La guerrera de Lasarte (Lasarte-Oriako gerlaria). Ezizen hori jarri zion El Conquistador del Caribe telesaileko aurkezle Julian Iantzik Leire Mayoz lasarteoriatarrari, azken horri etxerako bidea hartu baino lehenago egindako elkarrizketan. Deitura hori gustukoa zuela aitortu zuen herritarrak, irribarretsu. Izengoiti horri ohore egin dionik ezin uka, Mayozen ibilbidea nabarmentzeko modukoa izan baita. Hemeretzigarren programan amaitu da bere parte-hartzea. Hori baino lehen, hiru duelu gainditu ditu, eta teorian oso indartsuak ziren zenbait lehiakide etxera bidali.
Mayoz eta kolore urdina eskutik helduta joan dira abenturaren hasieratik. Corocoteen taldean aritu zen aurrena, eta immunitate-jokoak ez irabaztearen miseriak hasiera-hasieratik pairatu zituen, apenas zapaldu baitzuen kanpaleku aberatsa, duelua egitera ez joatearen eta sabela betetzearen lasaitasuna ematen duen hori.
Cacaten jazarpena
Abenturaren lehen zatiko hiru talde horiek bi bilakatu ziren: Cacatak eta Cuyayak. Aurrenekoko kide izatera pasa zen Mayoz, beste hamar pertsonarekin batera. Horietatik, bakarrarekin aritu zen Corocoteen taldean, Aitorrekin. Atabey (kolore berdea) eta Yocahu (gorria) taldeetan aritakoak gehiengoa ziren, eta Corocote izandakoak (Mayoz tartean) nominatzen hasi ziren immunitate-jokoak galdu eta berehala.
Lehenengo dueluan Andrea eta Maialen taldekideak gainditu zituen, eta etxera joan zen azken hori. Bigarrenean, Aitor eta David. Hirugarrenean, Txintik irabazi zuen, baina lasarteoriatarra bigarren geratu zenez, abenturan jarraitu zuen, eta Ikerrek esan zion agur Dominikar Errepublikari. Azken bi horiek segidan egin zituen Mayozek (eta bi immunitate-joko ere bai), eta Cacatek bera nominatzen jarraitu dutenez (hiru duelu gainditu baditu ere), laugarrenari aurre egin behar izan dio, Joana eta Aitorren aurka. Mentalki eta fisikoki akituta, ezin izan du proba amaitu.
Pare bat egun, "osatzeko"
Kanpaleku txirora joanez gero, taldeak ez du behar bezala jateko eta atseden hartzeko aukerarik; apurka-apurka, erasan egiten ditu horrek lehiakideak. Cacatek egunak daramatzate immunitate-jokoak galtzen eta Cuyayak kanpaleku aberatsera nola joaten diren ikusten. Proba kolektiboa galtzen dutenek asanblea egiten dute Julian Iantzi aurkezlearekin: duelura joango den pertsonetako bat nor izango den erabakitzen dute, nominazioen bitartez. Azken bilkurak infernua izan dira Mayozentzat, bera bidali baitute duelura behin eta berriro; azken hiruak segidan egin behar izan ditu.
"Pare bat egun behar nituen, aurreko eguneko dueluko zauriak sendatzeko, ongi jateko eta atseden hartzeko", azpimarratu zuen Mayozek atzo, kanporatua izan ostean. Ez du horretarako aukerarik izan, ordea, eta fisikoki eta mentalki lur jota aurre egin dio laugarren duelu horri. Hobeto aritu dira Aitor eta Joana; haiek izan dira abenturan jarraitzeko txartelak poltsikoratu dituztenak. Lasarteoriatarrak nahi baino lehenago joan behar izan du Dominikar Errepublikatik, baina egindakoaz "oso harro".
Cacaten taldeko kideen jazarpena gogor kritikatu dute ikus-entzuleek sare sozialetan. Horrekin eta Leirek dueluetan erakutsitako mailarekin, programaren zaleen kuttunetako bat bilakatu da. Atzoko programaren ostean, babes-mezu ugari jaso zituen sare sozialen bidez.