COVID-19

Udalerrien arteko mugikortasuna mugatu du Eusko Jaurlaritzak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 26a, 19:49

Koronabirusaren hedatzea geratzeko neurri murriztaile berriak hartuko ditu Eusko Jaurlaritzak. Batez ere pertsonen mugikortasunari eragiten diete, ezingo baitute euren udalerritik atera, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik. EAE erkidegotik irtetea edo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara sartzea ere debekatuko du Lakuak. Etxeratzeko aginduaren orduetan ez du aldaketarik egin; 23:00etatik 6:00etara artekoa izango da. Elkarrekin bizi ez badira, eremu publiko zein pribatuko bilerak sei pertsonara artekoak izatea baimenduko du. Alarma egoera indarrean dagoenetik eskumenak dauzkanez jaurlaritzak, azken hori betebeharra izango da, ez gomendioa. Gaur argitaratu nahi dituzte neurriok EHAA aldizkarian, eta, hala eginez gero, bihar goizeko seietan indarrean sartuko lirateke, hamabost egunez gutxienez.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik prentsaurrekoa eskaini du gaur arratsaldean, LABI batzorde bereziak adostu dituen neurri murriztaileen berri emateko. Mugikortasunari eragiten diete, batez ere.

Konfinamendu perimetrala ezarri du Lakuak EAE erkidego osoan zehar. Ezingo da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik atera, salbuespenezko zenbait jarduerengatik ez bada (lan- edo zaintza-arrazoiengatik, besteak beste). Era berean, udalerri bakoitzetik irtetea debekatu du Eusko Jaurlaritzak: lana egiteko, ikasteko, pertsonak zaintzeko edo medikuarenera joateko bai, orduan posible izango da. Mugakide diren herrietara joan ahalko da, "jarduera sozioekonomikoengatik" baldin bada.

Etxeratzeko aginduan aldaketarik ez. 23:00etatik 6:00etara bitartean murriztu dute gaueko mugikortasuna. Zenbait kasutan, ordea, egon ahalko da kalean ordu-tarte horretan: lana egiteko edo lantokitik itzultzeko, botikak erosteko edota pertsonak zaintzeko, besteak beste. Garraio publikoaren azken irteera ordua 00:00etan izango dela aurreratu du Sagarduik.

Iragan astean ez bezala, hemendik aurrera bai, betebeharra izango da eremu publiko zein pribatuko bilerak gehienez sei pertsonakoak izatea, kideak elkarrekin bizi ez badira. EAEko Auzitegi Nagusiak indargabetu egin zuen neurri hori, baina orain alarma egoera indarrean dagoenez, Eusko Jaurlaritzak eskumena dauka horrelako erabakiak hartzeko.

Kultur eta kirol ekitaldiak

Osasun sailburuak zehaztu duenez, herri jakin batean egiten diren kultur zein kirol ekitaldietara soilik joan ahalko dute bertan bizi diren biztanleek. Alegia, Lasarte-Orian antzerki emanaldi bat antolatuko balitz, lasarteoriatarrak ez direnek ezingo lukete ikustera joan.

Lakuak gaur argitaratu nahi ditu neurriok EHAA Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Hala egingo balu, bihar sartuko lirateke indarrean erabaki horiek, 6:00etan. Eusko Jaurlaritzak ohar bidez adierazi duenez, neurri horiek erkidego osoan sartuko dira indarrean, eta "indargabetu" egingo ditu pasa den asteko ostiralean eremu gorrian zeuden herrientzat iragarritakoak.

 

Erlazionatuak

Lasarte-Oria ere eremu gorrian sartu da

Txintxarri Aldizkaria 2020 urr 26 Gizartea