Telematikoa, luzea eta korapilatsua izan da maiatzeko ohiko udalbatzarra

Maddi Zaldua 2020ko mai. 15a, 16:49

Udaleko alderdi ezberdinek aurkeztutako proposamenak eztabaidatzeaz gain, herritarrenak ere mahai gainean jarri dituzte hainbat gai osteguneko udalbatzarrean. Gipuzkoako Senideak taldeak eta Lasarte-Oriako tabernariek mozio bana aurkeztu dute. 

Bizi dugun osasun krisiak hala behartuta, telematikoki egin dute maiatzeko ohiko udalbatzarra. Ostegunean bildu dira Lasarte-Oriako Udaleko alderdi ezberdinetako ordezkariak, eta hainbat puntu eztabaidatu dituzte. Hasiera batean, gai ordenan 11 puntu aurreikusi badituzte ere, hamabigarren bat gehitu dute "urgentziaz", eta hiru ordu eta erdiz luzatu da saioa. Guztira bost mozio eta hiru mozio alternatibo jarri dituzte mahai gainean.

2019ko aktak onartzearekin ekin diote saioari. Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiko David Ares izan da hitza hartu duen bakarra, aktaren batean topatu duen akatsen baten berri emateko. Xabier Egea idazkariak eskatu dio, hurrengorako, plenora akatsak zuzenduta eramateko , ahal dela lehenago abisatzeko eskaera egin dio Aresi.

2020. urteko aurrekontuko 1 kreditu transferentziak espedientearen bidez egin beharreko kreditu aldaketaren berri eman du alkateak bigarren puntuan, eta, eztabaidarik gabe, 2020ko aurrekontuko 1. kreditu txertaketak espedientearen bidez egin beharreko kreditu aldaketaren berri eman du, hirugarren puntuan. 

Laugarren  puntuan, 773/2020 Alkatetzaren Dekretua berrestea eskatu dute. Hain zuzen Koronabirusaren pandemiak eragindako "familia-egoerei" aurre egiteko laguntza ekonomikoak emateko oinarri arautzaileak zehaztu eta alarma egoera onartu zituen apirilaren 30ean.

Uxue Loinaz, EH Bilduko zinegotziak alderdiaren azalpena gehitu dio puntu horri. Bat egin dute dekretua berrestearekin, "ezinbestekoa" iruditzen baitzaie pandemiak eragindako egoerei aurre egiteko familiei laguntza ekonomikoak ematea, baina diru-laguntza lerro hori argitaratu eta komunikatzeko udal gobernuak eman dituen hainbat pausurekin "desadostasuna" agertu dute. Besteak beste, azpimarratu dute diru-laguntza horiek "iriste-ordenaren arabera" banatzea "kezkagarria" da alderdiarentzat, eta udal gobernuak uneoro "aldebakartasunez" jokatu duela ere gaineratu dute.

Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedok erantzun dio Loinazen hitzartzeari, esanaz, "lehen momentutik" jakin dutela udal taldearen asmoa zein izan den, eta parte hartzeko aukerak ere izan dituztela. Gogorazi dio du Jon Martin EH Bilduko kideak egindako proposamenak kontuan hartu dituztela. Alkateak argitu du asteazkenaz geroztik diru-laguntzen informazioa etxe etxe banatzen ari direla.

Hitzartze gehiagorik gabe, bozketa egin dute, eta aldeko hamalau bozkekin (ELOP, EAJ eta PSE-EE) eta hiru abstentziorekin (EH Bildu) berretsita geratu da Alkate Dekretua.

A-12 Mirentxu HIEren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren behin betiko onarpena bozkatu dute bosgarren puntuan, eta G4 lurzatiari, ekipamendu asistentzialari eta Atsobakar egoitzari dagokion puntuak eztabaida sortu du alderdien artean. 

Jon Martinek azaldu du ez daudela Atsobakar handitzearen aurka, baina, bai, handitze prozesua aurrera eramaten ari diren moduarekin. "Handitzearen lanaren baimena Kabiari ematen zaio, eta horrek lanak esleitzean, irabazleak lanak egitearen truke Atsobakarreko kudeaketa ere eramaten du, hau da gure adineko pertsonaren zaintzarekin negozioa bultzatzen da eta zaintzaren pribatizazioan sakondu".

