Dituen urteen ia erdiak pasa ditu Mikel Arrutik (Lasarte-Oria, 1999) El conquistador del Caribe saioan parte hartzeko amesten. Hogei urte ditu, eta, horietatik, azken hamarretan ETB2ko saioaren jarraitzaile sutsua izan da. Abenturazalea eta lehiakorra dela azaldu dio txintxarri aldizkariari, eta ezaugarri horiek baliatuta, aurtengo aukeraketa probara aurkeztu eta Dominikar Errepublikan lehian aritzeko pasea ere lortu du.
Esperientzia horrek, ordea, inoiz imajina zezakeena baino denbora gutxiago iraun du: bi egun. Lehenengo taldeko norgehiagoka galdu eta taldekide bat kaleratzeko agindua jaso zuen Arrutiren talde gorriak; Yocahuek. Horrela, izendapenetan bozka gehien jaso eta etxerako bidea hartu behar izan du. Burumakur eta haserre agurtu da, baina, orain, senide eta lagunengandik gertu, baretu zaizkio sentimendu horiek eta lasaiago aurkitzen da. Bizitako esperientziaren berri eman dio aldizkariari.
Nolatan animatu zara aurtengo edizioan parte hartzera?
Hamar urte daramatzat programa ikusten. Hasieratik erakarri ninduen eta identifikatua sentitu nintzen. Kirola oso gustuko dut txikitatik eta abenturazalea ere banaiz; gustatzen zaizkit horrelako esperientziak. Oso lehiakorra izan naiz txikitatik; oso erraz pikatzen naiz egunerokotasunean, hortaz, zer esanik ez lehiatzen ari naizenean.
Aspaldi agertu nuen etxean programan parte hartzeko gogoa, baina etxekoek esperantza zuten gogo hori desagertuko zitzaidala urteek aurrera egin ahala, baina ez da horrela gertatu.
Nola hartu dute gertukoek programan parte hartzera joatearen erabakia?
Etxekoek, batez ere amak, izugarrizko beldurra zuen; ez zion ilusio handirik egin. Egia da, nire ametsa zenez, alde horretatik pozik agertu direla, onartu dute, baina beldurrez. Kuadrilakoek, neska-lagunak eta ingurukoek babes handia eman didate; bazekiten ilusio handia egiten zidala saioan parte hartzeak.
Ezinbesteko ezaugarria da lehiakortasuna Conquis bezalako saio batean parte hartzeko?
Nire ustez, irabaztera baldin bazoaz behintzat, ezinbestekoa da lehiakorra izatea eta norbere buruarekin burugogorra izatea.
Saioan parte hartzeko prestaketarik egin duzu?
Betidanik egin dut kirola. Futbolean jokatu dut eta gimnasioan ere aritzen naiz. Aurtengo edizioan parte hartzeko aukeratua izan nintzela jakin nuenean, eskalada saioak egiten hasi nintzen. Aukeraketa castingaren aurretik ere, Usurbilera joaten nintzen han daukagun lur eremu bateko animaliak zaintzera, eta, bertan, soka batzuk jarri genituen horiekin ere trebatu nedin.
Udan, Zintzilik izeneko enpresa batekin ere aritu naiz. El conquistador del Caribe saioan gainditu behar diren proba asko entrenatzeko aukera dago bertan eta han ere aritu nintzen. Elikadura aldetik ere egin dut jarraipen bat.
Nola antolatu duzu zure egunerokoa denbora batez munduaren beste puntara joateko? Ez da erraza izango egunerokoa izoztea, ezta?
Hasieran aurre-aukeraketa batean zaudela esaten dizute, baina lehiakide izango zarela joan baino aste gutxi lehenago baieztatzen dute. Hortaz, oso denbora gutxian utzi behar da guztia behar bezala lotuta, antolatuta.
Nire kasuan, ikasten ari naizenez, irakasleekin hitz egin nuen, eta ez dut inolako arazorik eduki, oso eskuzabalak izan dira unibertsitatean nirekin.
Dominikar Errepublikara iritsi, eta bi egunetara etxera buelta. Ezusteko ederra.
