Leroy Merlinen aurkako eta herriko merkataritzaren aldeko elkarretaratzea egin dute lasarteoriatarrek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 5a, 13:20

 Leroy Merlin bai ala ez? Gu herriko merkataritzaren alde lemapean elkarretaratzea egin du Lasarte-Oriako herritar talde batek

Ostegun arratsaldeko 19:30ean batu dira lasarteoriatarrak Okendo plazan. Hasiera batean, ezin izan dute plazara irten eguraldi txarragatik, baina segurtasun distantziak mantenduta eta maskarak jantzita, plazako arkupeetan hasi dute elkarretaratzea.

Elkarretaratzean zeudela, Ertzaintzaren auto bat bertaratu da, eta bi ertzain gerturatu dira herritar taldearengana eta segurtasun distantziak mantentzeko eskatu diete plazan bildutakoei. Hainbat minutuz arkupeetan egon ostean, euriak etenaldia eman eta plazara zabaldu da mobilizazioa. Ekitaldia amaitu aurretik, adierazpen bat irakurri du elkarretaratzean bildutako herritar batek.

"Bizitza eta interes ekonomiko soilak erdigunean jartzearen arteko enegarren talkak" batu ditu herritarrak ostegun arratsaldeko ekitaldian. Hori adieraziz hasi dute irakurketa, eta Teresategiren ipar-magalean eraiki nahi duten Leroy Merlinek Lasarte-Orian izango dituen ondorioak azaleratu dituzte. "Hirigintza planek gure bizitzetan eragin handia dute, ondoren eraiki eta eguneroko errealitatea eraldatzeko gaitasuna baitute". Horregatik, datorren asteko udalbatzarrean onartu nahi duten plan berria zalantzan jartzea "garrantzitsua" dela adierazi dute, eta herritarren bizitzetan "eragin kaltegarria" izango duela ikusten dutenei, planari aurre egiteko deia ere egin diete.

2000.urtean ireki zuten Urbil merkatalgunea ere ekarri dute gogora; urteak pasa ahala, jabetu baitira garai hartan herritarrek ezagututako zenbait komertzio gaur egun desagertu egin direla Urbilen eragina dela-eta: "Gure udalerria, gure aisialdia eta gure tokiko ekonomia aldatu zituen. Merkataritzak, zerbitzu-enpresa txikiek eta herriaren bizitzak kalte handiak jasan zituzten, eta hori uka ezina da".

Etekin ekonomikoen logikan guztiaren gainetik kontsumoa jartzen duten multinazionalek herritarren kontsumo eredua aldatu izana, norbanakoaren hautua ez dela izan ere azpimarratu dute: "Handiak txikia zapaltzeko duen gaitasunean oinarrituriko estrategia bati erantzuten dio eta, ataka horretan, norberak maila pertsonalean, bakardadean, hartu ditzakeen erabakiek horri aurre egiteko indar gutxi dute".

Gaineratu dute, periferian planifikatu eta eraikitzen diren merkataritza establezimendu handiek gutxi batzuen eskuetara doazen etekinen metaketa bilatzen dutela, eta bere eraginpean dauden udalerriek kalteak jasaten dituztela. Udalerri hitzaren garrantzia ere azpimarratu dute; uste baitute Hirigintza Plana Lasarte-Oriak onartu arren, eskualdean nabarituko dela horren eragina. 

Eragingo dituen galerak

Dagoeneko Eusko Legebiltzarrean onartu dituztenak galerak gogorarazi dizkiete herritarrei. Besteak beste, hiriko bizitzaren galera, kutsadura (mugikortasun jasangarriaren aurka baitoa), eta noski, tokiko ekonomiari sortutakoak ere bai.

Leroy Merlinek herrietako aroztegiei, margo, altzari, dekorazio eta sukalde dendei, burdindegiei eta lorezaintzako negozioei zuzenean eragingo diela aurreikusten dute lasarteoriatarrek. Baina ez horiei bakarrik, baita zerbitzu eta biltegi enpresa txikiei, hemendik hara kalean ibiliko den jende kopuruari, kaleko giroari, ostalaritzari ere, besteak beste. 

Horregatik guztiagatik, "lantxo bat" eskatu diete herritarrei; asko hitz egin dezatela, erabil dezatela gizarteak duen "ezinbesteko gaitasun" hori.