Bileraren ondoren egindako agerraldian Iñigo Urkullu lehendakariak ezagutarazi ditu astelehenetik aurrera indarrean egongo diren moldaketak.
- Itxiera perimetrala. Herritarrak mugakide diren udalerrietara joan daitezke erosketetara edo atari zabalean jarduera fisikoa egitera.
- Ostalaritza. Barnealdean egoteko ordutegi mugatua izango dute: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era. Terrazak zabalik egon daitezke egungo mugekin.
- Joko eta apustu etxeek barnealdera eta ordutegi berera mugatu beharko dute ostalaritza zerbitzua.
- Kirola. Barrualdeetan gehienez lau lagun elkartu ahal izango dira, profesionalak eta federatuak salbu. Aldagelak eta dutxak itxi beharko dituzte. Igerilekuetan, %35eko edukiera eta dutxak banaka erabili beharko dira.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere itxiera perimetrala ezarriko dute azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa gainditzean. Gaurko datuen arabera, Gipuzkoakoa 229,4 da, Bizkaikoa 243,6 eta Arabakoa, 322, 8.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak astelehenero argitaratuko du tasa gainditzen dute udalerri eta lurraldeen zerrenda. Lehena bihar bertan ezagutaraziko dute eta astelehen gauerdian, hilak 29, sartuko da indarrean. Aste Santuko jai egunak tarteko, bigarrena, apirilaren 6an argitaratuko dute.
Erabakiaren atzeraeragin kaltegarria saihesteko, apirilaren 1etik 11ra bitartean ostaturen bat erreserbatuta dutenei lekualdatzeko aukera izango dute; baldin eta, erreserba gaurko eguna baino lehen egin badute.
Horrez gain, eremu pribatuetan bizikideez osatutako taldeak bakarrik elkartu ahalko dira gaurtik apirilaren 9a arte.
Lehendakariak azaldu duenez, neurri hauek hartzeko hiru arrazoi daude: Kutsatzeen goranzko joera, "argia da eta datozen egunetan mantendu egingo da"; ospitaleetako presioa, bereziki, ZIUetako oheen betetzea; eta SARS-CoV-2 birusaren aldaera britainiarra nagusitzen ari dela. "Bere ondorioak larriagoak dira, bai Euskadin bai beste erkidegoetan ere. Aldaera honen eraginez, gure inguruko herrialdeetan intzidentzia tasen igoera handia izaten ari da", horrekin batera Brasilgo eta Hegoafrikako aldaeren lehen kasuak ere agertu dira EAEn.