Miren Bardaji: "Ezin dugu bigarren Moriarik onartu; sinestezina da gertatzen ari dena"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 19a, 11:00

Moriako errefuxiatuen kanpamentuan hilabeteko egonaldia egiteko asmoz joan zen, duela urtebete, Greziara. Etengabe gertatzen ari den Giza Eskubideen urraketa salatu du 

Moriako kanpamentuko milaka migratzaile eta errefuxiatuen testuinguruan lanean diharduen gobernuz kanpoko erakunde batekin boluntario lanetan jarduteko iritsi zen Miren Bardaji (Lasarte-Oria, 1992) Greziako Lesbos uhartera 2019ko abuztuan. Irailerako aurreikusia zuen etxerako itzulera lehen hilabetea bertan pasa ostean, baina urrira atzeratzea erabaki zuen gero. Iazko urrian, ordea, ez zen jaioterrira itzuli, eta gaur-gaurkoz, ez dago Lasarte-Orian. Urtebete pasa da Moriako kanpamentura iritsi zenetik eta bertan jarraitzen du, bizitza duin baten alde borrokan ari diren migratzaile eta errefuxiatuekin lanean, eta, momentuz behintzat, ez du epe laburrean etxera bueltatzeko asmorik agertu.

Errefuxiatuentzako kirol jarduerak antolatzen dituen gobernuz kanpoko erakunde batekin joan zen Greziara, eta yoga saioak zuzentzearekin batera, emakumeak kirolaren munduan murgildu eta ahalduntzeko saioak eskainiz eta koordinatuz aritu da buru-belarri.

Lan horiek alde batera utzi gabe, kanpamentuan bazterketa egoeran dauden pertsona migratzaile edo errefuxiatuei akonpainamendu psikosoziala eta laguntza zuzenago bat emateko asmoz, Kairos taldea sortu du lankide eta Moriako kanpamenduetan bizi diren emakume talde batekin elkarlanean, eta komunitate lan horrekin ere hasiak ziren. Baina, martxoaz geroztik, aldatu dira gauzak mundu osoan, eta Moriako kanpamentuan eta Bardajiren eguneroko zereginetan ere bai. Koronabirusak aldaketak eragin ditu Lesboseko errefuxiatuen kanpamentuan, baina, hobekuntzarik ekarri ez, eta are gehiago okertu du Greziako uhartean harrapatuta dauden migratzaile eta errefuxiatuen egoera.

Bardaji Moriara iritsi zenean, 10.000 migratzaile eta errefuxiatu zeuden kanpamentuan, baina horiek guztiak, 3.000 pertsona hartu zitzakeen espazio batean "pilatuta". Urtebete pasa eta gero, 21.000 pertsona elkartzera iritsi direla jakinarazi du lasarte-oriatarrak: “COVID-19a agertzearekin batera, zenbait pertsona eraman dituzte kontinentera, eta, orain, 13.000 pertsona inguru daude kanpamentuan, baina 21.000 izatera iritsi dira". 
Pandemia iritsi aurreko egoera "jasangaitza" bazen, are latzagoa bihurtu da geroztik. "Birusa iritsi aurretik bizi baldintzak penagarriak ziren, baina gutxienez kanpamentutik irteteko aukera bazuten, Mitilinera [Lesboseko hiriburua] adibidez, eta gaur egun, berriz, aukera txiki eta apur horiek desagertu egin dira guztiz".

Birusaren etorrerarekin "kezka handia" izan dutela azpimarratu du lasarte-oriatarrak: "Kanpamentuan, 3.000 pertsonentzako edukiera duen espazio batean zazpi aldiz pertsona gehiago egonda, ezinezkoa da birusari aurre egiteko beharrezkoa neurriak hartzea: “Jende pilaketa saihestezina da gainpopulazioagatik eta bizi diren txabolen gertutasunagatik. Janari edo komun eta dutxetara joateko ilara luzeak egin behar dituzte eta higiene baldintza minimorik ez da bermatzen kanpamentuan. Ur-puntu nahikorik ez dago, eta askotan ez dute ur- emaririk. Zaborra ere nonahi pilatzen da.

Koronabirusa iritsi zenetik, Lesbosen, eta zehazki Morian lanean ari diren Gobernuz Kanpoko Erakunde guztiek salaketa bera egin dute: migratzaile eta errefuxiatuak kanpamentutik transferitzeko erregua egin diote Europar Batasunari, baina ez dute kanpamentuan batutako pertsona guztiak eremu horretan ixtea beste erantzunik jaso. Hori izan da erabakia; migratzaile eta errefuxiatuak kanpamentuan, denak elkarrekin itxita utzi dituzte hilabete luzez, eta neurri horiekin are gogorragoak bihurtu dira kanpamentuko pertsonen egunerokoa.

