Azken egunetako nahasmenaren ostean, Hezkuntzak ikastetxeetara zein maila itzuliko diren eta itzulera hori zein datetan izango den erabakitzeko ahalmena eman dio ikastetxe bakoitzari.
Ondorioz, Oriarte BHIk Oriartekide Guraso elkartearekin adostuta, 2. Batxilergoko ikasleen itzulera bakarrik aurreikusten du. "Ez dugu uste, 1. Batxilergoko eta 4. DBH mailetan gela presentzialak beharrezkoak direnik, hala ere, haiek nahiez gero aukera izango dute etortzeko".
Kasu honetan, gaien errepasoa egingo litzatekeela jakitera eman du ikastetxeak, baita 'agian' azterketak presentzialki egin beharko dituztela ere. DBHko gainerako mailek ez dute ikasgeletara bueltatu beharko.
Oraindik, itzuleraren formatua zehazteko du Institutuak, baina presentzialki ahalik eta ikasle gutxien egotea bermatu nahi du. "Irteera, sarrerak nola egin, eremu komunak nola kudeatu… gauza asko hitz egin ditugu, baina beste asko zehaztu gabe daude. Ikasleei dagokionez, ez dakigu denak ikasgelara bueltatuko diren edo txandaka egingo den... zehazteko dugu”.
Ziurra duten bakarra da, 2. Batxilergoko ikasleek ekainaren 1ean hasi eta uztailaren 3an amaituko dutela. Izan ere, uztailaren 6, 7 eta 8an Selektibitate proba izango baitute.
"Ikasturteari amaiera eman eta Selektibitatea prestatu edo dena delakoagatik nota igo nahi duten ikasleak izango dira uztailaren 3a arte ikasten egongo direnak,” zehaztu dute ikastetxetik.
Gainerakoek mailek ohikoa den bezala, ekainaren erdialdean emango diote amaiera.
Moldaketak eta azken ebaluazioa
Hiruhileko honetan, ikasturteari jarraipena emateko moldaketa ugari egin dituzte Oriarte BHIko kideek. Hasieran saioak on-line egiteko hautua egin zuten eta “ordutegia mantendu genuen”, baina egoera larriagotu eta luzera joango zela ikusirik bestelako moldaketa batzuk egin zituzten. “Galdeketa bat egin genien ikasleei zuzenean. Irakasleen iritziak ere entzun genituen eta jarduera moldatu dugu ahal izan dugun heinean”.
Moldaketa horien guztien ostean, egun ikasturte amaierako ebaluazioari aurre egin behar dio Oriarte BHIk. Lasarte-Oriako beste ikastetxeen antzera, azken hiruhilekoa aurreko bien gehigarri izatea adostu dute. "Pisuzko balioa ematen zaio horrela ikasleek itxialdia baino lehen egindakoari". Gainera, ez da errepikatzerik izango, baldin eta lehen bi hiruhilekoetan ikasleek gaiak ongi gainditu badituzte.
Horren harira, ebaluazio egiteko 1. Batxilergoko eta 4. DBHko ikasleek azterketa presentzialak egin edo ez aztertzen ari dira. “DBHko lehen mailetan argi dugu ez dela beharrezkoa, baina 1. Batxilergoko eta 4. DBHko kasuan zalantzak ditugu eta aztertu behar dugun gaia da. Izan ere, dagoeneko ikasle batzuk azterketak on-line egin baitituzte eta horretara ohitu badira, zergatik etorrarazi institutura?”.
Horretaz gain, orain hartutako erabakiek eta plangintzak hurrengo ikasturte osoan eragina izango dutela adierazi dute Oriarte BHIko kideek. "Iraila ez da normala izango, baina datorren ikasturtea ere ez. Batez ere, 4. DBHtik 1. Batxilergora igarotzen diren ikasleentzat eta egun dibertsifikazioan dauden ikasleentzat. Azken hauen kasuan, neurriak hurrengo ikasturtean dibertsifikaziorik ez izatea ekarri baitezake".
Ikasturte amaiera honen aurrean, lasaitasuna eskatu nahi du Oriarte BHIk eta edozein zalantza izanez gero, gurasoak edo ikasleak Oriarte BHIrekin edo tutoreekin harremanetan jarri daitezkeela ere nabarmendu dute. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiete guraso eta gazteei duten pazientziarengatik eta egiten ari diren lanarengatik.