Ana Urchueguia alkate ohia auzitara eramango du Lasarte-Oriako Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abe. 19a, 15:21

Bederatzi bozka alde eta sei abstentzio. Horixe izan da Ana Urchueguiaren aurka Udal gisa kereila jarri edo ez erabakitzeko bozketaren emaitza. Bilduk, EAJk, LOHPak eta adskribatu gabeko Marisa Zubirik alde bozkatu dute; PP eta PSE-EE abstenitu egin dira.

Eguneko gai-zerrendari bi puntu gehitzeko proposamenarekin hasi da urteko azken ez ohiko udalbatzarra. Lehen puntuan, Somoton diru publikoen prebarikazio eta bidegabeko ustezko erabilpena egin duen Ana Urchueguiaren edota beste edonoren aurka kereila jartzeko eskumena eman zaio alkateari bozketa bidez. Bigarrenean, zeregin horretarako abokatuak izendatzeko eskumena aitortu zaio.

Pablo Barrio alkateak (Bildu) hartu du hitza hasteko: “Udalak jarriko duen salaketan ageri da bi delitu egon daitezkeela diru publikoa modu desegokian erabiltzeagatik. Azken urteotan egin diren batzordeetako dokumentuak bildu, Zubizarreta Consulting-ek osatutako txostena irakurri eta abokatuekin kontsultatu ostean, auzitara eramango du Udalak Ana Urchuegia”.

Dena den, lasarteoriatarrek itxaron egin beharko dute kereilaren mamia ezagutzeko. “Hala aholkatu digute abokatuek, baina gure ustez egindako ikerketetan nahikoa informazio badago erantzukizun penala egon daitekeela irizteko”, esan du Barriok.

Bozketa eta justifikazioa

Alkatearen hitzen ostean, bozketari ekin zaio. Bilduk, EAJk, LOHPk eta Marisa Zubiri adskribatu gabekoak alde bozkatu dute, bederatzi denera. PSE-EE abstenitu egin da eta PPko Vanessa Velezek ez du bozkatu nahi izan Udal Gobernuari “informazioa ezkutatzea” egotzita. Dena den, teknikoki abstentziotzat hartzen dira halakoak plenoan udal-idazkariak argitu bezala.

Bozka justifikatzeko txandetan alderdi bakoitzak bere iritzia emateko aukera izan du. Juanjo Castrok hartu du hitza LOHPren izenenan: “Somoton gauza ustelak egin dira diru publikoa erabilita, gardentasuna exigitzen dugu eta horretarako beharrezkoa da auzitara jotzea”.

Jarrarian, Nikaraguan egin diren balizko irregulartasunetako batzuk zerrendatu ditu eta PSEko kideei Somoto eta Lasarte-Oriako herritarrei barkamena eskatzeko galdegin die. "Gastuen balantzea sarri ez dator bat hasierako aurrekontuarekin, bidean dolar asko galdu dira", adierazi du Castrok.

EAJ izan zen 2011n Ana Urchuegiaren aurkako prozesua hasi zuena eta gaur berretsi egin du jarrera hori. “Urchueguiak Udaletxearen kontrol sistema guztiak ekidin zituen gehiengo absolutua baliatuz, horregatik eraman behar dugu orain epailearen aurrera, egin zuen guztia ezagutzeko. Irregulartasun zantzu handiak daude”, adierazi du Estitxu Alkorta jeltzaleen bozeramaileak. Sozialisten aurka talde gisa jo du jarraian: "PSEk plano politikoan Urchueguia alkate-ohia defendatzen jarraitu zuen. Eman al duzue azalpenik?”

Jesus Zaballos PSEren bozeramaileari ere zuzenean zuzendu zaio Alkorta: “Zure hitzak hutsalak dira, politika egiteko beste modu bat badagoela uste dugunontzat, abstentzioa ez da nahikoa".

PSEren erantzuna

PPk salatutakoaren bide beretik, PSEk kasu honetan “informazio falta” handia dagoela salatu du Jesus Zaballosek: “Ez badugu kereilak zer dioen irakurri, nola bozkatuko dugu alde edo kontra?”, galdegin du. Jarraian, Udal gobernuak Somoto Auzian duen jarrera “itxia eta iluna” gaitzetsi eta “asmo elektoralak” besterik ez dituela aurpegiratu dio Udal Gobernuari: “EAJk, Bilduk eta LOHPak irain eta kalumnia kanpaina bat duzue abian 2005. urtetik hona. 2011n alkatetzara iritsi zinetenetik, hiru urte eta erdi izan dituzue salaketa jartzeko, zergatik itxaron duzue orain arte? Urte guzti hauetan ohiko pleno bakoitzean galdetu dut kereilaren inguruan, eta sekula ez dut erantzun bakar bat ere jaso zuen aldetik, nahierara jokatzen ari zarete”, adierazi du Zaballosek.

“Somoto auzian zuek zarete akusazioa, zuek epaile eta zuek berdugo. Nahi zenuten bakarra hauteskundeak geuk irabazi ostean alkatetza kentzea zen. Gogoan izan behar da zenbait abokaturen ustez Urchueguia anderearen jardunean deliturik egon ez dela eta gainera, ez duzue Nikaraguatik dirua bueltatzeko exigitu, zergatik? Benetan sekula ez duzuelako kasua argitzeko interesik eduki”, esanez amaitu du bere jarduna Jesus Zaballos PSE-EEko bozeramaileak.

Eguneko beste puntuak

'Euskara Sustatzeko Ekintza Plana Lasarte-Orian 2014-2017' ekimena onartu da bigarren puntuan, EAJ, Bildu, LOHP eta Marisa Zubiri adskribatu gabeko zinegotziaren bederazi aldeko bozka eta PP eta PSEren sei abstentziorekin.  

Bestalde, 'Kaleak garbitzeko eta hiri-hondakin solidoak biltzeko' kontratuaren luzapena ere onartu da, emaitza berberarekin.