2020ko otsailaren 6a, osteguna. Arratsaldeko 15:55. Zaldibarko Eitzaga zabortegia, Zuloa izenez ere ezaguna, amildu egin da, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak hondakinen azpian harrapatuta geratu dira –Sololuzeren gorpua abuztuan aurkitu zuten; Beltranena, oraindik ez– eta AP-8 errepideak kalteak jasan ditu. . "Badakigu 15:55ean amildu zela zabortegia, Euskalmeten estazio bat harrapatu zuelako, eta seinalea ordu horretan hondatu zelako. Askoz okerragoa izan zitekeen hondamendia, errepidetik zihoazen askok ozta-ozta saihestu baitzuten luizia", azaldu du Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetariak, Zaldibar zona cero (Zaldibar zero eremu) liburuaren egileak. Autopsia egin dio zabortegi horri, ez bakarrik duela ia urtebete gertatutakoari, baita beste hainbat konturi ere, hondamendiaren atzean zer dagoen argitzen saiatzeko: instalazioaren kudeaketa, jabeak nortzuk diren eta zer harreman dituzten administrazio publikoarekin, interesak, enpresak, etekin ekonomikoak, hondakinak kudeatzeko eredua eta beste hainbat gauza.
200 orriko lana ondu du Zelaietak, baina "askoz luzeagoa" izan zitekeen, kazetariak egindako ikerketa "oso sakona" izan baita. Liburu "irakurterraza" egin nahi izan du, datu, kopuru eta izen asko aipatzen baititu idazleak kontakizunean zehar, ikerketa bat egin duen detektibe baten begietatik. "Zergatik idatzi dudan liburua? Besteak beste, zendu diren bi langileen senideei eta herritarren mugimenduari informazioa emateko, Txalaparta argitaletxeak hala eskatu zidalako, nire familiak Mallabian (Zaldibartik gertu) Hambre jatetxea izan zuelako eta zabortegiaren arduradunak joan izan direlako eta gaiaren inguruan elkarlana sumatu dudalako zenbait kazetariren artean; esan zidaten merezi zuela liburu bat idazteak".
Zaldibarko hondamendia gertatu eta bost hilabetera argitaratu zuen Zelaietak Zaldibar zona cero. Atzoko aurkezpenean zehaztu zuenez, lanak "harrera ona" izan du: agortu egin da lehen edizioa, eta bigarrena prestatzen ari da orain.
Lehen edizioa agortu da; bigarrena prestatzen ari dira idazlea eta argitaletxea
Ebatsi, lapurtu, ostu
Ebatsi, lapurtu, ostu. Zaldibarren gertatutakoari buruzko informazioaz hitz egitean, hitz horiek behin eta berriro erabili ditu Zelaietak. Hilabeteetan zehar egin duen ikerketan, topatu eta azaleratu ditu hainbat datu eta dokumentu eta enpresen arteko lotura, zabortegiaren arduradunek eta Eusko Jaurlaritzak otsailaren 6tik aurrera eman ez dituztenak.
Zaldibarko Eitzaga auzoko zabortegia Verter Recycling enpresak kudeatzen du. Jose Ignacio Barinaga da jabea, Eibarko kondea izenez ezaguna: "Kontaktu-zerrenda oso interesgarria dauka, eta politikariekin [EAJ eta PSE-EEkoekin, batez ere] eta patronalarekin harreman oso estua". Liburuan luze eta zabal hitz egiten du Zelaietak Barinagaren enpresa eta harreman sareari buruz. Izen askoz gehiago ere aipatzen ditu, baita politikarienak ere: Zaldibarko zabortegia amildu zen egunean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuarena, besteak beste: Iñaki Arriola. "Hedabideen aurrean esan zuen ez zeukala harremanik zabortegiaren arduradunekin, baina hori gezurra da; Eibarko alkate izan zenetik kontaktuan egon baitziren".
Informazioa, hedabideetara
Zaldibarko hondamendiaren atzean zegoena ikertzen eta informazioa topatzen joan ahala, zenbait hedabidetara filtratu zuen Zelaietak. Horrela atera ziren argitara, besteak beste, Eitzaga auzoko zabortegi horretara "hondakin industrial arriskutsuak" eramaten zirela (amiantoa edo PCB izenez ezagutzen diren poliklorobifeniloak kasu); "baimendutakoak baino kantitate handiagoak ziren". "Hondakinen kudeaketari buruz aritu garenean, orain arte fokua etxekoan jarri dugu, baina benetako arazoa hondakin industrialena da, sortzen den zabor guztiaren %75".
"Kudeaketa publikokoak behar luketen zerbitzuak pribatizatzen direnean gertatzen dira halakoak", zehaztu du Zelaietak. Kazetariaren iritziz, hori da auzi nagusia, eztabaida "funtsezkoena": hondakinak kudeatzeko eredua.
Atxiloketak
Zaldibarko hondamendia gertatu eta bost hilabete eta erdira, uztailaren 21ean, Ertzaintzak zabortegiaren hiru arduradun atxilotu zituen: Jose Ignacio Barinaga jabea, Arrate Bilbao kudeatzailea eta Juan Etxeberria zuzendari teknikoa. "Akusatuek bi auzi irekita zituzten: langileen aurkako delitua, eta ingurumenaren aurkakoa; atxilotu zituzten egun berean erabaki behar zuten auzitegiek bi auziak bateratzeari buruz". Hori gertatu baino ordu batzuk lehenago atzeman zituen poliziak akusatuak, eta azkenean langileen aurkako delitua egotzi zieten. "Ingurumenaren aurkakoak ondorio penal nabarmen handiagoak izan zitzakeen".
Nahasmendua sortu zuten atxiloketek, Ertzaintzak esan zuelako epaileak eman zuela agindua, baina azken horrek ezeztatu egin zuen. "Gaur-gaurkoz, ez dakigu agindu hori nork eman zuen", nabarmendu du Zelaietak aurkezpenean.
Zaldibarrek utzi duena
"Eusko Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu lehendakaria buru, Zaldibarko hondamendiaren gainean egindako kudeaketa oso kritikatua izan da", azpimarratu du Zelaietak. "Ikuspuntu eta sentsibilitate desberdinek adierazi dute euren ezinegona, ez legebiltzarreko oposizioak bakarrik: Eitzagan bizi diren baserritar askok, historikoki EAJri bozkatu izan diotenak; kultur arloko pertsonaiek, Bernardo Atxagak eta Izaro Andresek kasu; eta baita Europako Ingurumen Komisario Virginijus Sinkeviciusek ere".
Horrek, besteak beste, eragina izan zuen uztaileko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan. "Zaldibarren eta inguruko herrietan, baita Zallan eta Markina-Xemeinen ere [Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze herri horietan bizi ziren, hurrenez hurren], bozka asko galdu zituzten EAJk eta PSE-EEk".
Liburua idatzita eta argitaratuta ere, "egunero" jarraitzen du Zaldibarren gertatutakoa Zelaietak. "Zaldibarrena portu hobe batera hel dadin, beharrezkoa izango da herri mugimendua, epaitegietako herri-akusazioak eta informazioa eskatzen ari diren alderdi politikoen jarduna artikulatzea; bestela, oso-oso zaila izango da". Dena den, kazetaria "baikorra" da: "Egia da munstroak buru asko dituela, baina, esate baterako, ni ikerketa kazetaritzan murgildu nintzenean, 1994. urtean, klientelismoa edo ate birakariak bezalako kontzeptuak ez ziren entzuten; zentzu horretan aurrerapausuak egin ditugu".