COVID-19

Eremu gorrian jarraituta, murrizketa gehiago indarrean gaurtik Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 13a, 09:16

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, Lasarte-Orian 21 kasu atzeman zituzten joan den ostiraletik igandera. Hilabetea hasi zenetik, 70. Intzidentzia-tasa metatua 456,81ekoa denez, Eusko Jaurlaritzak gaur berritu duen zerrendan sartu da Lasarte-Oria, eta, gaurtik aurrera, besteak beste, udalerria itxi eta ostalaritza establezimenduen barne-zerbitzuko ordutegiak murriztu dituzte, datorren asteko asteartera arte gutxienez.

Joan den asteko ostiralean sartu zen Lasarte-Oria eremu gorrian, eta, 400eko mugatik oso gertu egonda, asteburuan zehar atzemandako kasuak erabakigarriak izan dira. Aurreko egunetako joera apaldu ez denez, intzidentzia-tasa metatua jaitsi ez, igo egin da, 456,81ekoa izateraino. Eusko Jaurlaritzak astelehenetan berritzen du eremu gorrian dauden udalerrien zerrenda; gaurkoan Lasarte-Oria ere egongo da. 

Murrizketa berriak indarrean bihartik

Martxo amaieran murrizketa berriak adostu zituen LABI batzordeak eremu gorrian dauden udalerrientzako. Hauek dira Lasarte-Orian bihar indarrean sartuko direnak: 

  • Itxiera perimetrala. Herritarrak mugakide diren udalerrietara joan daitezke erosketetara edo atari zabalean jarduera fisikoa egitera. 
  • Ostalaritza. Barnealdean egoteko ordutegi mugatua izango dute: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era. Terrazak zabalik egon daitezke egungo mugekin.
  • Joko eta apustu etxeek barnealdera eta ordutegi berera mugatu beharko dute ostalaritza zerbitzua.
  • Kirola. Barrualdeetan gehienez lau lagun elkartu ahal izango dira, profesionalak eta federatuak salbu. Aldagelak eta dutxak itxi beharko dituzte. Igerilekuetan, %35eko edukiera eta dutxak banaka erabili beharko dira.

Eskualdeko datuak

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan 76 kutsatze zenbatu dituzte apirilaren 9tik 11ra: Lasarte-Orian 21, Hernanin hemeretzi, Andoainen eta Urnietan hamabina, Astigarragan hamar eta Usurbilen lau. 

Astigarraga eta Lasarte-Oria eremu gorrian daude eta Eusko Jaurlaritzaren zerrendan sartuko dira. Murrizketa berriak bihar sartuko dira indarrean bi herri horietan. Eskualdeko gainontzeko lauak eremu laranjan daude, 400eko mugatik gertu samar.