Julian Iantzi aurkezleak ezizena eta guzti jarri zion: La guerrera de Lasarte (Lasarteko gerlaria). Dominikar Errepublikan ez du ikurrina altxatzerik izango baina saioaren zaleak konkistatu ditu.
Zu kanporatua izan eta hurrengo saioan iragarri dute azken fasea hasiko dela, unifikazioa. Triste zaude horraino iritsi ez izanagatik?
Unifikazioaren atarian geratu naiz, ala hor utzi naute? Uste dut bigarren faseko taldekideek [Cacatek] egin didatena ez dela normala, behin eta berriro duelura bidali, nik proba gainditu, baina hurrengoan ere berriz ni nominatzea, behin ere joan ez diren taldekide batzuk egonda, Beko eta Yanci esate baterako... Begiz jo ninduten; errazena ni bozkatzea zen. Haien erruz geratu naiz azken fasean lehiatzeko aukerarik gabe, eta ez diet bizi osoan barkatuko. Pasa egin ziren nirekin.
Erakusten ari zinena erakutsita ere, taldekideek ez zuten iritziz aldatu, eta errutina hau ohiko bilakatu zen: talde-jokoa galdu, asanblea egin, eta taldearen nominazioa, zuretzat. Azken hiru dueluak segidan burutu behar izan zenituen. Egoera gogorra, ezta? Bai fisikoki, bai mentalki.
Azkenean, joko bat da, eta duelura bidaltzen bazaituzte, bazoaz, ez duzu besterik, baina triste nago, ez nien ezer txarrik egin. Pixka bat damutzen naiz hirugarren bakarkako proba egin eta gero taldekideekin jarrera gogortu ez izanaz: 'Laugarren duelu batera bidaliko nauzue, benetan?', esan ez izanaz. Eneko [Van Horenbeke] kapitainari laguntza eskatzea ere, besteak konbentzitzen saiatzeko... Baina ni ez naiz eskean joatekoa. Kosta ala kosta bota nahi ninduten, ba egoera horri aurre egin nion.
"Pixka bat damutzen naiz Cacatekin jarrera gogortu ez izanaz, laugarren duelura bidali baino lehen"
Unifikaziora iritsiz gero, zure egoera desberdina izan zitekeela uste duzu? Talde-dinamika hori desagertu egingo da azken fasean, aliantza berriak egiteko aukera irekiko da...
Urruti iristeko aukerekin ikusten nintzen azken fasean, iruditzen zait gaitasuna daukadala jendearekin harremantzeko, lagunak egiteko, abenturako lehen proban jada erakutsi nuen ongi moldatu nintekeela, nire taldeko lehena izan nintzelako azken txanpara iristen... Cuyaya taldekoek, agian, kontuan izango zuten Cacatek egin zidatena, nork daki. Horraino iritsi ez izanaren penaz geratu naiz. Gainera, atarian geratu garenak Herrantxi [Julen Herran] eta biok izan gara. Dominikar Errepublikan egin dudan lagun onena izan da Herrantxi.
Final handia uztail hasieran izango da. Nork irabaztea nahi duzu?
Nire taldekide Aitorrek irabaztea gustatuko litzaidake, bera da nire faboritoa. Ederra litzateke egoera hau: finalaren egunean, biok txapela jantzita, gainontzeko Cacaten aurrean. Berea, ikurrina altxatu izanagatik, eta nirea, zaleen lehiakide gogokoena izateagatik.
Sari horren bila zoaz, beraz; ikus-entzuleen gogokoena izatera.
Horren bila noa buru-belarri. Gehiegi pentsatzen dut sari horretan, badakit, baina... Zenbaiti izorratu egingo lieke lehiakide gogoena ni izateak, eta gainera, iruditzen zait badela modu bat erakusteko ikus-entzuleek zein jokabideri ematen dioten balioa.
Irabazi dezakedala uste dut. Nire alde bozkatu nahi dutenei oharra egin nahi diet: egunero bozkatu behar dute. Helbidea hau da: https://www.eitb.eus/es/television/programas/el-conquistador/favorito/.
Zein izan da zure jokabidea El Conquistador del Caribe saioan?
Etxekoek esaten zidaten saiatzeko gehiegi ez nabarmentzen, isilik egoten, baina nik oso argi nuen ez nuela paperik antzeztuko han, nintzen bezalakoa izango nintzela, %100 naturala; horrela ez jokatzeko, etxean geratuko nintzen. Zentzu horretan, ez dut ulertu Iker Salinasen jarrera, adibidez: 'Nik ez dizkiet telebista-minutuak emango'. Ikusleek ongi pasa nahi dute zurekin, ezagutu nahi zaituzte benetan nolakoa zaren...
