Berme, gardentasun eta parte hartze falta salatu du GuraSOSek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 23a, 17:52

GurasSOSek deituta, ehunka lagunek parte hartu dute eguerdian Donostian egindako giza katean. Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren lurralde ordezkaritza, Aldundiko jauregia eta epaitegiak lotu dituzte Osasuna, ingurumena eta justizia lelopean.  

Ekintza lau zutabetan antolatu dute, eskualdeen arabera; Beterri Buruntzari, Oarsoaldea eta Bidasoaldearekin batera, Santa Katalina zubia eta Egiako epaitegien artekoa zegokion. Partaideei musuko gorriak banatu dizkiete eta elkarren artean tartea uzteko eta osasun neurriak zorrotz betetzeko eskatu.

Epaitegi aurrean irakurritako idatzian, Zubietako erraustegiaren inguruan agintariek duten jarrera gaitzetsi dute. Hala, ingurumenaren babesa eskatu ahal izateko eskubidea aldarrikatu dute, 1998ko otsailaren 27an onartutako Ingurumenaren Babeserako Euskal Legeak onartua; parte hartzearen eta ingurumenaren aurka egindako zenbait gertakariren zerrenda errepasatuta. Arkaitzerrekako isurketa, sute eta industri istripu horien berri eurek ikertu dituztelako izan dutela nabarmendu dute,  "ez dakigu zer gehiago falta zaigun jakiteko". Halaber, errentagarritasun ekonomikoa "segurtasuna, osasuna eta ingurumenaren kaltetan" lehenestea ere salatu dute. "Ez da zorte txarra. Arduragabekeria da, segurtasunarekiko eta ingurumenarekiko mespretxua da".