Ireki koadernoa, hartu boligrafoa, eta hasi idazten, letra larriz: Abenduaren 10a, osteguna, 19:00ak, Manuel Lekuona kultur etxea. Egun, ordu eta toki hori aukeratu dute Bizipoza Lasarte-Oriatik Lesbosera ekitaldia prestatu duten eragileek, herriaren eta uhartearen artean dauden milaka kilometroak zentimetro bilakatzeko. Alor hauek, inklusioa eta elkartasuna, jorratzen ari da Miren Bardaji herritarra Greziako irla horretan. 2019ko abuztuan iritsi zen hara, Moriako kanpamentuan bizi diren errefuxiatuentzako kirol jarduerak antolatzen dituen gobernuz kanpoko erakunde batekin elkarlanean. Hilabete baterako joan zen hara, baina, gaur-gaurkoz, bertan jarraitzen du. Buru-belarri koordinatu ditu emakumeak kirolaren munduan murgildu eta ahalduntzeko saioak. Bazterketa egoeran dauden pertsonei laguntza zuzenago bat emateko asmoz, Kairos taldea sortu du, lankideekin eta Morian bizi den emakume talde batekin elkarlanean.
Mundu mailako pandemia lehertu zenetik, ordea, egunerokoa are okerragoa bilakatu da bertan bizi diren pertsonentzat; irailean kanpamentuan sutea gertatu zenetik, zer esanik ez.
Laguntza emateko abagune "polita"
Testuinguru horretan, Bizipoza elkarteko lagunek abagune "polita" ikusi zuten lasarteoriatar bat inklusioaren eta elkartasunaren alde Grezian egiten ari zen lana gizarteratu eta laguntzeko, alor horietan herri mailan diharduten eragile ugariri eskua luzatuz. Egitasmoarekin bat egin dute Aspanogi, Beroa, Asociacion Chernobil Elkartea, Gehitu, Izan Iñurri, Jalgune, Oporrak Bakean eta Puntada Solidaria eragileek, eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak. Aterpea Merkatari eta Ostalarien elkarteak, Lasarte-Oriako Udalak eta Ostadar SKTk ere lagundu dute.
Abenduaren 10eko jaialdia prestatzeko, makina bat bilera egin dituzte eragileek. Ekimenaren berri emateko, horietako batera gonbidatu dute Txintxarri aldizkaria. "Inklusioaren eta elkartasunaren alde lan egiten ari garen elkarte ugari batuta, Mirenen proiektuari ikusgarritasuna eman nahi diogu, eta lagundu; haren lana bultzatuz, senti dezala ez dagoela bakarrik", adierazi dute.
"Mirenen lana bultzatu nahi dugu, senti dezala ez dagoela bakarrik"
Bizipoza Lasarte-Oriatik Lesbosera ekitaldiak uztartuko ditu ikus-entzunezkoak –parte hartu duten eragileen jarduna azalduko dute bideoek; horietako bat, Miren Bardajik Lesbosetik bidalitakoa–; hitzezko azalpenak –eragileetako ordezkariek zuzenean esplikatuko dute zertan ari diren lanean–; eta kultur etxeko oholtza gaineko emanaldiak, herriko zenbait artista profesionalek eskainiko dituztenak. Sorpresa eta emanaldi gehiago egongo dira. Antolatzaileek aurreratu dute "gaur egungo baldintzek baldintzatutako jaialdia" izango dela abenduaren 10ekoa, baina "berezia", elkartasunean, inklusioan, kulturan eta euskaran oinarrituta.
Gonbidapenak abenduaren 9an eta 10ean jaso ahalko dira, kultur etxeko leihatilan
Ekitaldiaz gozatu nahi duten lasarteoriatarrek gonbidapenak eskuratu ahalko dituzte abenduaren 9an, 17:00etatik 20:00etara, eta 10ean, 10:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 20:00etara, kultur etxeko leihatilan. Ekitaldia grabatu egingo dute, eta ikusteko moduan jarri. Aldizkari honek, esate baterako, www.txintxarri.eus web orrialdean zintzilikatuko du bideo hori, prest dagoenean.
Diru-bilketa, martxan
Miren Bardajiren proiektua laguntzeko bide gehiago jorratuko dituzte eragileek: dirua biltzen hasi dira, esate baterako. Salgai jarriko dituzte Jone Bengoa Sastraka ilustratzaileak egindako Munduak guztiontzat beharko luke diseinua daramaten postalak, bost euroan. Horrez gain, Puntada Solidaria ekimeneko kideek egindako materiala ere bai –maskarak gordetzeko zorroak, kasu–, bi euroko donazio baten truke. Herriko hainbat komertzioetan erosi ahalko dira; antolatzaileek eskuz esku ere salduko dituzte. Ekitaldiaren egunean ere bai: mahai bat jarriko dute kultur etxean. Errefuxiatuen egoera zein den erakuste aldera, argazki erakusketa bat ere egitekotan dabiltza Jalgin, baina, momentuz, atzeratu egin dute, ostalaritza establezimenduek itxita jarraitzen dutelako gaur-gaurkoz.
Bizum bidez diru-ekarpenak egin ditzakete herritarrek, 658 52 50 58 telefonoan; kontzeptuan Lesbos hitza erabiltzeko eskatu dute antolatzaileek.