Argi dago mugak ere jarri behar izan ditudala, bizitzan hori egin behar izaten dugu; azkar sutzen naiz eta lotsagabea ere banaiz, gauza asko ezin ditut niretzako gorde eta esan egin behar ditut, baina, egia da ez naizela asko moztu, kamerak gu grabatzera etortzen zirenean batez ere; Cacaten taldean nengoenean, barruan neramana askatzen nuen, taldean ez baineukan lagun minik, nolabait esatearren. Langile taldea harritu egiten zen, bizitzen ari nintzena bizituta ere, bromak egiten nizkielako.
"Argi nuen programan ez nuela paperik antzeztuko; ni izatera joan nintzen, %100 natural"
Cacaten taldeko kide guztiekin eraman zara horren gaizki?
Taldeko mutilekin ongi moldatu nintzen elkarbizitzan; nahiz eta gero dueluetara joateko nominatu, ulertzen nuen. Baina neskekin, Andrearekin, Joanarekin eta Txintirekin.... Nahiz eta kanpalekuan elkarren ondoan egon, ez genuen elkarrekin hitz egiten, eta bederatzi egunez egon nintzen haiekin. Dueluak gainditu eta gero egiten zizkidaten ongi etorriak ere... Programan, hemendik aurrera egiten dutena ikusteko irrikitan nago, horren onak eta indartsuak badira, erakutsi dezatela. Hiru horiei [Andreari, Joanari eta Txintiri] mania hartu diet, onartzen dut. Ahulena nintzela esaten zuten, eta fisikoari erreparatuta, hala eman nezakeen agian, baina...
Fisikoa garrantzitsua da, baina konkistadore izateko ezaugarri gehiago ere behar dira, ezta? Zer da benetan indartsua izatea?
Fisikoa garrantzitsua da, argi dago, baina buruz gogorra izan behar duzu. Horri lotuta, Andreak, adibidez, oso indartsua dirudi, baina mentalki ahula da, benetan erakutsi behar izan duenean, ez du maila eman. Faktore gehiago sartzen dira jokoan. Proba eta dueluetan fisikoa soilik izango balute kontuan, ez nintzen aurkeztu ere egingo; hori baino gehiago da Conquis.
Hemeretzigarren atalean joan behar izan duzu Dominikar Errepublikatik. Ordura arte egindakoa, bigarren fasekoa batez ere, oihartzuna izaten ari da. Zenbaterainokoa? Nola daramazu hori guztia?
Oso mediatikoa da El Conquistador del Caribe. Kontuz ibili behar duzu horrekin, egiten duzunak izan dezakeen oihartzunarekin. Programan zehar, momentu batzuetan, sutan nengoenean, kontziente nintzen gero ikusi egingo zela, eta lasaitzen saiatzen nintzen. Egia da, baita ere, 30 urterekin joan naizela saiora, helduago. 20 izan banitu, ai ama: Juliani sekulakoak esango nizkion, janaria lapurtzen saiatuko nintzen... Ederrak egingo nituen, ziur asko. Dena den, eztanda hau ez nuen espero, ikaragarria izaten ari da: telefono mugikorra sutan daukat, aurrekoan Azpeitiara joan nintzen eta kaletik ezin nuen ibili ere egin...
"Eztanda hau ez nuen espero, ikaragarria izaten ari da: telefono mugikorra sutan daukat"
Programan aurrera egiten saiatzeko, denak balio du?
Estrategia, estrategia da, baina, kosta ala kosta aurrera egite hori? Begira haiek nola geratzen ari diren ikus-entzuleen aurrean, gertukoen aurrean... Ez naiz finaleraino iritsiko, baina nire ibilbidearekin geratzen naiz, hori oso argi dut. Egia da biktimaren papera bizitzea tokatu zaidala bigarren fase horretan. Talde horretan, bi beharrean [Aitor eta Leire], Corocote gehiago izan bagina, bost edo sei, gaiztoaren rol hori nik izango nukeen orain agian. Ez nintzateke iritsiko niri egin didaten hori egitera beste norbaiti, baina saiatuko nintzen urdin izandako horiek salbatzen, horretarako estrategiak egiten.
