Hamar atzamar, eta motorrak berotzeko bi proposamen: batetik, abesti berria kantatu eta dantzatzea, nork bere etxean, bere erara, eta lagun eta ingurukoekin partekatzea; eta, bestetik, Etxealditik Euskaraldira ekimenarekin bat eginez, puntu koloretsuak egitea etxean, edozein material erabilita, eta horiek ere edonork ikusteko moduan erakustea.
Maiatzaren 3an, igandearekin, "osasun langileei txalo egin eta gero", 20:10ean, leiho eta balkoietara ateratzeko gonbita luzatu dute zortzikoteko kideek, herri osoak dantzatu eta abestu dezan Hamar atzamar. Nortzuk ote dira zortzi pertsona horiek? Aurrerago argituko da misterioa, momentuz ez baita erraza nortzuk diren jakitea; Covid-19 gaixotasunak eragindako egoera dela eta, osasun gomendioei kasu egin diete beraiek ere, eta euren etxeetatik grabatu bideoa, maskara koloretsu eta bestelako osagarriekin. Isa Fernandez de Agirrek editatu eta muntatu du.
Abestiaren letra
Ikus-entzuleek erreferentzia ugari topatuko dituzte bideoa ikusi eta entzun bitartean, beteranoenek batez ere, letrak egiten dielako erreferentzia orain arte ospatu diren maratoi guztiei: 1986. urteko urriaren 25 eta 26an ospatu zuten aurrenekoa, 40 ordu baietz! lelo eta erronkatzat hartuta. Azkena, berriz, duela ia lau urte, bederatzigarrena, Irten armairutik. Honela dio hamargarren edizioko abestiaren letrak:
'40 ordu baietz!' izan zen lehena
Baietz 40 ordu berriz!, hurrena
'40 ordu errex', hirugarrena!
Euskaraz gozatzeko, jai bat daukagu
euskara goxatzeko, batu gara gu
ta kolorezko herri baten antza du,
baten antza du!
Hamar atzamar dantzan elkar hartuta
Urrian zehar bihurri bihurtuta
Hamar gehiago da zu ere zenbatuta
'40 ordu gogoz! 'igaroz gero
'Plazerra' eskuragai da 'egunero'
'Bero-bero euskara orain ta gero!'
Festa hau 'Korritzeko modukoa' da
'Bihotzetik' atera dugu 'plazara'
Ta azkenik 'armairutik' geu 'irten' gara, geu irten gara!
Hamar atzamar dantzan elkar hartuta
Urrian zehar bihurri bihurtuta
Hamar gehiago da zu ere zenbatuta
Hamar atzamar!