Zubieta Lantzen: "Erraustegiaren kontrol-proiektu independentea gauzatzen ari gara"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko api. 23a, 09:00
2019ko irailean jasotako laginetako batzuk: lurra, belarra, oilo-arrautzak... Ikertutakoaren emaitzen berri ematen ari da Zubieta Lantzen elkartea.

Zubieta Lantzen elkarteak. ToxicoWatch fundazio holandarrarekin eta Eusko Jaurlaritzak akreditatutako enpresa batekin batera, 2019. urtean ekin zion erraustegiaren inguruko eremuetako laginak hartzeari, urtero-urtero emaitzen konparaketa egiteko asmoz. Duela bi urte egindako azterketaren emaitzak jaso ditu honezkero elkarteak, eta hitzaldiak antolatzen ari da herriz herri, horien berri emateko. Lasarte-Orian Aire Garbiak gonbidatuta, Lasarte-Oriara etorriko da elkartea datorren asteko ostegunean, apirilak 29, 19:00etan, anbulategiko 2. solairura. 

Solasaldira joateko interesa dutenek aurrez hartu behar dute hitzordua, 689 71 90 36 telefonora deituta edo lasarteorianairegarbia@gmail.com helbidera idatzita. Egitasmoari buruz gehiago jakiteko helburuz, Zubieta Lantzeneko kide Maider Usabiagarekin hitz egin du TXINTXARRI aldizkariak.

Erraustegiak isurtzen duenaren kontrola egiteko egitasmo bat gauzatzen ari zarete. Zertan datza?

Herri-ekimenetik abiatutako ikerketa-proiektu zientifikoa da: egiazkoa, modernoa eta gardena izan nahi du. Kezka lokaletik abiatuta, oihartzun internazionala izaten ari den kutsaduraren monitorizazio aitzindaria dela esango nuke.

Zergatik ikusi duzue horrelako proiektu baten beharra? 

Erraustegiak kezka eta ardura asko sortu du inguruko herrietan, eta baita borroka ere. Gure elkartetik, ikusten genuen zientzia aldetik ere egin zitekeela ekarpena. Erraustegien isurien jarraipena administrazioen menpe zegoen esklusiboki, eta zantzu asko ditugu esateko kontrol horiek zaharkituak eta eskasak direla; gardentasun falta agerikoa da. Horren adibide, GHK partzuergoa duela ia urtebete Arkaitzerrekan gertatutako amonio isuriarengatik ikertu egoeran izatea.

"Zantzu asko ditugu esateko administrazioaren kontrolak zaharkituak eta eskasak direla; gardentasun falta agerikoa da"

Zaharkituak eta eskasak, zergatik?

Lehenik, erraustegiak isurtzen dituen zenbait partikula toxiko ez dira neurtzen, indarrean dagoen legeak ez baititu jasotzen. Bigarrenik, neurketa-sistema: urtean lau kontrol egitea eskatzen du legeak, sei ordukoak, eta gainera, erraustegiko arduradunek aukeratzen dituzte egunak, eta azterketa zer enpresak egingo duen. Hirugarrenik, legeak ez du behartzen emititzen diren partikulen pilaketa-prozesuak neurtzea eta, gure iritziz, isurketak egokiro kuantifikatzeko sistema egokiena hori izan daiteke: azpiegitura horren kutsadura iraunkorra eta organikoa biometaketaren bitartez jasotzea.

Nor gehiago parte hartzen ari da egitasmo horretan? 

Herbehereetako ToxicoWatch fundazioa egiten ari da gidaritza teknikoa; esperientzia dauka alor horretan. Esan digute aitzindariak garela Europa mendebaldean, ez dagoela horrelako beste egitasmorik, eta oso garrantzitsua dela zero lagina hartu izana. Horrez gain, proiektuak berme bikoitza izan dezan, Eusko Jaurlaritzak akreditatutako enpresa batek ere egin du laginketa.

'Zero lagina' aipatu duzu. Zer esan nahi du horrek? 

Egitasmoa 2019an jarri genuen martxan, eta laginketa oso zabala egin genuen: oilo-arrautzak, lurra, ura, sedimentuak, amen esnea... Horren harira, oso-oso garrantzitsua zen erraustegia martxan jarri aurretik egitea neurketa, abiapuntua finkatu eta gure ingurunearen egoera nolakoa zen ikusteko. 2019ko emaitzen berri ematen ari gara hitzaldietan. 2020an beste laginketa bat egin genuen, baina txostena ez dugu jaso oraindik. 2021ean beste bat egingo dugu, eta horrela, urtero.

Ezer aurreratzerik bai?

Erraustegiaren inguruan dauden toki onenak identifikatu ditugu, urtero jarraipena egin ahal izateko. Hori oso garrantzitsua da. Emisioak monitorizatzeko metolodogia ere finkatu dugu: zer eta zeren gainean neurtu nahi dugun. 

Orain arte ikertutakoaren albo-ondorioetako bat izan da ikustea identifikatu ditugun afekzio-eremu horietako batzuetako kutsadura-maila altua dela honezkero. Andoainen, Donostian, Hernanin, Lasarte-Orian, Urnietan, Usurbilen eta Urnietan hartu genituen laginak, aurrez identifikatutako gune horietan.

Proiektua aurrera eraman ahal izateko diru-bilketa kanpaina egin zenuten. 26.000 euro baino gehiago bildu zenituzten.

Herritarrek egindako ekarpenei esker jarri ahal izan genuen martxan ikerketa-egitasmoa. Hein batean, horregatik ari gara orain hitzaldiak ematen, emandakoa bueltan jaso dezaten, haien proiektua baita. Informazio guzti-guztia laster izango dute herritarrek eskura; web-orri bat prestatzen ari gara.