EH Bilduko kidearen hitzartzeari erantzun dio Lourdes Acevedok, eta Martin Garitano diputatu nagusi zen garaiko kontuak ekarri ditu mahai gainera. Garitano ahaldun nagusi zen garaian, zerbitzu sozialetan murrizketak egiten "lehenak" izan zirela esan dio. Hitzok Jon Martin eta Acevedoren artean sortutako eztabaidaren ostean,  bozketa egin dute, eta aldeko hamahiru bozkekin (ELOP, EAJ eta PSE-EE) eta aurkako laurekin (EH Bildu) onartuta geratu da. 

Seigarren puntuan Lasarte-Oriako Udalaren diru-laguntzen deialdi publikorako oinarri espezifikoak onartzea aurreikusten bazen ere, mahai gainean utzi dute gaia, "desadostasuna" zuzendu arte.

Bost mozio eta hiru mozio alternatibo

Zazpigarren puntuan, Martxoaren 8ko adierazpen instituzional bateratua aurkeztu dute EH Bilduk eta ELOP alderdiek. Koronabirusaren eraginez, bertan behera geratu zen hilabete horretako plenoa eta maiatzekora ekarri dute.

Lasarte-Oriara begirako bost puntu zehatz eskatu dituzte: emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorraren bidean aurreratzeko neurri sorta bat garatzea, beharrezkoak izango diren baliabide guztiak bermatuz; lan espazio bat sortzeko prozesu parte-hartzaile bat abiatzea, non Udaleko teknikari eta politikoek, mugimendu feministak eta hezkuntza, osasuna edo arlo sozialeko beste eragile batzuk parte hartuko duten; ekintza zehatzen bidez, zaintza-lanak ongizate kolektibo gisa onartzea eta bermatzea eta hori guztia egikaritzeko eta neurri zehatz horiek aurrera eramateko, berdintasun-saila osatzea, berdintasun-teknikari espezializatu batekin. Mozioa proposatu duten bi alderdiek soilik babestu dute (sei bozka), eta, hortaz, aurkako 11 bozkekin ( EAJ eta PSE-EE) bere horretan geratu da.

EAJ eta PSE-EEk, berriz, EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen testuarekin bat egin dute, eta EH Bilduk eta ELOPen proposamenaren mozio alternatiboa aurkeztu dute. Alderdi guztiek bat egin dute - EH Bildu eta ELOP ere bat datoz, baina uste dute eurek aurkeztutakoa herrira begirakoa dela - eta aho batez onartua geratu da. 

Gai ordenako zortzigarren punturako bigarren mozio bat ekarri du EH Bilduk. Jon Martinek aurkeztu du, eta udal kontratazioen "norabide aldaketa" eskatu du, hau da, klausula sozialak ezartzea. ELOP alderdiak soilik babestu du EH Bilduren eskaria, beraz, aldeko sei bozkekin eta aurkako 11ekin, ez du aurrera egin.

Berehala egin du bozka azalpena Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Azaldu du mozioaren puntu asko babesten dituen arren, udalari ez dagokizkion gaiak ezin dituztela bere gain hartu. Azalpena emanda, mozio alternatiboa jarri du mahai gainean, hainbat gai biltzen dituena. Horren bitartez, besteak beste, EUDELi izaera sozial, etiko eta ingurugiroko baldintzak ezarri ahal izateko ikerketa egin dezan eskatu nahi diote, behin emaitza hori eskuartean edukitan, hartu daitezkeen neurriak zeintzuk diren jakin ahal izateko. EH Bilduk proposamen horrekiko desadostasuna agertu du, eta dagoeneko, eurek proposatutako gisako klausulak txertatzen dituzten hainbat udalen adibideak ekarri ditu; Bartzelonakoa, besteak beste. 
Gaiarekiko ikuspuntu ezberdinak plazaratuta, bozketa egin dute, eta aurkako lau bozkekin (EH Bildu) eta aldeko hamahirurekin (ELOP, EAJ eta PSE) onartuta geratu da mozio alternatiboa. 

Udal kanpoko talde baten mozioa aztertu dute bederatzigarren puntuan; Gipuzkoako zahar etxeetan dauden adineko pertsonen senideen Gipuzkoako Senideak elkartearena. Bost puntu eskatu zehaztu dituzte, horien artean, zaharren egoitza publiko eta itunduetan dauden egoiliarrei laguntzeko gutxieneko kanonak urratzen dituzten enpresen aurka egitea eta egungo lan gatazka konpontzeko Gipuzkoako Foru Aldundiari deitzea. Proposamenak, ordea, ez du nahiko babes jaso; EH Bildu eta ELOP taldeen aldeko 6 bozkekin eta EAJ eta PSE-EEren aurkako 11ekin, baztertu egin dituzte elkartearen eskariak. 

