Oriarte BHIko ikasleak itzuli dira geletara

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 1a, 12:30

Hamabost ikasle gelako, maskarak, eskuak edo materiala garbitzeko gelak, ibilbide seinalizatuak... Oriarte BHIko 2. Batxilergoko ikasleek telelana utzi eta gelara itzuli dira gaur goizean

Bi hilabete eta erdi etxean telelana egiten egon ostean, 2. Batxilergoko ikasleek euren etxeak utzi eta Instituturako bidea egin dute. Batzuk goizeko 9:00etan, besteak 9:15ean itzuli dira ikasgeletara. Ez da ohiko itzulera izan. Maskara, gela, espazio komunen erabilera, seinaleak, ibilbideak... gaiekin hasi baino lehen jarraitu beharreko protokoloak azaldu zaizkie ikasleei. Ondoren lanean hasi dira guztiak ikasturteari amaiera eman edo Selektibitatea prestatzeko.

Bihar, 1. Batxilergoko ikasleen txanda izango da eta asteazkenean, 4. DBHkoena.

Hala ere, Oriarte BHIk gomendio bat egin die bi maila hauetako ikasleei, ikasgeletara ohiko azterketeran ikasgairen bat gainditzeko lana egin behar duten ikasleak soilik itzultzea eta gainerako ikasleek, etxetik telelana egiten jarraitzea. Bi maila hauek ekainaren 17an, 18an eta 19an izango dituzte azterketak.

Neurriak

Oriarte BHIk Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen erabilera arautzeko maiatzaren 15ean bidalitako zehaztapenak beteko ditu. 

Ikasle bakoitzak bere maskara eraman behar du, ezinezkoa balitz, Institutuak bermatuko die. Ikasle bakoitzak bere eskola materiala eta mukizapiak, ur botila... eraman behar ditu.

Gainera ordutegiak moldatu ditu hasiera, jolas-ordua eta amaiera mailakatua izateko. Hala nola, 2. Batxilergoko ikasleek bi sarrera eta bi irteera dauzkate. Lehen txandako ikasleek 9:00etatik 14:00etara izango dituzte klaseak; bigarren txandakoek, ordea, 9:15etik 14:15era.

Eta 1. Batxilergoko eta 4. DBHko ordutegiak ikasle kopuruen arabera moldatu dituzte, ordu zentraletan ikasle kopuru handiena egon dadin. Ikastetxeko arduradunek azaldu dutenez, eraikinean 100 ikasle baino gehiago ez egoteko egin dira moldaketa guztiak, 

Sarrera eta irteera guneak eta institutu barruko ibilbideak ere zehaztu dituzte seinaleen bidez. Komunean banaka sartu behar dira eta ezingo dituzte komunak klase orduetan erabili.

Era berean, instalazioak aireztatuak daude une oro eta eremu komunak maiz garbitu eta desinfektatzen ditu ikastetxeak 

Neurri horiek guztiak ikasturteari amaiera emateko ezarri badira ere, hurrengo ikasturteari begira oraindik protokolo bat zehaztu ez dutela argitu dute ikastetxeko arduradunek. "Egun dauden neurriekin, zaila izango da guztia kudeatzea", adierazi digute.