Bigarrenez erraustegi inguruan laginak biltzen ari dira

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 3a, 12:45
Toxico Watch fundazioko kideek egindako lehen langin-bilketako irudia.

Zubieta Lantzenek eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Toxico Watch fundazio holandarraren laguntzaz egiten ari diren Erraustegiaren kutsaduraren kontrolaren bigarren fasea abian jarri da

Zubieta Lantzenek eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi dutenez, aste hauetan, berriro ere, laginak biltzen ari dira Toxico Watch fundazioari bidali eta lehen laginen emaitzekin konparatzeko.

Erraustegia martxan jarri aurretik, 2019ko udazkenean egin zen lehen lagin-bilketa. Erraustegitik hurbil bizi diren emakume-amen esnea, (horietako batzuk lasarteoriatarrak), oilategietako oiloen arrautzak, landareak eta orriak, goroldioa, lurra, errekako sedimentua eta ura jaso zituzten.

Egun, Zubieta Lantzenek eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak kontrolaren abiapuntuko emaitzak jakitera eman dituzte ohar bidez, baita bigarren fase honetako lagin-bilketa egiteko neurriak berriak ere.

Emaitzei dagokionez,  ikertutako arrautzek Europar Batasunak dioxinez dauzkan arauak betetzen dituzte. Bestetik, dioxinek eta dioxinak bezalako PCBek kopuru txikiak erakutsi dituzte lurzoruan eta orrietan ez dira iritsi detektatu ahal izateko kopurura ere. 

Metal astunen neurketetan, lurzoruan eta landareetan urteotan zenbait industriak eduki duen jardueraren arrastoak ageri dira. 

Uren laginetan ez da ia jarduera estrogenikorik aurkitu, soilik igoera txiki bat erraustegiaren oso inguruko sedimentuetan.

Eta amaren bularreko esne laginek PCB maila txikiak erakutsi dituzte.

Laguntza eskaera

Kutsaduraren kontrola eta osasunaren eta ingurumenaren babesa dagokien instituzio nagusiek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, beren ardurak betetzen ez dituztela salatu dute Zubieta Lantzenek eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak. "Arkaitzerrekan zientoka arrain hil dituen kutsaketaren kontrolik eza lotsagarriak erakutsi duen moduan". Horregatik, Gipuzkoako udalei baita herritarrei ere dei egiten diete martxan den eta ondorengo urteetan jarraipena izango duen kontrol herritarra diruz babestu eta ekimenari laguntzeko.