Euskararen X. Maratoia ere olinpikoa izango da. Hala baieztatu dute zortzikoteko kide bihurriek, bideo baten bidez. COVID-19ak eragindako egoera medio, herriko ekitaldi kuttuna 2021era atzeratzea erabaki dute Ttakun KE eta Lasarte-Oriako Udalarekin batera. "Hasiak gara antolatzen, baina osasun arrazoiak tarteko, urtebetez atzeratzea erabaki dugu". Horrek erreakzio erauntsia eragin du, eta Nazioarteko Batzorde Olinpikoaren adierazpena ere bai: Tokion egitekoak diren Joko Olinpikoak ere urtebete atzeratu dituzte, 2020an egin beharrean, Euskararen Maratoiarekin bat egiten ez duelako.
Dena den, japoniarrak oso ongi egokitzen ari dira errealitate berrira, eta balkoietan puntuak jartzen trebeak dira, bideoan ikusi daitekeenez. Lasarteoriatarrak ere bai, duela bi urtetik hartu duten ohitura hori ahaztu ez zaiela erakutsiz: puntu koloretsuak zintzilikatu izan dituzte balkoietan, Euskaraldia dela eta. Bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da.
Ostiraleko zenbakian erreportaje bat argitaratuko dugu, antolatzaile eta protagonisten hitzak ere bilduz.