COVID-19a dela eta, ikasturte amaiera berezia izango da Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetarako. Ikaslerik gabeko gelak, pantaila bidezko saioak… egoerara moldatu eta digitalki agur esan beharko diete ikasleei ekainean. Bi ikastetxeetako lan taldeak ikasturteari amaiera emateko lanean ari dira eta ez dute lan makala izango.
Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen “autonomia pedagogikoa” argudiatuta, ikastetxeetako lan taldeen esku utzi du ikasturtea amaiera honetako helburuak zein izango diren erabaki eta horren arabera, plangintza moldatzea.
Landaberri ikastolak onartu du neurriak askatasuna ematen diela helburuak zehazteko garaian. Azken hiruhileko honetan egunetik egunera moldatzen joan direla ere aitortu du, baita azken neurrien moldaketak ikastetxeentzako eta irakasleentzako gainkarga bat dela ere. Hroi aurrera eramateko zuzendaritza eta maila ezberdinetako irakasleen elkarlan ezinbestekoa izaten ari dela ere nabarmendu du. “Landaberri Zuzendaritza Taldea eta maila ezberdinetako irakasleen elkarlana ezinbestekoa izaten ari da ikasturte amaiera honetako eta hurrengo ikasturteko hasierako plangintza moldatzeko garaian”.
Sasoeta-Zumaburuko kideek erabakiak ohiko funtzionamenduan eraginik ez duela nabarmendu dute eta plangintza moldatzea gainkargarik sortuko ez duela ere azpimarratu dute. “Eskolako funtzionamendua oso antzekoa izango da, batetik helburuak eskolak beti markatzen ditu, bestetik irakasleen elkarlana beti ezinbestekoa da. Lan karga konfinamenduaren hasieran izan zen, lana egiteko modua egokitu arte. Ondoren, zikloka eta mailaka koordinazioa jarraitu da bideokonferentziaz eta bilera pedagogikoa astero egiten da”.
Ebaluazioa eta lanketa berezia
Ikasturteko azken ebaluazioa nola egin erabakitzea ere ikastetxeei dagokie, Eusko Jaurlaritzaren plangintzaren arabera. Lasarte-Oriako ikastetxeek saio presentzialen ebaluazioa egingo dutela jakitera eman dute. Beraz, hirugarren hiruhileko berezi honetako lanak era positiboan balioztatuko dituzte. Sasoeta-Zumaburuko ikastetxeko kideek adierazi duten bezala, “3. Hiruhileko lanak baloratuko dira nota hobetzeko baina inolaz ere jaisteko”. Ebaluazioetan alarma egoeraren eragin negatiborik ez dutela jaso nahi ere nabarmendu du Landaberri ikastetxeak.
Horretarako ikastetxeetako tutoreak guraso eta ikasleekin harreman zuzenean daude. Gainera, ikasketekin jarraitzeko arazoak dituzten ikasleak identifikatu eta haiekin lanean ari direla ere jakitera eman dute.
Landaberri ikastetxearen kasuan, LH 5. eta 6. mailako ikasleei eramangarriak eta SIM txartelak banatu dizkiete lan egiteko. Gainerako mailekin, berriz, telefono deiak, lanak paperean bidali, korreo arrunta... erabiltzen ari dira.
Sasoeta-Zumaburu ikastetxean gailu elektronikorik ez daukaten ikasleei paper formatuan lanak prestatzen zaizkie, hamabostean behin egindako lanak eskolara eraman eta txosten berriak hartzen dituzte. Zalantzak izanez gero tutoreekin telefonoz argitzen dituzte.
Hezkuntzako plangintzan ikasle hauen jarraipena egiteaz gain, udan errefortzu lanak bidaltzea ere aurreikusten da eta Landaberri ikastetxeak aurrerago aztertuko duten gaia dela adierazi du.
Ez bueltarik geletara
Batxilergoko edo 4. DBHko ikasleak ez bezala, HH eta LHko ikasleek ikasturtea euren geletan amaitzea zail ikusten dute Lasarte-Oriako ikastetxeetako kideek. “Agian, LH6. mailako ikasleak itzuli daitezke, etaparen amaieran daudelako eta DBHra pasako direlako. Ez dago batere argi gaia,” nabarmendu du Landaberri ikastetxeak.
Hori dela eta, Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko lan taldeak familiei gogoratu nahi diete azken txanpa honetan “helburua lan ohiturak mantentzea dela. Ez da hain garrantzitsua lan kantitatea, baizik eta egunero pixka bat egitea”.
Horrez gain, bi ikastetxeek familiei eskerrak eman nahi dizkiete egiten ari diren esfortzu eta lanarengatik eta animoak bidaltzen dizkiete, azken hilabete honen aurrean. “Guztion elkarlanak egoera honetatik onik ateratzen lagunduko gaituela ziur gaude,” adierazi du Landaberri ikastolak.
Era berean, edozer zalantza izanez gero, gurasoak tutore edo ikastetxearekin harremanetan jarri daitezkeela ere azpimarratu dute bi ikastetxeek.