COVID-19

Alarma egoera berriro ere indarrean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 25a, 22:43

Etxeratzeko agindua da Espainiako Gobernuak iragarri duen neurrietako bat. 23:00etatik 06:00etara izango da, baina erkidego bakoitzak ordubete aurreratu edo atzeratu ditzake hasiera eta amaiera orduak.

Etxeratzeko agindua eta pertsonen mugikortasuna murrizteko zenbait neurri. Horiek dira Espainiako Gobernuak igandean iragarri duen alarma egoeraren aspektu deigarrienetako batzuk. Koronabirusaren pandemiaren hedatzea saihesteko, herritarrek ezingo dute kalean egon 23:00etatik 06:00etara –autonomia erkidego bakoitzak ordubeteko atzeratu edo aurreratu dezake–, lana egiteko, botikak erosteko edo etxera bueltatzeko ez bada, besteak beste. Momentuz, hamabost egun iraungo du egoerak, baina gobernuak maiatzera arte luzatu nahi du, Diputatuen Kongresuak onartzen badu.

Alarma egoera ezarrita ere, Espainiako Gobernuak ez du aginte bakarra hartuko martxoan bezala, eta erkidego bakoitzak eskumena izango du beharrezkoak ikusten dituen neurriak hartzeko. Eusko Jaurlaritzak, esate baterako, iragan astean iragarritako neurri bat ezarri ahalko du orain: edozein eremutan egiten diren bilerak sei pertsonara mugatzea, elkarrekin bizi ez badira. Azken egunetan gomendioa izan da, ez betebeharra. Aldatu egingo da hori. Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du jarraipen mahaia astelehenean bilduko dela, urriak 26, egoera aztertu eta neurriak hartzeko. "Orekatuak eta proportzionatuak" izango direla aurreratu du. Erkidegoek erabaki ahalko dute, esate baterako, euren lurraldeetako mugak edo haien barruko eremu bat ixtea.

Etxeratzeko agindua

Herritarrek ezingo dute kalean egon 23:00etatik 06:00etara –baliteke EAEn ordutegi hori aldatzea, erkidegoek ordubete atzeratu edo aurreratu dezaketelako etxeratzeko agindua; gehien jota, 22:00etatik 07:00etara–, honako arrazoiengatik ez bada:

  • Botikak eta osasunarekin lotutako bestelako produktuak erostea.
  • Osasun zentroetara joan behar izatea.
  • Albaitaritza zentroetara urgentziaz joan behar izatea.
  • Lan-arrazoiak.
  • Espainiako Gobernuak onartutako jardueraren bat egin ostean etxera bueltatu behar izatea.
  • Menpeko pertsonak, adingabeak, adinekoak edo "bereziki zaurgarriak" direnak zaintzea.
  • Onartutako jarduerak egiteko beharrezkoa izanez gero, ibilgailuaren erregai-depositoa betetzea.