COVID-19

Neurri murriztaile berriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 23a, 14:00

Euskal Autonomia Erkidegoan koronabirusaren bigarren olatuak izan duen bilakaera ikusita, neurri berriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten 25 herrienak are murriztaileagoak dira beste guztietan gaur indarrean sartuko direnak baino. Lasarte-Oria eremu laranjan dago. Hauek dira neurrietako batzuk: tabernek 00:00etan itxi beharko dute eta 06:00etan ireki, kultur zein kirol ekitaldietan edukierak erdira murriztuko dira eta aire zabalean kirola bakarka edo sei pertsonara arteko multzoetan egin ahalko da, kontaktu fisikorik gabe. EAEko Auzitegi Nagusiak neurria bertan behera utzi ostean, pertsonen arteko bilerak sei pertsonara murriztea gomendioa izango da, ez betebeharra.

Eusko Jaurlaritzak gomendatzen du pertsonen arteko bilerak sei pertsonara mugatzea, baina ez da derrigorrez hala izan beharko, atzo EAEko Auzitegi Nagusiak neurri hori bertan behera utzi ostean. Indarrean dagoen muga hamar pertsonakoa da. Dena den, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik eskatu du "arduraz" jokatzeko eta bilerak seiko multzotara mugatzen saiatzeko.

Eremu gorrian ez daudenen udalerrientzat neurriak

Ostalaritza

  • 00:00etan itxi beharko dute beranduenez, eta hurrengo goizeko seiak baino lehen ezingo dituzte negozioak berriro ireki.
  • Mahai bakoitzean, barruan zein kanpoan egon, sei pertsonak eseri ahalko dute elkarrekin gehien jota.
  • Kontsumitzeko ezinbestekoa izango da eserita egotea. 
  • Taberna barruko edukiera maximoa, %50.
  • Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da, jaten edo edaten ari garen uneetan salbu.

Elkarte gastronomikoak eta txokoak

  • Lokal horietan jarduerak egitea debekatu egin du Eusko Jaurlaritzak. Itxita egon beharko dute.

Kultur ekitaldi eta ikuskizunak

  • Espazio itxietan: %50eko edukiera maximoa eta 400 ikus-entzule gehienez.
  • Aire zabalean: aforoa erdira eta 600 ikus-entzule gehienez.

Kirol instalazioak eta konpetizioak

  • Kirol instalazioetan edukiera ez da izango %50a baino handiagoa.
  • Ikusleek posible izango da kirol konpetizio, ikuskizun eta ekitaldietara joatea, mugekin. Espazio itxietan, aforoaren erdira eta gehienez 400 pertsona. Aire zabalean, aforoaren erdira eta gehienez 600 pertsona.

Kirol jarduerak aire zabalean

  • Indibidualki edo taldeka egin ahalko dira, elkarren arteko kontaktu fisikorik gabe. Multzoak ez dira sei pertsona baino gehiagokoak izango.

Eskola Kirola

  • Bertan behera geratzen dira 2007an edo beranduago jaio diren gaztetxoen arteko konpetizioak.

Beilak eta hiletak

  • Beilen kasuan, espazio itxietan badira, sei pertsona baino gehiago ezingo dira elkartu. Aire zabalean badira, 30ekoa da muga. 
  • Espazio itxietan egiten diren hiletetan hamar pertsonak egon ahalko dute gehienez. Aire zabalekoetan, 30ek. 
  • Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da.

Gurtza lekuak

  • Edukiera maximoa, %50. Zehaztu egin beharko da gehienez zenbat pertsona sar daitezkeen barrura, guztiek ikusteko moduko tokiren batean.
  • Pertsonen arteko distantzia sozialak 1,5 metrokoa izan behar du nahi eta nahi ez.

Neurri are zorrotzagoak EAEko 25 herritan

Semaforo gorria piztuta daukate Gipuzkoako hogei eta Bizkaiko bost herrik, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituztelako. Herri horietan guztietan bizi dira 5.000 pertsona baino gehiago. Lau Beterri-Buruntza eskualdekoak dira: Andoain, Astigarraga, Hernani eta Urnieta. Lasarte-Oriaren tasa 435,39koa izan da asteazkenean. 

Gomendio orokorrak

  • Bakoitza bere herritik ez irtetea, ez baldin bada osasun, lan zein ikasketa arrazoiengatik; ohiko etxebizitzara itzultzeko; edo menpekotasuna duten pertsonak zaintzeko.
  • Elkarbizitzako talde egonkorretatik kanpoko elkartzeak-eta saihestea.
  • "Ezinbestekoa" ez den edozein jarduera atzeratzea.
  • Ahal den heinean, espazio itxietako elkartze eta bilerak elkarbizitza talde egonkorrera mugatzea, eta jarduera horiek aire zabalean eta ongi aireztatutakoetan egitea.

Neurri orokorrak

  • Ezingo da kirolik egin taldean, dagoeneko martxan dauden lehiaketa ofizialetan izan ezik.
  • Haurren parkeak ezingo dira erabili 21:00etatik 06:00etara.
  • Komertzio ia guztiek 21:00etan itxi beharko dute. Farmaziek, gasolindegiek eta janaria saltzen duten dendek, ez. 21:00etatik 08:00etara ezingo dute alkoholik saldu.

Tabernak eta jatetxeak

  • 21:00etan itxi beharko dute beranduenez eta 06:00ak arte ezingo dute ireki.
  • Bezeroek ezingo dute barran kontsumitu. Barruko zein terrazako mahaietan soilik, eta eserita.
  • Koktelak zutik egitekoak diren antzeko ekitaldiak bertan behera utzi ditu Eusko Jaurlaritzak.
Erlazionatuak

620 positibo berri Gipuzkoan

Txintxarri Aldizkaria 2020 urr 24 Gizartea

Bideo-pilulak 02: txertoaren itxaropena

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020 urr 13 Gizartea