Beterri-Buruntza eskualdeko sei udalerrietan 32 baieztapen egin dituzte ostegunean: esan bezala, hamaika, Lasarte-Orian; zortzi, Astigarragan; sei, Hernanin; bost, Andoainen eta bi, Urnietan. Usurbilen, aldiz, ez dute kutsatze berririk erregistratu.
Azken egunetako bilakaeraren ondorioz, eremu gorrian dira Astigarraga eta Lasarte-Oria. Handik gertu, eremu laranjan, Usurbil eta Andoain, 330eko intzidentzia metatuaren bueltan. Edonola, astelehena arte itxaron beharko da neurri berriak indarrean sartuko diren jakiteko.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, apirilaren 8an 10.709 proba diagnostiko egin zituzten hiru lurralde historikoetan eta haietako 792 positiboak izan ziren. Positibo tasa, beraz, %7,4 da.
Kutsatze berrietako gehienak, 334, Gipuzkoan erregistratu zituzten, 314, Bizkaian eta 140, Araban; gainerako lau kasuak erkidegotik kanpoko herritarrak dira. Kopuru horiek batutua, Gipuzkoa eta Araba ere eremu gorrian sartu dira.
Ostegunean, COVID-19ak eragindako 74 lagun ospitaleratu zituzten, eta guztira, 366 dira Osakidetzako erietxeetan artatzen ari diren gaixoak, horietako 106 ZIUetan daude.