Aste honetan abiatu du Lasarte-Oriako Udalak Guztion kontua da! kanpaina. Ahalik eta lasarte-oriatar gehien birziklatzeaz eta hondakinak "behar bezala" bereizteaz sentsibilizatzeko jarri du martxan kanpaina; kanpaina "zinikoa" Lasarte-Oriako Aire Garbia plataformaren iritziz. Astearte iluntzean Okendo plazan elkartu dira kanpainaren aurka agertu, eta, udal gobernu taldeari eurak kontzientziatzeko eskatzeko.
Lasarte-Oriako birziklapen datuak ekarri dituzte gogora, lehenik, agerraldian. Azaldu dute Lasarte-Oria dela Gipuzkoa osoan gutxien birziklatzen duen herrietako bat: "2019an, hiri-hondakinen %45a bakarrik bildu zuen gaika, eta Gipuzkoako bataz bestekoa, berriz, %54,35 da, beraz, Lasarte-Oria ia hamar puntu azpitik dago".
Boluntarismo kontua ez dela azpimarratu dute: "ez da beste kontzientziazio kanpaina bat finantzatzeko kontua, ea herritarrak pixka bat hobeto egitera animatzen diren". Onartu dute gaikako bilketa tasa hobetzea "denon" ardura dela, baina ardura horiek ez dituzte maila berean ikusten: "Kudeatzaile txarraren ezaugarria da gaizki egindakoen ardura besteen bizkar botatzea". Gaineratu dute, udalak ez duela hiri hondakinak gaika biltzeko sistema eraginkorrik ezartzen, eta, hortaz, ardura eurena dela.
Azaldu dute baita ere ez dagoela inolako arrazoirik pentsatzeko lasarteoriatarrek, Hernanikoek, Urnietakoek edo Andoaingoek baino kontzientzia ekologiko handiagoa edo txikiagoa dutenik. Herri horietan, ordea, hondakinen gaikako bilketa tasak %74koa, %70ekoa eta %63ekoa direla, hurrenez hurren: "Beraz, ez da boluntarismo edo kontzientziazio kontua, sistema kontua baizik". Nabarmendu dute hondakinak gaika biltzeko "sistema eraginkorrak" ezarri dituzten udalerriek, "alkatetzan edozein alderdi egonda ere", emaitza onak lortu dituztela.
Kontzientzia garrantzitsua da taldearentzat, baina sistemaren eraginkortasuna da "erabakigarria". Horrela, udalari eurak kontzientziatzeko eskatu diote plazan bildutako herritarrek; hori bai, kontzientziazio Fomento de Construcciones y Contratas (FCC) enpresaren eskutik ez egiteko ere eskatu diote: "Erraustegiaren oligopolioaren partaide interesatuenetakoa da".
"Udalaren kontzientzia falta"
Nabarmendu dute Lasarte-Oria izan dela bere herritarrei hondakinak gaika biltzeko aukera eskaini dien azkenetariko udalerria, eta behin, aukera eskainita, eskaini zezakeen sistemarik "kaskarrena" eskaini zuela: "Hautatu zuen sistemarik kaskarrena eta gutxien birziklatzen zuena eta, geroztik, edozein hobekuntza sartzeari espresuki uko egin dio". Adibide bat gehitu diote azalpen horri; azaldu dute Lasarte-Orian birziklatzen dutenei ez zaiela ez hobari ez deskonturik aplikatzen: "Birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek berdin-berdin ordaintzen dute".
Kanpaina "zinikoa"
Horrela izendatu dute udalak martxan jarri berri duen Guztion kontua da! kanpaina: "zinikoa" eta bi arrazoi eman dituzte hori argudiatzeko. Batetik, udalak birziklatzearen alde balego bezala egin nahi duela iritzi du Aire Garbiak eta birziklatze bidean pauso gehiago eman ez izana, "espresuki" erakundeak hala nahi izan duelako izan dela. Bestetik, Lasarte-Oriak "behar beste" birziklatu ez izanaren erantzukizuna lasarteoriatarren bizkar uzten dutela ere adierazi du plataformak: "Noski, udalak harago joan nahiko luke, baina herritarrak ez daude nahiko kontzientziatuta esango balu bezala". Baina argi dute gauza bat: "Hemen udala da kontzientziatu behar dena eta badu garaia".
"Zintzoki jokatu eta ardurak hartzea"
Eskaera zuzen batekin amaitu dute Okendo plazan egindako agerraldia. "Zintzoki jokatu eta behingoz ardurak bere gain hartzea eskatzen diogu udalari". Lur azpiko eta lur gaineko zaborrontzien inguruko eztabaida "ganorabakoetan" denbora ez galtzeko ere galdegin diote: "Horri buruzko txosten teknikoak eztabaidaezinak dira eta heldu behingoz birziklatzeko sistema eraginkor bat ezartzeari". Bide batez, zinismo gutxiagorekin jokatzeko eskaera ere egin diote.