Errimen jostunak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko ots. 26a, 09:00
Ezker-eskuin: Lierni (irakaslea), Oihane, Nora, Nikola, Aitana eta Xuban. Azken bost horiek DBH3ko taldeko kideak dira.

Hitz eta errima, jolas eta bertso, giro ederrean ari dira Earra! bertso-eskolako kideak aurten ere. Taldeetako batekin elkartu gara, DBH 3. mailakoekin, beteranoekin, eta baita Lierni Rekondo irakaslearekin ere, astez aste gertutik egiten dutena ezagutzeko eta bertsolaritzari buruz hitz egiteko.

Lehengo urtea ondo hasi zen / begiak bete dizdira / baina ilusio eta argia / itzali zitzaigun dida... / gure munduan erdigunea / bihurtu baitzen COVIDa / ta orain irrifar egiten dugu / begietara begira / muxuak delitu dira (bis) / Urte berrira igaro gara / bi metrotako neurrira / bi mila hogei bukatu da ta / aro berri bat hasi da. Irakurri berri duzuen bertso eder hori sortu zuen DBH 3. mailako taldeak urtarrilean, Earra! bertso-eskolak eta TXINTXARRI aldizkariak aurtengo ikasturtean ekin dioten elkarlanari ekiteko: Aitana, Añes, Nikola, Nora, Oihane eta Xuban dira kideak. Irakaslea, berriz, Lierni Rekondo. Haiekin elkartu gara, 2020-2021 kurtsoan zehar egiten ari direnari buruz gehiago jakiteko.

Ostegun arratsaldea da. Astero bezala, Oriarte Landaberri eraikinean elkartu dira ikasleak eta irakaslea, bertsolaritzaren unibertsoan ordubetez murgiltzeko. Kazetaria iritsi aurretik, hizkuntza eta teknika lantzeko ariketa batzuk egin dituzte. "Lotsatiak gara", bota dute gazteek, elkarrizketa hasi eta segituan. Nabaritzen da denbora daramatela bertso-eskolan lanean –lau urte, LH 6. mailako ikasleak zirenetik–, lotsa hori berehala bota baitute, bertsotan hastera doazenetan bezala. "Munduko bertsolaririk onenak balira bezala abesteko esaten diet", adierazi du irakasleak.

Earra! bertso-eskolako irakasle Lierni Rekondo: "Munduko bertsolaririk onenak balira bezala abesteko esaten diet"

"Asko ikasten dugu, lagun berriak egin, esperientzia berri bat bizi, eskolako beste ikasgai batzuetarako baliagarriak zaizkigun teknikak ikasi...", aipatu du Aitanak. Horra hor izena eman eta lau urtera bertso-eskolan lanean jarraitzeko arrazoietako batzuk. "Talde-giro ederra daukagu, horrela lan egiteko aukera ematen digu bertso-eskolak", gehitu du Oihanek. Nikola: "Bertsolaritzarena oso mundu aktiboa da, baita eskolena ere, ekintza mordoa antolatzen dira urtero, eta horrek jarraitzera motibatzen gaitu". 

Bertso bat nola egin

Bertsoak egiteko urratsak oso barneratuta dituzte ikasleek, galdera entzun eta berehala erantzun baitute. "Doinua ematen zaigu aurrena; ikasi egiten dugu, eta, gero ideia bat pentsatzen dugu. Puntu bat egiten dugu, eta horrekin errimatzen duten ahalik eta hitz gehienak zerrendatu; kopla horretan kontatu nahi dugunaren arabera, batzuk aukeratzen ditugu", azaldu dute Oihanek, Nikolak eta Xubanek. 

Bertso-sorta egin eta gero, abestu egin behar. Zer sentitzen ote du bertsolari batek une hori iristen denean? "Adrenalina, onerako zein txarrerako", esan du Lierni Rekondok, irakasleak. "Bat-batean ari zarenean bertsotan, adibidez, bertsoak josteko prozesua egin, eta ikusten duzunean dena ongi doala, sekulako sentsazioa da. Aldiz, ez bazaude eroso eta ez bazara ongi ari, presioa sartzen da, barne-gatazkak... Bertsolaritza oso ahalduntzailea izan daiteke, baina autosuntsitzailea ere bai". Xubanek gehitu du "urduri" egon ohi dela hasieran, baina abesten ari den heinean lasaitzen doala, eta bukaera "ederra" izan ohi dela. Oihane: "Presio puntu hori beti egongo da hor, eta, hein batean, laguntzen zaituela esango nuke".

Bertso bat egiteko urratsak: doinua ezagutu eta ikasi, ideia garatu, puntua egin, errimak zerrendatu, eta, kontatu nahi denaren arabera, batzuk aukeratu ostean, bertsoa josi

Harremantzeko tresna

"Bertsolaritza oso diziplina konpletoa da: pertsonalki, aukera ematen dizu hausnartzeko, diskurtsoa lantzeko, lotsak eta beldurrak kudeatzeko, enpatia garatzeko... Horrez gain, tresna oso polita da elkar ezagutzeko eta harremantzeko", azpimarratu du Rekondok. "Burua lantzeko ariketa ederra da bertsoetan aritzea: gaiak aztertu, errimak landu, doinuak... Oso aberasgarria da", gehitu du Norak. Aitana: "Niri, adibidez, ikaragarri lagundu dit jendaurrean lasaiago aritzen eta lotsa ez izaten".

