"Greziara zoazela? Zertara? Zer gertatzen da han?”. Galdera horri behin baino gehiagotan erantzun behar izan zion Miren Bardajik (Lasarte-Oria, 1992) udan, Yoga and Sport For Refugees Gobernuz Kanpoko Erakundearekin herrialde horretako Lesbos irlara joan baino lehen; bertako kanpamentuetatik noiz aterako zain dauden milaka errefuxiatuen egoera ezagutzeko eta haiei laguntzeko asmoz egin du bidaia, Miren Zubeldia oñatiarrarekin eta Elixabet Manzano eibartarrarekin batera –yoga irakaslea eta medikua dira, hurrenez hurren–.
Turkiar kostatik kilometro gutxitara dago Lesbos irla. Errefuxiatuen krisia lehertu zenetik, 2015. urtean, milaka eta milaka pertsona iritsi dira hara. Mafiei dirutza ordaintzen diete, 1.000 euro inguru; baldintza ezin eskasagoetan bidaiatzen dute –txalupetan eta teorian salbamendukoak diren jakak soinean–; eta, itsasoan itota hiltzen ez direnak, han geratzen dira harrapatuta, Europako mugak itxita daudelako 2016. urtetik –migrazio akordioa sinatu zuten Europar Batasunak eta Turkiak–. Afganistandik eta Ekialde Hurbileko herrialdeetatik datoz iheslari gehienak, hango gerretatik eta pobreziatik ihesi. Aegean Boat Report erakundearen arabera, asteon 1.445 pertsona iritsi dira Lesbosera; greziar irletara, 2019an, 32.968.
Errefuxiatuen hiru kanpamentu ditu Lesbosek: Pikpa, Kara Tepe eta Moria. Hiruetan bizi dira iheslariak baldintza penagarrietan. Adibide bat: 3.000 pertsonarentzat daukate tokia Morian, eta 10.000 inguru bizi dira gaur-gaurkoz. Olive Grove eta Jungle guneak sortu dituzte errefuxiatuek Moriatik gertu, denak ez direlako han kabitzen. “Asilo politikoa eskatzeko bilera irlara iritsi eta urtebetera lor dezakete, edo beranduago", azaldu du Bardajik. "Aukera bakarra dute".
Hori da, oso labur esplikatuta, Grezian –Lesbosen eta inguruko irletan bereziki– gertatzen ari dena. "Hona [Lesbosera] etorri arte ez duzu ezagutzen pertsona horien errealitatea nolakoa den; begiak ireki dizkit".
Abuztutik Lesbosen
Jaioterritik ihesi joan etorkizun hobe baten bila, eta Lesbosen harrapatuta geratu, baldintza ezin eskasagoetan. Hori da milaka pertsonaren egoera uhartean. Haien egunerokoa zertxobait hobetze aldera, GKE eta boluntario ugari ari dira lanean. Horietako bat da Yoga and Sport For Refugees. Estelle Jean frantsesak sortu zuen, 2017an. Errefuxiatu talde batekin batera egiten zuen lasterka, Kara Tepetik Moriara. Kirolak pertsona horiengan asko eragin dezakeela sinetsita, ekimena erakunde bihurtu zuen.
Bardajik yoga, akroyoga eta igeriketa klaseak –azken horiek, uda bukatu arte– ematen ditu nagusiki, One Happy Family izeneko komunitatean. Kara Tepeko kanpamentutik oso gertu dago, eta Moriakotik urrunago –50 bat minutura, oinez–. “Guregana etortzen dira hainbat errefuxiatu egunero, antolatzen ditugun ekintzetan parte hartzera: ez dugu beraientzako lan egiten, beraiekin batera baizik. Hori da gakoa”, azaldu du lasarteoriatarrak. "Ahaldundu egin nahi ditugu". Bazkariak ematen dituzte, eta errefuxiatuek prestatzen dute janaria; baratze organikoa zaintzen dute; eta bizikletak eta antzeko ibilgailuak konpondu, besteak beste. Aipatutakoez gain, gimnasio bat ere badaukate.
Hor ematen ditu klaseak Bardajik. Duela hiruzpalau urte hasi zen akroyoga egiten. "Kirol horren bitartez ezagutu nuen yoga". Igeriketa saioak ere eskaini ditu udan. "Izugarria izan da ikustea errefuxiatuek nola gainditu duten urari zioten beldurra; askok ez zekiten igerian".
Bardajik telefonoz kontatu dio Txintxarri-ri Lesbosen bizitzen ari dena. Algarekin eta oihuekin nahastu da bere ahotsa. Kick boxing klase baten soinuak. Errefuxiatuak izaten dira irakasleak askotan. "Parkour, muay thai, bodybuilding, kick boxing, wrestling [borroka librea]... kirol asko egiten dituzte". Kirola, eta dantza. "Oso politak dira saioak: kultura desberdinetako jende asko elkartzen gara; harremana ikaragarria da". Korrika egiten duen talde bat ere badago: Atenasko maratoia prestatzen ari dira orain. "Oso interesgarria da egitasmoa; kirolak balore asko transmititu ditzake: talde-lana, errespetua, integrazioa... ezaugarri horiek partekatu nahi ditugu guregana egunero etortzen diren errefuxiatuekin".