Maiatza amaitzearekin batera, Europak koronabirusagatik ordura arte itxita zituen herrialdeen arteko mugak ireki, eta, turismoa mugitzen hasten da; Grezian ere bai. Lesbos uhartea turistentzako ireki zuten arren, migratzaile eta errefuxiatuak itxita mantentzeko erabakiari eutsi dio gobernuak. Martxoaren 22az geroztik, konfinamendua gaurdaino luzatuz joan da. "Turistak zirkulazio askean ibili diren bitartean, errefuxiatuak kanpamentuan itxita jarraitu dute, bizi baldintzan penagarrietan".

Hori gutxi ez eta kanpamendua itxita mantentzearekin batera, poliziaren presentzia eta kontrolak nabarmen handitu dituzte, Bardajik jakinarazi duenez.

Tentsioa nabaritzen hasten da
Abuztuan, ordea, lehen COVID-19 kasua agertu zen Morian, eta, berriro ere, gobernuak hartutako neurri bakarra konfinamendua bermatzeko polizien kontrolak oraindik gehiago indartzea izan da: "Gobernuz Kanpoko Erakundeokiko kontrolak ere handitu egin zituzten eta, horrek, erakundeon eta migratzaile eta errefuxiatuen arteko harremanak asko zaildu ditu”.

Lehen kasua agertu eta berehala, testak egiten hasi zirela azaldu du Bardajik: "Testak egin eta informazio gehiegirik eman gabe, emaitza positibo eta sintomak zituzten pertsonak euren dendatik atera eta isolamendu gunera eramaten hasi ziren. Kanpamentua sortu zenean, bertako eskola izateko sortu zuten egurrezko txaboletara bideratzen dituzten pertsona horiek, baina, hor  ere, beharrezko eta gutxieneko baldintzak errespetatu gabe, eta, tentsioak gora egin eta lehertu egin da egoera. "Giza-eskubideen etengabeko urraketak ematen diren egoera sostengaitz eta tentso horretan, irailaren 9an sute bat piztu zen Morian". Oso gogoan du Bardajik arratsalde hura: " Iluntzean hasi zen sutea, eta suhiltzaileen erreakzioa ez zen ez berehalakoa ezta eraginkorra izan. Eguraldi beroa zegoen, izugarrizko haizea ari zuen eta berehala zabaldu zen sua eta kanpamentuaren zati bat erabat erre zen". Gaineratu du ez zela inolako antolaketarik izan kanpamentuko pertsonak ebakuatzeko, eta migratzaileen eta errefuxiatuen protesten aurrean negarra eragiteko gasa jaurtitzen hasi zela polizia. "Errefuxiatuek ahal izan zuten moduan alde egin zuten kanpamendutik eta poliziek errepidea blokeatzeko erabakia hartu zuten, hiriburura iritsi ez zitezen". Irailaren 10ean, bigarren sute bat piztu, eta bezperako sutetik salbatutako kanpamentu zatia erre zen. Horrela, erabat suntsituta geratu da Moria, eta sei hilabeteko salbuespen egoera ezarri dute, eta asilo-eskatzaile eta errefuxatuak poliziak alde banatan blokeatuta duen errepide zati batean aurkitzen dira: kalean.  

Errepidean, askatasun eske
Hilabete luzez kanpamentu batean sartuta egon ostean, Lesbos uhartetik irten eta kontinentera joateko eskariak eta herrialdeen arteko mugen irekieren aldarrikapenek etenik izan ez duen arren, Greziako gobernuak beste kanpamentu bat eraiki du. 500 denda zuriz betetako lur sail batean sartu nahi dituzte errepidean batutako migratzaile eta errefuxiatuak.  "3.000 pertsonentzako eremua berrantolatu dute, eta, dagoeneko, emakumeak eta haurrak bideratu dituzte bertara. Gure emakume taldeko neska bat dago kanpamentu berri horretan, eta  hark esana da, ez dutela komunik, ez dutxarik eta egunean behin, bazkalorduan, ematen dietela janaria".

Hortaz, suteak kanpamentua suntsitu eta irlatik irteteko aukera izan zitekeenaren ustea, uste hutsean geratu da. Gaur-gaurkoz, Greziako gobernuak ez du migratzaile eta errefuxiatuak uhartetik ateratzeko asmorik agertu, eta kanpamentuan dauden pertsonak irtenbiderik gabe jarraitzen dute. Bardajik ezin du gertatzen ari dena sinetsi: "Sinesgaitza da XXI. mendeko Europan hau gertatzen aritzea; Giza eskubideak etengabe urratzen ari dira eta ezin dugu onartu bigarren Moria bat eraikitzea, ez hemen eta ez inon".