Hori da, bai. Gau bakarra egin nuen Dominikar Errepublikan. Oso momentu gogorra izan zen niretzat. Lehenengo taldeen arteko lehiaketa galdu eta gure taldekide bat etxera bidali behar genuela esanaz etorri zen Julian Iantzi – saioko aurkezlea–.
Hori gertatu aurretik, taldean pentsatzen ari ginen asanblada bat egingo genuela norbait duelora bidaltzeko, lehiatzeko. Orduan, Julian agertu zen; gure taldeko kide bat etxera, lehiatu gabe joango zela esatera etorri zen. Harriduraz jaso genuen erabaki hori, ezin genuen barneratu. Dena oso azkar gertatu zen gainera. Erabaki horren berri eman eta berehala hasi ginen taldekideak nominatzen. Oso momentu zaila izan zen denontzat; niretzat boto gehien jasotzearen ondorioz etxera nindoalako, baina taldekideentzat ere bai.
Momentu horretan gertatzen ari zena ezin sinetsi ikusi zintugun.
Bai, ezin nuen barneratu gertatu zena. Errealitate kolpe bat jaso nuen, sinesgaitza zitzaidan etxera nindoala ezer egiteko aukerarik izan gabe.
Haserre hartu zenuen etxerako bidea.
Bai, oso haserre. Programarekin oso haserre amaitu nuen. Iruditzen zait El Conquistador del Caribe bezalako programa lehiakide batek irabazten duela, merezita, eta nik, kasu honetan ez dut izan nire kabuz parte hartzeko aukerarik. Oraingoan ni izan naiz kaleratua, baina beste edonor izanda ere iruditzen zait telebista saioak, saio berezi bat izatearen esentzia galdu egin duela ekintza horrekin.
Lehiakide izateko sakrifizio asko egin behar dira, eta hori guztia zaindu ostean, hara iritsi eta bi egunetara, ezertarako aukerarik eduki gabe etxera itzultzea... Irabazteko prestatu nintzen, hori zen nire helburua.
Beste gauza bat litzateke duelora joan eta hori galduta etxera itzuli behar izan banu. Hori da programa, nik badakit nora noan eta badakit duelora joateko aukerak daudela, eta, noski, horiek galtzeko aukerak ere bai. Baina nire ibilbidea amaitu den bezala amaitzea...
Lehenengo talde proba galtzearen ondorioa izan da zure kaleratzea. Ez zen batere ondo joan zuen taldearentzat.
Oso talde ahaltsua daukagu, baina proba honetan talde osoaren pisu totalak kalte egin digu. Hamabi lehiakide eta kameraren artean 1.000 kilo baino gehiago batzen genituen, hori pisu asko da. Onartzen dugu, noski, gauza asko egin genituela gaizki, baina oztopo oso handia izan zen hori. Txalupan igo bezain pronto ura sartzeko zorian geunden, beste txalupekin konparatuta alde handia zegoen.
Taldearentzat ere, nominazioaren unea zaila izango zen, ezta?
Bai, oso zaila. Guztioi asko kostatu zitzaigun nominatuaren izena esatea; batez ere lehenengoari. Azken finean, lehenengoak izena esanda, horrek ere balantza mugiarazten du alde batera edo bestera.
Konpromiso handiko unea izan zen, aurpegira esan behar izan genituen nominatuen izenak, eta hori hala izateak are gehiago zailtzen du egoera. Izugarrizko tentsioa antzematen zen. Oso une gogorrak bai niretzako, kaleratua izan nintzelako, baina baita gainerako taldekideentzako ere.
Zu nominatzearen arrazoien artean, isila eta zure kasara ibili zarela argudiatu duten taldekidek. Zure estrategiaren parte izan da jokaera hori?
Bai. Nik Conquis programa duela urte askotatik jarraitzen dut eta oso argi neukan urrutira iristeko estrategia onena zela hasieran atentzio askorik ez deitzea. Atentzio gehiegirik deitu gabe partaideekin ondo eramatea zen nire helburua.
Eduki zenuen aukerarik taldekideekin gertatu zenaz hitz egiteko?