Corocoteen taldea aipatu duzu. Zer moduzkoa izan zen lehen fasea?
Esango nuke talde-jokoak txukun egin genituela, maila ona erakutsi genuela; friki itxura ez genuen eman, batek baino gehiagok hori irudikatu zezakeen arren. Corocotea izango naiz betirako, urdina. Kolore hori ez zitzaidan gustatzen lehen; orain... Dena urdin kolorekoa erosten dut!
Beste modu batera, baina ederki sufritu zenuen lehen fasean ere.
Joko gutxi irabazi genituenez, kanpaleku pobrera edo oso pobrera joan ginen askotan; ez genuen behar bezala jaten; zomorroek etengabe ziztatzen gintuztenez, ezin genuen arropa kendu, baina beroa egiten zuen eta izerditan geunden; eta euria ere egiten zuen. Horrek guztiak estutu egin zuen Corocoteen arteko harremana, gauero egiten nuen lo norbaiti helduta, istorioak kontatzen genituen... Horrek ematen zidan jaten. Cacatekin, ordea, horrelako ezer ez. Txanponaren bi aldeak bizitu ditut abenturan: taldeko liderretako bat izatetik, behin eta berriro nominatua izatera. Hirugarren aldea bizitzea falta izan zait, unifikazioarena.
Bi fase, eta bi kapitain: Seleta aurrena, eta Eneko, gero. Zer moduz moldatu zara haiekin?
Seleta hil arte jarraitzen genuen; Corocoteak bezalakoa zen, ero puntu horrekin, baina den-dena ematen zuen. Enekok, Cacaten parte izateko aukeratu ninduenean, pozik nengoen; gero, damutu egin naiz; harroputza iruditu zait.
Datorren urtean berriz lehiatzera joanda, agian, bizitu ahalko zenuke azken fase hori... Proposatuko balizute, animatuko zinateke?
Lehiakide moduan, ez, ezta pentsatu ere. Aurtengo edizioan egin dudana ez dut gaindituko, oso harro nago egin dudanarekin, ez zait arantzarik sartuta geratu. Parte hartzera, esan bezala, ez nintzateke joango, baina kapitain lanak egitera, bai; nire burua ikusiko nuke. Iruditzen zait badakidala antzematen nor doan benetan urruti iristen saiatzera, nor doan protagonismo bila...
Programa ikusten ari zara?
Bai, ikusten ari naiz. Maiatzaren 24ko kapitulua, adibidez, arraroa egin zitzaidan, hemeretzi atal eta gero, ni dagoeneko ez nengoelako. Astelehenero, urduri jartzen nintzen: 'Ea zer esaten dudan gaur...', pentsatzen nuen, bizitako guztiaz ez bainaiz gogoratzen. Programa amaitzeko gogoa daukat hein batean, iritsi dadila finala.
Zu kanporatua izan eta hurrengo talde-jokoa irabazi zuten Cacatek, hiru jarraian galdu eta gero. Etxera joandako taldekideei dedikatu zieten garaipena, Joanak batez ere. Nola hartu zenuen?
Telebistaren aurrean nengoen, eta sutan jarri nintzen: 'Orain, hau? Eta zuekin egon naizenean?'. Haien irudia garbitzen saiatzeko egiten dituzte horrelakoak, audientziaren aurrean ongi geratzen saiatzeko, badakitelako nola jokatu zuten nirekin han. Egurra jasotzen ari dira orain.
Lehiakideak, kanporatuak izan ostean, debatera joaten dira. Nire lehen aldia ongi joan zela esango nuke, bizitzea tokatu zitzaidanagatik. Ea Andrea, Joana, Txinti...doazenean zer gertatzen den. Saioaren ostean, Cacata izandako zenbait taldekidek WhatsApp mezuak bidali zizkidaten: 'Pasa egin zara', esan zidaten. Politikoki zuzena izan nintekeen, eta audientzia engainatu, baina ez; beraiek ez ziren nirekin horrela portatu han, ba ni orain ere ez. Zer egingo diet, haiei mesede, eta isilik geratu, edo haien irudia garbitzen saiatu? Esandakoak esanda ere, pozoi gehiago bota nezakeen oraindik, baina grabazioetan ikusi ez dena ez dut zabaldu.
"Pozoi gehiago bota nezakeen oraindik, baina grabazioetan ikusi ez dena ez dut zabaldu"
Ikus-entzule ugari zure alde daude, eta keinu ugari jaso dituzu.
