LASARTE-ORIAKO OSTALARITZA

Bi orduz itxiko dute herriko ostalariek larunbatean, "irtenbideak" eskatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 26a, 16:20
Herriko hainbat ostalarik ateratako argazki bat, Okendo plazan, euren egoera zein den ikusarazteko.

Lasarte-Oriako Ostalaritza osatzen duten tabernek bi orduz itxiko dituzte euren negozioak –honezkero zabalik dauzkatenek– larunbatean, maiatzak 30, 18:00etatik 20:00etara, Lasarte-Oriako Udalari "irtenbideak" eskatzeko. Maiatzeko ohiko udalbatzarreko plenora eraman zituzten proposamenak onartuta ez daudela azpimarratu dute. "Gure egoera oso kritikoa da".

"Ez dugu gezurrik nahi, konponbideak baizik". Ostalaritzaren "egoera kritikoa" leunduko duten neurriak eskatzen jarraitzen dute herriko hainbat tabernarik. Apiril amaieran eskatu zioten udalari babesa. Orduz geroztik, zenbait bilera egin dituzte, eta maiatzeko ohiko udalbatzarrera neurri zerrenda bat eraman mozio bidez, urgentziaz aztertu beharreko puntu bezala, plenoan eztabaida zezaten horri buruz. Mozioa aurrera atera bazen ere, ostalariek jakinarazi dute zerrendatu ziren neurri horiek ez daudela onartuta. "Gaur egun, ez dira egiazkoak". 

Lasarte-Oriako Ostalaritzako kideek nabarmendu dutenez, bigarren fasea hasi den honetan herriko hainbat tabernak ezin izan dute pertsiana igo oraindik, terraza jartzeko baimenik ez daukatelako eta lokalaren barruan segurtasun distantziak ezin direlako mantendu.