Etxerako bidea hartu baino lehen egon ginen, bai, baina momentu horretan ez zegoen gauza gehiegirik elkarri esateko. Lasai egoteko eskatu nien, nire atsekabea programarekiko zen, ez taldekideekiko; eurek jarri gintuzten testuinguru horretan.
Sendo eutsi zenion amorru guzti horri kaleratzearen unean.
Bai eta harro nago izan nuen jarrerarekin. Egoera eusteko ahalmen handia eduki nuen momentu hartan, eta uste dut oraindik kaleratzea barneratu gabe edukitzearen ondorio izan zela jarrera hori, ezin nuen beste modu batera erreakzionatu.
Nola sentitu zenituen Julian Iantzi aurkezlearen orduko hitz haiek? Asko kritikatu dituzte.
Programa jarraitzen dugunok badakigu Julian nolakoa den. Egurra eman zidan kaleratzearen momentu hartan, baina, uste dut nire burua psikologikoki indartsua dela eta banekien Julianek egoera hartan zirikatu egingo ninduela. Ez nuen joko horretan sartu nahi izan. Banekien nora nindoan; telebista saioaren parte da aurkezlearen jarrera zirikatzaile hori.
Esan behar dut, iragan asteko lehenengo telebistako eztabaida saioan Julianek esan zidala kaleratzearen unean berak esandako ezerk minik eman izan balit, barkamena eskatzen zidala.
Sare Sozial batean ikusi nuen Julianen iruzkin batek min gehiago eman zidan. Jartzen zuen nik ez nuela ezer egin saioan geratzeko. Horren inguruan ere hitz egin dut berarekin, eta argi utzi nion, nik ez dudala ezer egin kaleratua izateko.
Orain, etxera itzulita, nola zaude? Lasaitu da haserrealdia?
Bai, askoz lasaiago nago. Han sekulako disgustua hartu nuen, baina hona itzulita baretu dira sentimendu horiek. Trago txarra han irentsi nuen, hemen albiste guztiak onak izan dira, baina aitortu behar dut, telebistako lehen emanaldia ikusi eta telebista eztabaidaren lehen saioan parte hartzeak mugimendu asko eragin dizkidala. Ez dira aste errazak izan niretzat, gertatutako guztia gogora ekarri eta zail xamarra egin zait orduko bizipenak gogora ekartzea. Gogoa nuen lehen egun hauek pasatzeko.
Sekulako babes olatua zabaldu zen sare sozialetan zure kaleratzea eta berehala.
Bai, jaso dudan babesa izugarria izan da. Euskal Herriko jende pila baten mezuak jaso ditut, batzuk ezagunenak eta beste batzuk ezezagunenak eta Euskal Herritik kanpokoenak ere bai. Adibidez, Mikel San Jose Athleticeko jokalariak idatzi dit, eta David Seco Conquiseko ikurretako batek ere bai. Jende askok babestu nau. Nik, adibidez, Twitter kontua oso gutxi erabiltzen dut, baina ingurukoek abisatu zidaten sekulako olatua sortu zela, Trending Topic ere bilakatu zela gaia. Une horretan bazterrak ederki nahastu nituela baino ez nuen pentsatu!
Eta gertatutakoa gertatuta, datorren urtean bueltatzeko aukera eskaini dizute orain.
Patxi Alonsoren keinua asko eskertu dut. Datorren urtean bueltatzeko aukera ez dakit kaleratzeak sortu duen olatuaren ondorioz hartu duten hala ez, ez dut hori baloratuko, baina, momentuz, zalantzak dauzkat. Ez nuen momentu horretan erabakirik hartu nahi, hain zuen ere, oso aste arraroak izaten ari direlako niretzat eta ez dut beroan erabakirik hartu nahi. Eskertzen dut eman nahi didaten lehenengo aukera, baina pentsatu egin behar dut.
Audientziaren %95ak datorren urtean Conquisen ikusi nahi zaitu.
