U30 Aldaketaldia ekimenarekin bat egin, eta manifestaziora deitu du Lasarte-Orian Aire Garbiak larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2021eko urtarrilaren 27a

Lasarte-Orian Aire Garbiak 2020ko uztailean egindako elkarretaratze baten irudia.

Zaldibar berririk ez, ez Zubietako erraustegian ez inon lelopean, manifestazioa antolatu du Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak larunbat honetarako urtarrilak 30, 12:30ean Okendo plazan. Ekimen horren bitartez, elkarteak bat egin du Larreko Mahaia eragileak sustatu duen U30 Aldaketaldia ekimenarekin.

Globalean pentsatu eta lokalean ekin leloari heldu dio Larreko Mahaia eragileak, eta U30 Aldaketaldia izeneko ekimena martxan jarri. "Helburua da, egun horren bueltan, klima- eta ingurumen-larrialdia salatzeko ekintzak antolatzea, ahalik eta herri, auzo, ikastetxe eta lan-zentro gehienetan", Larreko Mahaiak azaldu duenez. "Ezinbestekoa" iruditzen zaie planetari gertatzen ari zaiona herrietan bistaratzea, mundu mailako arazo bat lokalki ere salatzea. Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak bat egin du egitasmoarekin, eta manifestaziora deitu larunbat eguerdirako, hilak 30, 12:30ean Okendo plazan. Ekintza hori ez ezik, hilabete hasieran Ahoztar Zelaietaren Zaldibar zona cero (Zaldibar zero eremu) liburuaren aurkezpena ere egin zuen.

Zaldibarko hondamendiaren urteurrenaren atarian

Larunbat honetan ez, hurrengo astekoan, otsailaren 6an, beteko da urte bat Zaldibarko Eitzaga auzoko zabortegia amildu eta, besteak beste, bertan lan egiten zuten bi pertsona, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, zabor eta lur azpian harrapatuta geratu zirenetik. "U30 Aldaketaldia ekimenaren bidez arazo hori gizarteratzen lagundu nahiko genuke, argi geratu baita Euskal Herrian, ingurumen alorrean, gauzak ez direla ondo egin eta ez direla ondo egiten ari", azpimarratu du Larreko Mahaiak. "Aldaketa behar dugu; aldaketa exijitzen dugu". 

Larunbat arratsaldean, manifestazioa Donostian

Herriz herri egingo diren ekitaldietako bat izango da Donostiako manifestazioa. Larunbat honetan izango da hori ere, arratsaldeko bostetan: Gladys Eneatik abiatu eta Bulebarrean amaituko dela zehaztu dute antolatzaileek. GuraSOS elkarteak iragan astean egin bezala, Ertzaintzako Zuzendaritzari idatzi bat bidaliko dio Larreko Mahaiak: gogoraraziko dio udalerri mailako itxiera perimetralak ez duela indarrik gabe uzten herritarrek manifestatzera joateko duten eskubidea, "baita manifestazioa haien herritik kanpo egiten denetan ere". 

"Garbi gera bedi, Larreko Mahaiak ez die herritarrei eskatzen konfinamendua urratzeko eta manifestaziora joateko. Larreko Mahaiak herrietatik Donostiako manifestaziora joatekotan dabiltzan herritarrei esaten die badirela argudio juridikoak erabaki hori babesten dutenak", azpimarratu du eragileak. "Manifestatzeko eskubidea bertan behera utz daiteke soil-soilik setio eta salbuespen egoeretan, ez gaur egun indarrean dagoen alarma-egoeran".

 

Erlazionatuak

Zaldibarren gertatutakoa argitzeko ikerketa

Txintxarri Aldizkaria 2021 urt 12 Gizartea