LASARTE-ORIAKO OSTALARITZA

Kutxak bete eta bete

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 11a, 17:47

Covid-19ak eragindako egoerak gogor kolpatu ditu ostalariak ere. Lasarte-Oriako hainbat taberna eta jatetxe elkartu egin dira, ikusarazteko beraien egoera zein den, eta ekimenak antolatzeko ere bai. Janari bilketa solidarioa egiten ari dira Okendo plazako arkupeetan gaur; 21:00ak arte eraman ditzateke herritarrek elikagaiak eta bestelako produktuak. Antolatzaileek aholkatzen diete produktuak galkorrak ez izatea.

"Erritmo ona daramagu: Gurutze Gorrikoek bi kutxa eraman dituzte honezkero, goraino beteta". Pozik daude ostalariak, herritar eta elkarte ugari ari direlako janari bilketa solidarioan parte hartzen. 09:00etatik 21:00etara antolatu dute ekimena, udalarekin eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean. Ekimenean parte hartzen ari diren ostalariek ez dute gaur euren negozioa irekitzeko asmorik: bihar hasiko dira gutxi batzuk, eta Lasarte-Oria bigarren fasera pasa arte itxaroteko asmoa dute beste batzuek.

Lekaleak, arroza, olioa, kontserbak, komuneko papera...poltsak eta karruak bete-beteta eramaten ari dira herritarrak Okendo plazako arkupeetara. Ostalariek txandak egin dituzte euren artean, ordutegi guztia kubritzeko. Ez arkupeetan bakarrik: kutxak jarri dituzte baita ere herriko supermerkatuetan; BMkoa betetzear zegoen 11:00etan. Produktu "ez galkorrak" erostea gomendatzen diete lasarteoriatarrei, azkar kadukatuko ez direnak, gertuko denda txiki eta komertzioetan.

21 kutxa orain arte

Arratsaldeko bostak pasatxo etorri dira Gurutze Gorriko kideak Okendora. Herritarrek erantzun diote tabernariek egindako deiari, eta, bilketa gunea kudeatzen ari ziren zenbait ostalarik nabarmendu dutenez, dagoeneko 21 kutxa eraman dituzte Gurutze Gorrikoek, goraino beteta. Lasarte-Oriako biltegian produktu gehiago kabitzen ez direla eta, Urnietakora hasi dira elikagaiak eta bestelakoak eramaten. Den-dena jaso ostean, premia handiena duten familiek eta elkarteek jasoko dituzte produktu horiek.

Ostalariak aurreko asteko astelehenean bildu ziren Lasarte-Oriako Udalarekin, egoera aztertu eta ezar daitezkeen neurriez hitz egiten hasteko. Gaur arratsaldean elkartuko dira berriro udal ordezkariekin. Ostalariek sortutako taldearen zenbait ordezkari joango dira udaletxera. Hori baino lehen, argazkia atera dute Okendo plazan, segurtasun distantziak gordeta, eta besoak gurutzatuta. Ez dute adierazi nahi ez dutela ezer egingo, kontrakoa baizik: ez direla geldirik geratuko.