Lasarte-Oriako Udalak Ana Urchueguiaren aurkako epaiketaren epailearen autoari helegitea jarriko dio

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 14a, 13:50
Ana Urchueguiaren aurkako auziaren behin-behineko artxibatzea eta edukiontziei buruzko herri galdeketa izan dira gaur gai nagusiak.

Otsailaren 4an, Ana Urchueguiaren aurkako auzia behin-behinean artxibatzea erabakitzen duen epailearen autoa argitaratu zen. Astelehenean Udaletxera iritsi zen erabakia eta gaur goizean urgentziazko udalbatzarra izan da. Helegitea jartzea erabaki du Udalbatzarrak. Edukiontziei buruzko herri-galdeketaren baldintzak ere landu dira

Estitxu Alkorta EAJko kideak Ana Urchueguiaren aurkako auzia behin-behinean artxibatzea erabaki duela jakitera eman du. Alderdi jeltzaleko zinegotziak Udaletxera autoa iritsiz geroztik emandako pausoak azaldu eta urgentziazko udalbatzarraren zergatia argitara eman du, "autoari helegitea jartzeko epeak oso motzak dira". Auziarekin jarraitzeko erabakia eusko alderdi jeltzalearen esku soilik ez dagoenez, udalbatzarrera eraman dute gaia urgentziaz. Abokatuaren iritzia eskutan, batzarrak helegitea jartzeko baimena eman du, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Lasarte-Oria Puede alderdien aldeko bozkari esker. PSE-EE abstenitu da. 

Ustelkeria politikoa eta horren aurkako borroka EH Bilduren lehentasunetako bat dela adierazi du alderdiko bozeramaile Jon Martinek, "garrantzitsua da Lasarte-Oriako udaletxean iluntasunez kudeatutako urte hauetan gertaturikoa azaleratzea eta erantzukizunak argitzea". Horregatik, aurreko kereilen antzera, Ana Urchueguiaren jardunak sortzen dituen kezkak eta galderek erantzuna izan dezaten helegitearen alde egin du EH Bilduk.  

Udal talde sozialistak ere bere bozka azaldu du. PSE-EEren iritziz, epailearen autoak Ana Urchueguiaren aurkako prozesua bertan behera uzteko nahiko arrazoia eskaintzen ditu eta ez da frogatu Urchueguiak inongo deliturik egin zuenik. "Hasieratik defendatu dugu ez zela beharrezkoa, baina egia ezagutzetik edo justizia egitetik haratago dauden jokaerek, haren aurkako jazarpena etetea zailtzen dute," adierazi du Lourdes Acevedo bozeramaileak. Alderdi sozialistak bide judiziala inoiz oztopatu ez duela gogorarazi du eta horregatik, abstentziora jo dutela azaldu du, "guztiz argitu nahi dugulako". Kereilaren behin betiko erabakia argitaratzean beste alderdiek haien okerrak onartzeko gai izatea ere espero dute.

Edukiontzien herri-galdeketa

Lurpeko zaborrontziei buruzko herri-kontsultaren baldintzek ere sortu dute zer esan. PSE-EE eta ELOP alderdiek alde egin dute. EH Bilduk eta EAJk abstentzioara jo dute, kontsulta egitea beharrezkoa ez dela egotzita.

EAJren aburuz, zaborrontzien auzia erabaki politikoa izan behar da. Eurek erabaki beharko balute, zuzenean kenduko lituzketela jakitera eman dute. "Informe teknikoek gure ustez argi eta garbi uzten dute, itxi beharko liratekeela edo bestela ez litzatekeela egokiena lurazpiko edukiontziekin jarraitzea," adierazi du alderdi jeltzaleko bozeramaile Jon Antxordokik. Herri-galdetekaren alde ere agertu da, "baina informe teknikoak izanik, ez dugu uste gai honetan zentzurik handirik duenik".

EH Bilduko Uxue Loinazek ere hartu du hitza. Alderdi abertzalearen ustez, parte hartze prozesua ez da behar bezala landu, "hasieratik  ez da ongi bideratu". EAJrekin bat dator EH Bildu lurazpiko zaborrontzien erabakia teknikoa dela adieraziz, "txosten tekniko bat dago eta txosten horrek ez ditu ongi baloratzen lurazpiko zaborrontziak." Beraz, galdera antzua eta galdeketa azalekoa dela iruditzen zaie EH Bilduko kideei. Are gehiago galdeketa herritarrek zein sistema nahi duten erabaki beharko luketeela uste dute, arazoa birziklapen tasan baitago. Beraz, kontsulta "gutxienez %60ko birziklapen tasa izatea bermatuko duen sistema bat ezartzeko" izan beharko luke.

Lourdes Acevedo PSE-EEko bozeramaileak EAJ eta EH Bilduren jarrera kritikatu du. "Galdeketak noiz egin nahi diren birplanteatzen hasi naiz," adierazi zuen. Lurazpiko edukontzien arazo ekonomiko larria zela onartu eta San Markos Mankomunitateko edukiontziak irisgarritasun arazoak dituztela gogoratu zuen. Erabakia herritarrek hartu beharrekoa dela uste dutela defendatu du alderdi sozialistak eta galdeketaren emaitzei buruz ere mintzo da. "Era honetara, herritarrek nahi dutena egingo da". 

Onartutako herri-galdeketaren baldintzak irakurtzeko, klikatu hemen.

Alkatetzaren proposamenak

Gaurko udalbatzarrean beste hiru gai ere izan dira mahai gainean.

Iñigo Zabaleta zinegotziaren kargu hartzearen ostean, udal talde sozialistak bere osaeraren eta Informazio Batzordeen ordezkarien izendapenaren berri eman du.

Eta Alkatetzaren bi proposamen ere aztertu dira. Lehenean, udalbatzarren bilkura eguna aldatu da aho batez. Martxotik aurrera, ohiko udalbatzarrak hilabeteko bigarren ostegunetan izango dira, arratsaldeko 18:30etik aurrera.

Udal talde sozialistaren arduraldien moldaketa ere onartu da, PSE-EEren bozkekin. Gainontzeko alderdiak abstenitu egin dira. Hemendik aurrera, alderdi sozialistak alkatearen arduraldia, hiru arduraldi esklusibo eta bi partzial izango ditu.