Lasarte-Oria ofizialki eremu gorrian sartu da: azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 531,21 kasukoa da intzidentzia tasa. Adierazle hori erabiltzen ari dira agintariak azkenaldian neurri batzuk edo beste batzuk ezartzeko. Joan den asteko ostiralean 25 ziren semaforo gorria piztuta zeukaten udalerriak –Gipuzkoako hogei eta Bizkaiko bost–; gaur, astelehenez, 39: Bizkaian hamar eta Gipuzkoan beste guztiak. 5.000 biztanle baino gehiago dituzten herrien datuak aintzat hartuz, eremu gorritik at daudenak dira Hondarribia, Orio eta Zarautz.
Lasarte-Orian lau, zazpi eta sei kasu atzeman dituzte ostiraletik igandera, hurrenez hurren. Osteguneko datuak eskuetan, eremu gorrira sartzear zegoen, 478,09ko tasarekin. Goranzko joera mantendu egin da asteburuan eta gaur gaurkoz 531,21ekoa da tasa hori. Horrek esan nahi du Eusko Jaurlaritzak gure herria sartuko duela neurri murriztaileagoak hartu behar dituzten udalerrien artean. Ez du argitu zer gertatzen den aste berean eremu gorritik laranjara pasaz gero zer gertatuko litzatekeen. Agerraldia egingo du Iñigo Urkullu lehendakariak gaur arratsaldean, LABI batzorde bereziaren bilera amaitzen denean, eta baliteke horri buruzko zehaztasun gehiago ematea. Horrez gain, iragarriko ditu koronabirusaren hedatzea geratzen saiatzeko Lakuak hartuko dituen neurriak zeintzuk izango diren. Alarma egoera indarrean dagoenez, eskumen gehiago ditu orain neurriak hartzeko. Esaterako, edozein eremutan egiten diren bilerak sei pertsonara mugatzea, elkarrekin bizi ez badira. Etxeratzeko agindua noiz hasi eta noiz bukatuko den ere zehaztuko du –23:00etatik 06:00etara dago indarrean orain, baina erkidego bakoitzak hasiera eta amaiera ordubetez atzeratu edo aurreratu ditzake; hau da, gehien jota, 22:00etatik 07:00etara izango litzateke–.
Eskualde osoa eremu gorrian
Asteburuko herriz herriko datuak publiko egin diren arte, eremu laranjan egon dira Lasarte-Oria eta Usurbil; Beterri-Buruntzako gainontzeko lau udalerriek semaforo gorria piztuta zeukaten ostiraletik. Gaur gaurkoz, seiek dituzte 500 kasu baino gehiago 100.000 biztanleko azken hamalau egunetan.
Ostiraletik igandera 175 positibo detektatu dituzte eskualdean: Hernanin 62 kasu; 48 Urnietan; 21 Andoainen; hamazazpina Astigarragan eta Lasarte-Orian; eta hamar Usurbilen.
940 kasu EAEn
EAEko hiru lurralde historikoetan 940 kasu atzeman dituzte igandean, horietatik 381 Gipuzkoan. 10.580 PCR proba egin dituzte eta ehunetik ia bederatzi izan dira positiboak –egin diren guztien %8,9–.
Ospitaleratze berrien daturik ez du eman Osasun Sailak gaurko txostenean, eta plantan dauden pazienteen kopurua ere ez du eguneratu. ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan 76 paziente daude oheratuta, duela astebete baino 21 gehiago. R0 edo birusaren oinarrizko birsorkuntza tasa 1,23koa da EAEn, eta ehuneko bat txikiagoa Gipuzkoan.