EH Bildu: "Gure esku dagoen guztia egingo dugu Somotoko ustezko irregulartasunen afera argitu dadin"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 20a, 09:59

Lasarte-Oriako alkate ohi Ana Urchueguiaren aurkako kereila gaurkotasuneko gai bihurtu da berriro ere. Epaileak auto bat kaleratu du, esanez erabaki duela behin-behinean artxibatzea kasu hori, "informazio faltagatik". Udalbatzarrak helegitea aurkeztea onartu du; hori babestu du EH Bilduk, EAJ eta ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Puederekin batera. Beste helegite bat jarriko duela iragarri du koalizio abertzaleak, Pablo Barrio alkate ohiaren izenean, akusazio partikular modura. "Egia osoa nahi dugu".

"Kereila behin-behinean artxibatzeak ez du esan nahi epaileak zehaztu duenik Ana Urchueguiaren kudeaketa zuzena ala okerra izan zen". Lasarte-Oriako EH Bilduren adierazpenak dira, atzo arratsaldean eskainitako prentsaurrekokoak. Gaurkotasunezko gai bilakatu da berriro Somotoko ustezko irregulartasunen afera, epaileak erabaki duelako kasua artxibatzea, "informazio faltagatik". Koalizio abertzaleak azaldu du 2015-2019 legealdian hiru erreguzko mandatu bidali direla Nikaraguara, bertako dokumentazio guztia Euskal Herrira bidal zezaten, baina hiru aldietan ez dela inolako erantzun edo informaziorik jaso. 

Egoera horren aurrean, EH Bilduk adierazi du "egia osoa" nahi duela afera horri buruz: "Gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu Somotoko ustezko irregulartasunen auzia argitzeko". Epailearen erabakiari bi helegite aurkeztea babestu du: udalaren izenean bat, EAJ eta ELOP alderdiekin batera alde bozkatu baitu, eta Pablo Barrio alkate ohiaren izenean bestea, akusazio partikular gisa. "Ikerketa azkeneraino eraman behar da; larria da ustezko kudeaketa irregularrek argitu gabe jarraitzea, herritarron baliabide publikoak oker kudeatu ote diren jakin gabe segitzea horrenbeste denbora eta gero, informazio falta dela-eta".

Kereilaren jatorria

EH Bilduk azaldu duenez, 2011-2015 legealdian aurkeztu zuten kereila Ana Urchueguia alkate ohiaren aurka, Alkatetza koalizio abertzaleak kudeatzen zuenean, EAJ eta Lasarte-Oriako Herritar Plataformaren babesarekin. "Helburua zen argitzea egindako kudeaketa ustez irregularra, Nikaraguako Somotora bidaltzen zen korporazioko diruarena". Epaileak tramitera onartu zuen salaketa hori, eta ikerketa fasean dago ordutik.