Ikastetxeak ixteko agindua eman zuten unean “urduritasun handia” sortu zen Oriarte Landaberriko irakasleen artean, baina poliki-poliki, irakasle zein ikasle eta gurasoak egoera berrira moldatzen ari direla jakinarazi du ikastetxeko zuzendaritza taldeak.
Halabeharrez, egokitzea beste aukerarik ez dute izan beste ikastetxeetako irakasle, ikasle eta senideek ere. Lasarte-Oriako eskoletako irakasle gehienak etxetik ari dira lanean, baina zuzendaritza taldeek, ordea, ikastetxeetan jarraitzen dute.
Landaberri eta Garaikoetxea Landaberri eraikinek, adibidez, ohiko ordutegian zabaltzen dituzte ateak bertatik lan egin nahi duten irakasleentzako.
Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako irakasleak ere etxetik ari dira egunerokoarekin, eta zuzendaritzako kideek azaldu dutenez, bideokonferentzien zein whatsappez koordinatzen dituzte ikasleei bidali beharreko lanak. Gurasoekin ere etengabeko harremana mantentzen ari dira, emailez. Oriarte Landaberrin ere gainerakoen antzera, etxetik, nahiz eta bakar batzuk material bila ikastetxera joaten diren.
Oriarte Larrekoetxe erakinean ere, irakasle gehienak etxetik lanean ari badira ere, batzuk ikastetxera joaten dira ikasgaiak prestatzeko, edota klase birtualak emateko. Landaberri bezala, ikastetxe hau ere irekita dago (9etatik 14:30era), eta zuzendaritza taldea, administrariak, atezainak eta garbitzaileak ikastetxean jarraitzen dute, ordutegi bereziekin.
Ikasketa prozesuari ahalik eta sendoen eusteko saiakeran
Lehen neurri horiek adostuta, ikasketa prozesuari eusteko ahaleginetan ari dira egunero. Landaberri eta Garaikoetxea Landaberrin esaterako, ahal duten neurrian saiatzen ari dira asteroko bilerak mantentzen. Horrela, irakasleek mailako bilerak egiten dituzte (gehienak telematikoki, baina ikastetxera datozenak, ikastetxean bertan). Bilera horien helburua aste horretan telematikoki egin ditzaketen lanak adostea da, baita ikastolako beste zenbat gai lantzea ere. Tutoreak dira familiarekin harreman zuzena mantentzen dutenak (emailez edo telefonoz), eta tutoreak ez diren irakasleek tutoreei pasatzen dizkiete ikasleek egin beharreko lanak.
Sasoeta-Zumaburun web orria erabiltzen ari dira familiekin kontaktuan egoteko, eta plataforma horretan ari dira ikasleentzako lanak, helbideak eta hainbat informazioa zintzilikatzen. Batzordekideek ere lanean jarraitzen dute eskolako hainbat proiektu martxan jartzeko.
Oriarte Landaberrin clasroom, drive eta korreoa erabiltzen dituzte, eta horietako batzuekin bideokonferentziak ere egiten dituzte, eta Larrekoetxe eraikinean ere antzera. Emaila, plataforma birtualak erabiltzen dituzte gehienetan, baina osasun krisiak eragindako egoera aurretik ere erabiltzen zituztenez, erraztu du neurri batean egoera berriko lan egiteko modura egokitzeak. Klaseko ordutegiak mantentzen saiatzen ere ari dira: “eguneroko erritmo bat ezarri eta mantendu nahi dugu, ikasleak heziketa prozesuari konektatuta jarrai dezaten”.
Gaur gaurkoz, bi astez luzatu du Espainiako Gobernuak alarma egoera eta hori kontuan hartuta, datozen asteak bide beretik aurreikusten dituzte ikastetxeek.
Guztiek argi dute, ordea, modu batera edo bestera eragina izango duela egoera horrek ikasketa prozesuan. Adierazi dute ikasleen senideekin harremanetan egoteak laguntzen duela, eta orokorrean ikasle eta gurasoak “ondo” erantzuten ari direla. “Familia bakoitza ahal duen modu onenean ari da ikasketa prozesuan aurrera egiten, baina etxe bakoitzeko errealitatearen eragina ere antzematen da”, azaldu du Landaberri eraikineko zuzendaritzak.
Sasoeta-Zumaburun ikastetxean ordutegia mantentzeari garrantzia eman diote; jaikitzeko orduari eta otorduenari, besteak beste. Gainera, goizean bi orduko lana egiteko proposamena egin diete ikasleei, eta arratsaldean ipuin edo liburu bat irakurri behar dute gaztetxoek. Hori amaituta, mugimendua lantzeko jolasak egiteko ere gomendatu diete, telebista ikusteko ordubeteko tartea ere aurreikusi dute plangintza horretan. Azken neurri gisa, eguneroko orduan oheratzeko proposamena ere gehitu dute.
Batxilergoko ikasleengan eragina ere izango duela “inolako zalantzarik gabe” aurreikusten dute bertako irakasleek. Bertako ikasleek ikasturtea amaitzeaz gain, unibertsitaterako sarrera neurtzen duen froga ere egin behar dute , eta horrekin kezkatuta ere agertu dira irakasleak. Dena den, oraindik ezin dute jakin zenbaterainoko eragina izango duen, horregatik, momentuz, ikasleak orain arteko bidean eusteko ahaleginetan ari dira.