Ikasleek LH 5. mailan izan ohi dute bertso-eskolaren berri; izena emateko aukera ematen zaie 6.ean. TXINTXARRI-rekin elkartu diren gazteek, adibidez, orduan jakin zuten egitasmoari buruz. "Lagunartean komentatu ostean, animatu egin ginen", gogoratu du Xubanek. Noraren aburuz, "errazagoa" da bizpahiru lagun elkarrekin hastea bertso-eskolan, bakarrik baino. "Lehen urratsa errazago ematen duzu". 

Aitana, DBH 3. mailako taldeko kidea: "Ikaragarri lagundu ditu bertsolaritzak; jendaurrean lasaiago aritzen naiz, eta ez dut lehen bezainbeste lotsarik"

Erreferenteak bertsolaritzan

Lau urte daramatzate talde horretako kideek bertso-eskolan. Gehienetan, Ane Labaka herritarra izan dute irakasle. Bertsolaritzan eredurik ote duten galdetu diegunean bota dute haren izena. "Bertsolari mordoa daude oso-oso onak. Ane Labaka gure irakaslea izan zen hiru urtez, eta jarraitzen dut bere ibilbidea, gustatzen zait". Izen gehiago ere bota dituzte: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Igor Elortza, Miren Amuriza, Uxue Alberdi, Alaia Martin... Azken hori "oso konpletoa" dela aipatu du Rekondok. "Bertsolari guztiok indargune eta ahulguneak ditugu. Alaia iruditzen zait bertsolari bat erregistro guztiak ongi kontrolatzen dituena, umorea, hausnarketa... Edozein motatako saiotan fin aritzen da; zentzu horretan erabili dut konpletoa hitza".

"Bertsolari batzuk abesten entzuten dituzunean, geratzen zara apur bat...", esan du Nikolak, eta txunditu aurpegia jarri, bertsolarien maila zeinen ona den adierazteko. "Bat-batean aritzen dira, eta... Nola da posible horrelako bertsoak bota izana une batetik bestera?", galdetu du Aitanak.

Joan den ikasturte amaieran, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi etorri ziren Ttakuneneara, bertso-eskolakoekin batera jardutera. Telebistako saioetan ikusten dituzten pertsona horiek berak oso-oso hurbil izan zituzten orduko horretan. Bertsolaritzak daukan "gauza on bat" da hori Rekondoren esanetan: "Idolo eta erreferenteak oso gertukoak direla esango nuke; horrek laguntzen du transmisioan, zaletasuna hauspo dezake". 

Nikola: "Bertsolari mordoa daude oso-oso onak. Ane Labaka gure irakaslea izan zen hiru urtez, eta jarraitzen dut bere ibilbidea, gustatzen zait"

Pandemiaren eragina

Ikasturte hasieratik, saio presentzialak egin ahal izan dituzte bertso-eskolakoek; indarrean dauden osasun-neurrietara egokitu behar izan dute, hori bai. 2020ko martxotik hasita, hurrengo hilabeteetan saio telematikoak egin behar izan zituzten, bideo-deien eta Whatsapp aplikazioaren bitartez. "Talde bat geneukan: bertsoak grabatu, eta beste kideekin partekatzen genituen", oroitu du Nikolak. Atzera begiratu ostean, guztiek erantzun dute, aho batez, aurrez aurreko eskolak nahiago dituztela. "Aberasgarriagoak dira, talde-lana egin dezakezu, elkar harremandu...", aipatu dute ikasleek. "Bat-batean aritu izan naiz bertsotan bideo-dei bidez, eta oso frustrantea da: konexio arazoak, kantatutakoa behar baino beranduago iristea entzuleei...", gehitu du Rekondok.

Bertso-eskolako kideek ekitaldi ugari egiten dituzte urtean zehar. Pandemia tarteko, horietako zenbait ez dituzte bizituko aurten, baina, hala ere, "lan asko" egiten ari dira. "Gauza berriak eta desberdinak egiten ikasten ari gara: adibidez, bertsoak bideoz grabatzea. Datozen ikasturteetarako balioko digu horrek", bota du Aitanak.

Bolo-bolo dabilen gaia da koronabirusarena: egunkarietan, irratietan, telebistetan, kalean... Gai nagusia da. Bertso-eskolako irakasle Lierni Rekondok azaldu duenez, eskoletan saiatzen dira COVID-19arekin zerikusia ez duten gaiak lantzen, ahal duten guztietan saihesten. Norberak gustuko dituenak jorratzeaz gain, adi-adi jarraitzen dute egunerokoa. "Bertsolari batek 

Hiru talde

Earra! bertso-eskolak hiru talde ditu aurten, LH6, DBH1 eta DBH3 mailetan. Hitz eta errimekin, euskararekin jolasean eta bertsotan aritzen dira, talde-giro ederrean, astean ordubetez. Rekondok herritar gazteak animatzen ditu izena ematera: "Etor daitezke bertsolariak, zaleak direnak, gai-jartzaile izan nahi dutenak... Guztiek dute tokia".

Konturatu garenerako, 40 minutuz aritu gara hitz eta pitz bertso-eskolako kideekin. Lotsatiak izateko, ez dago batere gaizki. Agurtu aurretik, talde-argazki bat ateratzea eskatu diegu, eta hormaren alboan zegoen erratza kentzeko eskatu, traba egiten zuelakoan. Orduan jakin dugu hori dela haien mikrofonoa, eskoletan bertsotan aritzeko.

Erlazionatuak

Bertsolaritzari eta kulturari leihoa zabaltzen

Earra! bertso eskola - TXINTXARRI aldizkaria 2021 urt 31 Kultura

Otsaileko bertsoa

LH6 taldea: Kimetz, Leire, Luken eta Oier 2021 ots 26 Kultura