Abentura hasi aurretik, beldurra neukan, egin dudanaren ordez, bigarren egunean joan nintekeelako etxera, edo maila txarra erakutsi, edo taldekideren batekin harreman txarra izan eta beste irudi bat eman zaleen aurrean, baina, positiboki ikusi naute, eta horrekin oso pozik nago. Debatean, adibidez, Parisko zale batek bidalitako eskutitza erakutsi zidaten, izugarria izan zen. Horrekin, irabazle sentitzen naiz. Esan bezala, horretan asko lagundu du bizitzea tokatu zaidanak; alderantziz izan balitz, jakin nahiko nuke zer nolako babesa jasoko ote nuen.
Herrian nabaritu duzu aldaketarik?
Eztanda ez da horren handia izan Lasarte-Orian, baina esango nuke aukera izan dutela ni zertxobait gehiago ezagutzeko, eta jasotzen ari naizena positiboa izaten ari da. Pozik nago.
Gertukoek nola bizitu dute zure abentura? Zer esan dizute?
Etxekoak oso pozik daude: ama, familia... Arteagatarrak diren aldekoek esan didate listoia oso altu jarri dudala.
Zuk egindakoaren zati bat, hauxe: lau duelu egin, eta hiru gainditu. Zein izan da gogorrena?
Kupelena, egin nuen aurrenekoa, zalantzarik gabe. Bi ordu eta erdiz lehiatu ginen Maialen, Andrea eta hirurok. Andreari irabazteak sekulako indarra eman zidan hurrengo asteetarako, egia esan. Enborrari kolpeak ematearena eta sokena azkarrago egin genituen, 30-40 minutu.
Dueluak hain-hain ondo ere ez ditut egin, hori egia da, ez naiz besteen gainetik nabarmendu, haien antzera aritu naiz, baina hiru gainditu ditut, eta horietatik bi, irabazi. Metro eta erdi pasatxo neurtzen dut, 50 kilo pisatu... Indartsua nor den eta nor ez, oso erlatiboa da, probaren arabera. Argi nuen hobeto molda nintekeela dueluetan, talde-jokoetan baino.
Erakutsi duzuna ikusita, prestatuta joango zinen abenturara.
Ba, egia esan, ez. Uztailean egin nuen kastina eta abuztu amaieran deitu ninduten. Irailean oporrak nituen, eta bi astez joan nintzen kanpora... Sokak, adibidez, probatu nituen, Lasarte-Oriako 74 urteko gizon batekin, Donostiako Belodromoan. Ongi ibiliko nintzela esan zidan. Hala ere, jakin nuenean beste herrikide bat zihoala hara, Arruti, uste nuen ni baino hobe ibiliko zela: 22 urteko mutila, kirolaria, baina isila izateko estrategia eraman zuen, eta ikusi nola atera zitzaion... [Lehen kaleratua izan zen, taldekideen erabakiz; antolakuntzak ez zion duelua egiteko aukerarik eman].
Elikadurari dagokionez, egia da hilabete eta erdi inguru pasa nuela gozokiek-eta duten azukrea jan gabe. Gainontzean, asko jan nuen, baina osasuntsu: orain baino lau kilo gehiagorekin ekin nion abenturari. Gero, ordea, berehala geratu nintzen hezur eta azal; hemeretzi egunetan hiru aldiz jan nituen jaki beroak plater batean, kanpaleku aberatsean.
Zergatik animatu zinen programan parte hartzera?
Betidanik jarraitu izan dut, baina ez nuen nire burua han ikusten: 'Gogorregia da, fisikoki oso ongi prestatu behar dut...'. Hala ere, duela bi urteko kastinera aurkeztu nintzen, baina ez nintzen ni neu izan: lotsatuta nengoen. Errepikatu egin nuen iaz, oso prestatuta ez nengoen arren, baina kastinetik atera eta nire buruari esan nion: 'Barruan nago'. Hori sentitu nuen. Uztaila zen, eta arratsalde horretan Zurriola hondartzara joan nintzen. Buruari bueltaka hasi nintzen: 'Baina zer egin dut? Non sartu naiz?'. Abuztuan deitu ninduten; izugarri motibatu nintzen.
Horren gogorra al da esperientzia?
Bai. Benetan, oso gogorra da. Probatu zure etxean, eta esango didazu. Iruditzen zait tranparik gabe erakusten dutela guk bizitu duguna. Bizitzarako, lezio ugari irakatsi dizkit abenturak.