Patroia moldatu, oihala moztu, makinan josi, gomak jarr... lan eta lan ibili dira Elkartasun puntadak ekimeneko kideak larrialdi egoera hasi zenetik eta ia 2.500 maskara berrerabilgarri egitera iritsi dira. "Pozarren gaude 2.500 maskara egitera iritsiko gara dugun materialarekin," azaldu du Carmen Alba ekimeneko kideak.
Larrialdi egoera hasi zenean, maskaren beharra zegoela ikusirik martxan jarri zen taldea. Herriko hainbat komertziok emandako edo erositako materialarekin, etxean zituzten edo beste proiektu baterako zituzten Togoko oihalekin egin dute lan hilabete hauetan. Tamalez, ekimeneko kideek jakitera eman dutenez, oihala agortzen ari zaie eta laster lan egiteari utzi beharko diote.
Horregatik, maskara sorta berria egiteko TNT edo TST oihalak behar dituztela jakitera eman dute eta material berezi horietako oihalen bat duen herritar edo komertzioei dei egin diete ekimenari oparitu edo saltzeko. Elkartasun puntadak ekimenarekin harremanetan jartzeko 669 780 900 telefono zenbakira dei dezakete.
Lasarteoriatarren eskura
Elkartasun puntadak ekimenak Lasarte-Oriako herritarren esku jarri ditu maskarak. “Komertzioak, pertsona adinduak… beharrak aztertu eta martxan jarri ginen. Batez ere, talde zaurgarriak ditugu helburu," horrela azaldu zuen Albak martxoa bukaeran argiratutako albistean (ikus lotutako albisteak). Horrela izan da. "Gure ekoizpenaren %80a Lasarte-Oriako herritarrei banatu zaizkie. Atsobakar zahar egoitza, osasun zentroa, anbulantziako kideak, denak, herritarrak, ..." nabarmendu du Albak. Gainerakoak Donostiako saltoki batzuetara edo Caritasera bidali dituzte. "Pisu tutelatuetan, Aterpe edo Hotzaldi, Trintxerren... hainbat proiektuetan banatu dituzte".
Lasarte-Orian Aterpea Merkataritza elkartearen eta herritarren laguntzaz zabaldu dira, baita farmazietan ere. "Azken hauetan, eskasia zegoenean uzten genituen. Egun ez ditugu uzten noski, haiek saltzen dituztelako," azpimarratu du.
Maskara batzuk oraindik banatzeko dituzte, esate baterako, Aterpea Merkatari elkarteko dendentzat sorta bat prestatu dute. "Elkarteak eskaera egin zigun eta orain dendak pixkanaka irekitzen hasiko direla beharko dituzte," jakinarazi du.
Era berean, herriko eliztarrentzat ere sorta bat bereizi dutela aipatu du. ""Elizkizunak hasten direnean, maskararik ez duten pertsonek elizetan eskuratu ahalko dituzte".
Albak eskerrak eman nahi dizkie elkartasun sarea osatu duten herritarrei eta, batez ere, lanean ibili den boluntario taldeari. Etorkizunerako laguntza sarea sortu dutela nabarmendu du. "Talde sendoa sortu dugu eta edozein momentutan beste egoera berezi bati aurre egiteko prest agertuko direla ziur nago,"