'Somoto auzia' berrirekitzea erabaki du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 13a, 13:35
Ana Urchueguia, 2010ean eskaini zuen prentsaurreko batean.

Naiz atari digitalak zabaldu duenez, Somoton (Nicaragua) diru publikoaren ustezko prebarikazio eta bidegabeko erabilpena dela-eta, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak erabaki du Lasarte-Oriako alkate ohiaren aurkako ikerketa berrirekitzea. Maiatzaren 10ean eman du agindua organo horrek.

Lasarte-Oriako alkate ohi Ana Urchuegiak –1986tik 2010era jardun zuen, PSE-EE alderdiko ordezkari gisa– epailearen aurrean eseri beharko du berriro ere. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak erabaki du Somoto auzia izenez ezagutzen den hori berrirekitzea:  Urchueguia kargu horretan zegoenean, diru publikoa bidali zuen Nicaraguako hiri horretara. Funtsa horiek kudeatzerakoan prebarikazioa eta bidegabeko erabilpena egin zituela egotzita, auzitara bidali zuen Lasarte-Oriako Udalak 2014. urtean, eta haren aurkako kereila aurkeztu zuen; EH Bilduren esku zegoen alkatetza orduan.

Afera horrek bide luzea egin du epaitegietan, auzia ikertzeaz arduratzen zen epaileak honako erabaki hau hartu zuen arte, 2020ko otsailaren 4an: behin-behinean artxibatzea, "informazio faltagatik". Besteak beste, nabarmendu zuen  Somotoko justiziak ez zuela laguntzarik eman kasu hori argitze aldera. Erabaki hori udaletxera iritsi eta egun gutxitara, ezohiko udalbatzarra egin zuten korporazioko kideek, eta erabaki horri helegitea aurkeztea adostu zuten. EAJ-PNVk, EH Bilduk eta Elkarrekin Lasarte-Oria Puedek alde bozkatu zuten; PSE-EE, berriz, abstenitu egin zen. Bien bitartean, EH Bilduk iragarri zuen akusazio partikular modura beste helegite bat aurkeztuko zuela, 2011tik 2015era alkate izandako Pablo Barrioren izenean.

Auzia berrirekitzearen arrazoiak 

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak kaleratu duen autoan esan du, besteak beste, Lasarte-Oria eta Somoto senidetze aldera sortutako bulegoak ez zeukala izaera juridikorik, baina hala ere diru publikoa bideratu zuela Nicaraguako hiri horretara. Horrez gain, dio bulego horretan lan egin zuten pertsonek baimena zutela funtsak ireki eta dirua sartzeko, eta hori ez zela behar bezala kontrolatu, Urchueguiak dekretu bidez kudeatzen zuelako.

Auzitegi horrek, hortaz, arrazoia eman dio Pablo Barriok iazko otsailean jarritako helegiteari, eta epailearen aurrean deklaratu beharko du Urchueguiak beste behin.