Euskaraldiaren bigarren edizioa egingo da udazkenean eta berrikuntza bat dakar, ariguneak. Atzo aurtengo edizioaren nondik norakoak azaldu zituzten Donostiako Tabakaleran. Egitasmoko ordezkariez gain, aurtengo Euskaraldian izen eman duten Fagor Taldeko, Euskalteleko eta Bera Bera kirol klubeko kideak zeuden aurkezpenean.
Euskaraz gehiago eta erosoago aritzeko hizkuntza ohiturak aldatzea du xede aurtengo Euskalaldiak. Horretarako, indarrean jarraituko du lehen edizioko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketak eta gehigarri bat izango du, ariguneak. Ariguneak euskaraz eroso aritzeko guneak dira, pertsonek osatuak eta taldean ariketa egingo dute arigunea osatzen duten pertsona horiek, batzuk ahobizi eta besteak, belarriprest izango direlarik.
Agerraldian azaldu zutenez, dagoeneko sektore, tamaina eta izaera ezberdinetako erakundeek bat egin dute egitasmoarekin eta ehunka zentrotan milaka arigune sortu eta izena eman dira. Hala ere, Euskal Herriko osoko elkarte, enpresa, komertzio, erakunde eta bestelako entitateei deia egin diete egitasmoa babestu eta ariguneak sortzeko. Ariguneen izena emateko azken eguna irailaren 27a izango da.
Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak adierazi zuenez, "inertziak puskatuz, aurreko Euskaraldian ikusi zen hizkuntza ohiturak aldatzea posible dela eta euskararen aldeko urrats praktikoak ematea posible dela. Euskararen aldeko herri gogo bat eta euskara bizi nahi duen herri bat ere bistarazi genituen". Aurtengoan lorpen horiek sakondu eta urrats bat gehiago emango dutelanabarmendu zuen. Urrats hori entitatekin batera emango da eta garrantzia kualitatibo handia duela azpimarratu zuen Topaguneko presidenteak. "Euskaraz gehiago aritu nahi dutenei horretarako aukera ematen dielako, eskoletan egiten den lanari babesa eman eta aisialdian zein lan-munduan euskaraz aritzeko aukera ematen duelako, era guztietako erakundeek gizartearen nahi maioritarioarekin bat egiten dutelako eta euskararen biziberritze prozesuari hauspoa ematen diotelako”.
Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendariak euskararen balio berretsi eta oraindik bidea egiteko dagoela onartu zuen agerraldian. "Berretsi dugu euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabili nahi dugula. Gure hizkuntzaren balioa berretsi dugu, baita gure hizkuntzari lotuta doazen balioak ere. Eta impass honetan ikusi dugu oraindik ere bide luzea daukagula denon hizkuntza eskubideak errespetatzeko eta gizarte berdinzaleagoa lortzeko, tokikotasunetik eta errespetutik abiatuta”. Gainera,
Ehunka entitate izena emanda
Arrazoi eta motibazio ezberdinetatik hurbiltzen ari dira orain arte izena eman duten erakundeak Euskaraldira. Batzuek aurretik lantzen ari diren ibilbideari jarraipena emateko aukera ona eskaini die Euskaraldiak, lehendik martxan zituzten euskara panen osagarri delako ekimenetik egindako proposamena. Beste hainbatek, aldiz, euskararen erabilera bultzatzeko espazio berriak sortu eta babesteko aukera ikusi dute Euskaraldiaren bigarren edizioan.
"500 egoitzatik gora daude izena emanda, hau da, 500 denda, bulego, udal... Horietan identifikatuta ditugu jadanik 2.100 barne arigune eta 950 kanpo arigune. Barne ariguneak dira entitate barruko kideak aritzen diren ariguneak, eta kanpo ariguneak, berriz, entitate horiek herritarrekin harremanetarako dituztene espazioak. 3.200 arigune inguru identifikatuta ditugu eta horietan parte hartzen duten kideak 10.000tik gora," azaldu zuen Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak.