Asilo politiko eskaerak, etenda
Orain urtebete, Bardaji Lesbosera iritsi zenean, asilo politikoaren zain zeuden errefuxiatu askok gaur egun zain jarraitzen dute. "Prozesu oso luzeak izan daitezke; badago, iaztik kanpamentuan dagoen errefuxiaturik, asiloa lortzeko elkarrizketarako hitzordua datorren urterako duena". 
Baina, ziurrenik, gehiago luzatu daitezke aurreikusitako epe horiek. Koronabirusak eragindako egoera dela eta, asilo politikoak kudeatzen dituzten erakundeen jarduna etenda egon baita denbora luzez: "Errefuxiatu askoren asilo politikoa eskatzeko prozesua etenda geratu da, eta horrek ere eragin du egoeraren leherketarekin; ezin dute gehiago".

Orain arteko zereginak alboratu, eta eguneroko beharrei erantzuteko lanetan murgildu dira Lesbosera joandako Gobernuz Kanpoko Erakunde guztiak, tartean lasarte-oriatarrarena ere bai. Betiko zereginak alde batera utzi –yoga, kirol eta jarraipen psikosozialeko saioak–, eta errefuxiatuentzako premiazko produktuak banatzeko lanetan ari dira etengabe. "Kairos taldeak, beste erakunde eta lagunekin elkarlanean, errepidean pilatuta dauden pertsonentzako premiazko produktu higienikoen banaketan dihardu". Sutearen ostean, ezer gutxi berreskuratu ahal izan dute, eta eurek baino hobe ez dakigu inork zein behar dituzten. Produktu higienikoak eskatzen dizkiete, eta horiek banatzeko lanetan ari dira azken asteotan.

Laguntza hori guztia lortu eta kudeatzeak ordea, gastu ekonomiko handia eskatzen du, eta kanpoko laguntzarik gabe, hori guztia euren gain hartzea ezinezkoa zatekeen. Horregatik, Kairos proiektu berria martxan jartzearekin batera, crowdfunding kanpaina bat abiatu zuten. Horren bitartez, ekarpena ekonomikoa egin nahi duen orok dirua bidal diezaieke errefuxiatuentzako materiala erosi eta banatzeko. “Orain arte, martxan jarri ditugun proiektuak aurrera eramateko ere erabili ditugu dirua, baina, irailaren 9az geroztik eta larrialdi egoera amaitu bitartean jasotzen ari garen guztia higiene produktuak erosi eta banatzera zuzenduko dugu”.

Hau da diru bilketan bere aletxoa jarri nahi duenarentzat crowdfunding helbidea: https://es.gofundme.com/f/kairos-supporteam-lesvos?utm_medium=referral&utm_source=gofundme.com&utm_campaign=comms_krzm+kairos-supporteam-lesvos crowdfunding.  

Beste behin, elkartasun olatua iritsi da Euskal Herritik Moriara. Bardajik aitortu duenez, jende asko jarri da berarekin harremanetan produktuen bilketak martxan jarri eta bildutakoa hara bidaltzeko asmoa agertuz, baina, gaur-gaurkoz, ez da aukera eraginkorrena: "Kanpamentuko beharrek berehalako erantzunak behar dituzte, eta bilketa horiek egin eta produktuak hona iristeko, gutxienez, hilabete bat beharko genuke".


Herritarrak ere laguntzeko prest
Inklusioaren eta elkartasunaren aldeko elkarte ezberdinetan lanean ari diren hainbat lasarte-oriatarrek bat egin dute Bardajiren Kairos proiektuarekin, eta elkartasun osoz, euren aletxoa jartzeko ahaleginetan ari dira orain.  Elkartu eta taldetxo bat sortu dute hiru helbururekin. Lehenik, Lesbosen gertatzen ari dena gizarteratzea, bigarrenik, Bardajik martxan jarritako Kairos proiektua babestu eta laguntzea, eta, hirugarrenik eta azkenik, taldetxo horretan elkartu diren herritarrek lan egiten duten elkarteak aurkeztu eta ezagutaraztea. Horretarako, egitasmo bat martxan jartzen ari dira, baina horrekin lanean ari dira oraindik, eta datozen asteetan emango dute horren berri.

Lasarte-Oriatik, Greziara,  elkartasunak oraingoan ere ez du hutsik egin.