Eguneroko errutina
Astelehenetik ostiralera ematen ditu klaseak herritarrak. "Egun bakoitza desberdina da, baina badaukat errutina bat". 10:00etatik 18:00etara klaseak, eta gimnasioan zaintza txandak gero. "Ia inoiz ez dugu arazorik izaten". Klase horietako batzuk ez ditu One Happy Familyn ematen, Moriako kanpalekuan baizik, adin txikikoekin.
Astelehenetan eta ostiraletan joaten da bertara, 10:00etatik 12:00etara, Yoga Sin Fronteras GKEarekin. Asteburuetan ere egiten dituzte ekintzak errefuxiatuekin. Egun osokoak dira horietako batzuk Beach Party Day izeneko festa, esate baterako. Hondartza batean ospatu zuten. "Bainujantziak, kartak, jokoak... eraman genituen; ederki pasatu genuen".
Irlara iritsi eta aurreneko asteburuetan hainbat bidaia egin zituen Bardajik iheslarien kanpamentuetara. Egoera oso gordina dela ikusi dute, gertu-gertutik. Elixabet Manzano medikuak, berarekin bidaiatu zuen euskal herritarretako batek, honakoa esan zion, Lesbosetik Kios irlara abiatu aurretik: "Prebentzio lana egiten duzue". Herritarrak dio "ikuspuntu oso interesgarria" dela hori: "Errefuxiatuek arazo fisiko ugari dituzte, jakina, baina mentalak ere bai: depresioak eta euren buruaz beste egiteko saiakerak, ez dutelako ikusten euren egoera konponduko denik, eta ez daukatelako ordu batzuez euren egoeraz ahaztu eta beste ekintza batzuk egiteko aukerarik".
Ez konpontzeko, ezta hobetzeko zantzurik ere. Egoera "okerrera" doala azpimarratu du herritarrak. "Irlara iristen diren iheslariak Morian erregistratzen dituzte, eta zain geratzen dira gero, bizitzeko eta lo egiteko toki bat noiz lortuko zain. Bitartean, lurrean egiten dute lo, kartoi artean... ahal duten bezala". Deportazioak areagotu ditu Greziako gobernuak berriki: "Hemen ezagututako pertsona ugarik alde egin behar izaten dute egun batetik bestera; gogorra da hori". Gutxik lortzen dute asilo politikoa; beste guztiak Turkiara deportatzen dituzte, edo iparralderago dagoen Nea Kavala kanpamentura eraman. "Asiloa eskatzeko bilera baino egun batzuk lehenago eraman dituzte batzuk; shock egoeran zeuden".
Bardajik boluntario lana egiten duen komunitateko egoera ez da Lesboseko kanpamentuetako edo Kioseko berbera, herritarrak nabarmendu duenez: "Gogotsu etortzen dira errefuxiatuak egunero. Badaukate arrazoi txiki bat egunero esnatu eta ekintzaren bat egiteko; ilusioa daukate. Horrela senti daitezen saiatzen gara gu".
Urrian, itzulera
Abuztu hasieran iritsi zen Bardaji Lesbosera. Hasiera batean hilabetez egoteko asmoa zeukan, baina erabaki du irail osoa ere han pasako duela. Urrian itzuliko da.
"Esperientzia ederra bizitzen ari naiz: txunditu nau nola egiten dioten aurre euren muturreko egoerari, bizitzeko zenbat gogo daukaten... Konturatzen zara gure eguneroko kezka-iturri askok ez dutela hainbeste garrantziarik, haiek jasan behar dutenarekin alderatuz". Oraindik ez da Lasarte-Oriara bueltatu, baina dagoeneko "oso argi" dauka Lesbosera edo inguruetara gehiagotan joango dela etorkizunean. "Edozein pertsonari gomendatzen diot Lesbosera etortzea".
Izugarria. Aurreko paragrafoko azken adjektibo hori erabiltzen du Bardajik Lesbosen egiten ari den boluntario lana deskribatzeko: "Gauza asko partekatzen ditugu gurekin egunero egoten diren errefuxiatuekin. Harreman oso estua egin dugu; elkarrekin ikasten eta lan egiten dugu, elkar errespetatuz".
Bardajirekin batera bidaiatu zuten bi lagunak, Miren Zubeldia eta Elixabet Manzano, bueltatu dira Euskal Herrira. Herritarrak azaldu duenez, Lesbosen egon bitartean "informazio ugari" bildu dute hiruek, argazki mordoa atera eta hainbat errefuxiaturekin hitz egin. Hemen inguruan partekatu nahi dute hori guztia orain. Datorren asteko asteartean, urriak 1, arratsaldeko zazpietan, Grezian errefuxiatuekin izandako bizipenak hitzaldia eskainiko dute Zubeldiak eta Manzanok, Eibarko Portalea Kultur Etxeko bigarren solairuan.