Horrez gain, euren esperientziaren berri eman zuten Fagor Taldeak, Euskaltelek eta Bera Bera kirol klubak.
Super Amara Bera Bera kirol klubeko ordezkari Jabier Oterminek Euskaraldiak kirol talde modura lantzen dituzten baloreekin bat egiten duela nabarmendu zuen. “Kirolak beti kirolari ematen dio lehentasuna eta, horregatik, arreta jartzea beharrezkoa da, izan ere, kirolak balore ugari zabaltzen ditu: elkartasuna, kemena, adorea, erantzukizuna, lidergoa, talde-lana… eta Bera Beran euskarari ere behar duen garrantzia eman behar diogu, kirolak ere harremanak sustatzen dituelako eta Euskal Herriko erreferentziako taldea garelako”. Horregatik egitasmoan parte hartu eta barne zein kanpo ariguneak sortuko dituela adierazi zuen.
Leire Okarantza Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak Euskaraldian parte hartzeko ilusioz daudea jakitera eman zuen eta taldeak 20 urtetan izan duen euskararekiko konpromisoa ekarri zuen gogora. "Gizarte erronkekiko konpromisotik abiatu zuen orain dela 20 urte Fagorrek euskara lan munduan txertatzeko ariketa; gure kolektiboen elkarbizitza linguistikoa sustatu, langileen arteko kohesioa sustatu eta motibazioan eragiteko helburuarekin. Norbanakoak ez ezik erakundeari ere hizkuntza hautua egitea dagokio eta lan eremuan euskarari komunikaziorako funtzio propioak aitortzea".
Euskalteleko presidente Xabier Iturbek ere enpresan euskarak duen garrantzia azaldu zuen. "Orain dela 17 urte enpresa barruan euskararen trebakuntza eta haren erabilera bultzatzeko zenbait ekimen dituen Euskara Plan bat sustatzen dugu urtero". Era berean, euren arreta zerbitzuetan ere egin dituzten urratsak aipatu zituen. "Urte horietan asko landu dugu bezeroekin ditugun tresnak euskaraz izateko bai webgunea, arreta zerbitzuak edota gure dendak...". Bestetik, apirilean beroketa moduan 'Etxealditik euskaraldira' ekimenarekin bat egin zutela azpimarratu zuen, "oso harro eta oso konprometituta" sentitzen direla adieraziz.
Herri batzordeak lanean
Herrien izen-emate aldia ere ekainaren 27ra arte martxan dagoela gogora ekarri zuen Illarok. 2018an, Euskal Herri osoko 405 udalerritan batzordeak martxan izan zirela gogoratu eta aurtengo izen-ematea ere martxa onean doala azaldu du. “Euskal Herriko lurralde gehienetan duela bi urteko herri kopuruak eman du izena jadanik. Ipar Euskal Herrian azken asteetan aktibatu da herrietako batzordeen dinamika, eta beraz, astiroago doa, baina gure espektatiba, orokorrean, lehen edizioan beste herrik izen ematea da. Honek erakusten du herrietan gogoz eta ilusioz heldu zaiola berriro Euskaraldiari, azken hilabeteetan batzordeek ohiko dinamikari eustea erraza izan ez arren”.
Covid-19ak eragin nabarmena izan duela azaldu zuen Euskaraldiko koordinatzaileak. "Batzordeak martxan hasita eta entitateekin lanean hasita zeudela heldu zen alarma egoera eta horrek plangintzetan eragin du zuzen-zuzenean, egoera berrira egokitu behar izan dugu". Hilabete horietan guztietan koordinazio taldeak eta herrietako batzordeak lanean jarraitu dute eta horregatik Euskaraldia aurreikusitako datetan egingo dela berretsi du, "batzorde asko sendo ari direlako lanean eta entitate askok aurretik hasitako dinamikari eutsi eta ariguneak sortzen jarraitu dutelako".
Horrekin lotuta, norbanakoak ahobizi eta belarriprest modura izena emateko garaia irailean hasiko dela ere jakitera eman zuen.