Bai. Hor, gainera, esan didatenagatik, hasierako galdetegian nire kaleratzea justua izan zen edo ez galdetu zuten, eta ehuneko handi batek ezetz erantzun zuen. Gerora, ordea, galdetegia aldatu eta galdetu zuten ea nahi zuten ni datorren urteko saioan aritzea. Baina badirudi jendeak ez zuela behar bezala irakurri eta ezezko bozka batzuk, baiezko beharko luketela. Noski egongo dela jendea nahi ez duena ni datorren urtean El Conquistador del Caribe saioko lehiakide izatea, baina babes handia jaso dut hor ere.
Agertu dira hiru kapitainak eta Manu Maritxalar da zure taldearen gidaria.
Aurtengo hiru kapitainak nortzuk izango ziren jakin gabe, aireportura eraman ninduten egunean, hara iritsi aurretik ondorioztatu nuen talde gorriaren kapitaina Manu Maritxalar izango zela. Castingean esan genuen denok Manu ez genuela gure kapitaina izaterik nahi, eta Bilbora iritsi aurretik argi neukan bera izango zela. Horrez gain, aireportura iritsi eta ikusi nuenean talde gorrian Patxi ere lehiatuko zela, eta jakinda iazko programan Manurekin izan zituen arazoak, ziur nengoen. Ez zegoen beste aukerarik.
Manu pertsonalki ezagutzen ez dudan arren, jatorra iruditzen zait, nahiko bizkorra badela uste dut, baina kapitain gisa azkena aukeratuko nuke, probetan kalte egin diezaiokeelako taldeari. Yocahueen ahalmena ikusita, argi dago kapitain ahulago bat jarri behar zietela probak irabaztea ekiditeko.
Nolako taldea da gorria? Nolako lehiaketa egingo dutela aurreikusten duzu?
Lehengo urtean, adibidez, talde ahaltsua egon zen, baina nire ustez, bazeuden baita ere zertxobait ahulagoak zirenak. Aurtengo talde gorria, ordea, oso konpletoa ikusten dut, ez bat beste bat baino ahulagoa izan daitekeenik ikusten. Orokorrean, nik Conquisen ikusi dudan ahaltsuenetakoa.
Esan behar da baita ere taldekide guztiak oso lehiakorrak garela, eta horrek ere ekar ditzakeela arazoak, batez ere probetan. Ni lehiaketan egon naizen bitartean giro ona sumatu dut, baina probetarako kapitain edo lider on bat behar dela uste dut.
Eta beste bi taldeak?
Nesken taldea ere oso talde ahaltsua da, berriz ere orain arte ikusi ditudanetatik ahaltsuena. Dueloetan talde horretako lehiakideren bat irabaztea oso zaila izango da. Ikusi beharko da nola doan lehiaketa; guk lehenengo probarako pisuarekin arazoak izan ditugun bezala, agian, beste proba batzuetan eurek ere izan ditzakete zailtasunak.
Talde urdina, aldiz, azken urteetako joerari eutsiz, aurten ere multzo xelebreagoa osatu dute, baina, aurreko edizioetako talde urdin xelebreekin alderatuta, iruditzen zait potentziala badagoela eta kapitain on batekin lehiaketa ona egin dezaketela. Fisikoki oso ondo prestatuta daude asko, eta urrutira iristeko oso prest ere bai.
Baduzu faboritorik?
Bilboko aireportura iritsi nintzenean nire taldekide Beko ikusi nuen mehatxu edo aurkari handiena. Suhiltzailea da eta adin-tarte onenean dago. Iker Salinasekin erlazio oso ona izan nuen programan egon nintzen ordu horietan, eta buru oso ona daukan pertsona bat dela uste dut. Fisikoki eta psikologikoki oso prestatuta dagoela uste dut, hautagai gogor bat da, eta zorterik onena opa diot.
Eskerrak emanaz amaitu du Arrutik TXINTXARRI-ren elkarrizketa. Etxekoak, neska-laguna, kuadrillakoak, eta abar izan ditu gogooan: "Eskerrak eman nahi dizkiet nire ametsa egia bihurtzeko babesa eman didaten guztiei, eta baita ni kaleratu ostean babes mezuak bidali dizkidan orori ere bai".