Ez dira, ordea, hurrengo puntura igaro, izan ere, EAJk eta PSE-EEk alternatiboa aurkeztu baitute. Horren bidez, udalak kezka agertu du zahar egoitzetako lan-gatazkarekin eta eskatzen diete gatazka horretan inplikatutako alde guztiei akordio bat bilatzea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio greba-deialdietan parte hartzen duten zentroetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzen direla bermatzea.

Mozio alternatibo horrekiko desadostasuna agertu dute EH Bilduk eta ELOPek, nahiz eta azken alderdi horrek, babesa eman dion, argudiatuz, "ezer babestea baino hobe dela gutxienez zerbait babestea".

Hortaz, aurkako lau botorekin (EH Bildu) eta aldeko hamairurekin (ELOP, EAJ eta PSE-EE) onartuta geratu da. 

Hamargarren puntuan bigarren mozio bat aurkeztu du ELOP alderdiak. Horren bitartez, Lasarte-Oriako merkataritza eta ostalaritza pairatzen ari diren egoerarekin kezkatuta agertu da alderdia, eta "beharrezko"  ikusten du Beterri-Buruntza garapen agentzia egiten ari den lanaz gain, Lasarte-Oriako ekonomia eta gizartea berpizteko "plan espezifiko bat".

Hiru puntu eskatu dituzte mozioaren bitartez, eta Jon Antxordokik mozioa puntuka bozkatzeko eskaera egin dio Aresi. Hain zuzen ere, bigarren puntuarekin desadostasuna agertu du alderdi jeltzaleak. ELOPk onartu egin du puntukako bozketa, hortaz, horrela geratu dira bozkak, puntuz puntu: lehenengo puntua aho batez onartu dute; bigarrenak, aldeko sei bozka (ELOP eta EH Bildu) eta kontrako 11ekin (EAJ eta PSE-EE) ez du aurrera egiterik lortu. Hirugarrena ere, aho batez onartu dute. 

Urgentziaz, aurreikusi gabeko puntu bat ere landu dute

Gai ordenan galdera eta erreguen tartea geratzen bazen ere, horri heldu aurretik, beste puntu bat onartu dute "urgentziaz" (aho batez onartu eta gero): herriko tabernarien mozioa.

Hainbat neurri eskatu dizkiote udalari: terrazak edukitzeko aukerak aztertzea eskatu diote eta horiei dagozkien aurtengo kuotak ez kobratzea edota ordainduta dutenei dirua bueltatzea. Horrez gain, hemendik aurrerako ur-tasak ez kobratzea ere galdegin dute, eta udalak ostalaritzara zuzendu asmo duen 125.000 euroko diru-sorta, herriko tabernari bakoitzari bideratzea, bi hilabeteko geldialdiaren ostean, berriro ere negozioak martxan jartzeko likidezia izan dezaten. 

Nahasmen handia sortu du gai honek, izan ere, alkateak azaldu du tabernariek aurkeztutako mozioa bere horretan ezin daitekeela exekutatu, horrela, mozioa bere horretan bozkatu beharrean,  "asmoen aitortza" bat (mozioan eskatzen diren neurriak nola exekutatu lantzeko konpromisoa) bozkatzea proposatu dio udalbatzarrari, baina hori ezinezko izan zaie, hain zuzen ere, mozioa aurkeztu dutenak udalbatzarrean ez daudelako. Nahaste hori argitzen saiatzen ari ziren bitartean, herriko tabernari bat agertu da udalera, eta alkatearekin hitz egin ostean, mozioa bere horretan bozkatzea erabaki dute. Horrela geratu da bozketa: aldeko bederatzi bozka (ELOP, EAJ eta EH Bildu) eta 8 abstentzio (PSE-EE), hortaz onartuta geratu da.

Galdera eta erreguen txanda

Amaitu aurretik, alkatean galdera eta erreguentzako tartea zabaldu du, baina inongo alderdik ez du gairik mahaigaineratu. Hala ere, TXINTXARRIk jakin duenez, hainbat herritarrek streaming bidez, idatziz zenbait galdera egin dituzte, baina ez dituzte irakurri eta ezin izan dute erantzunik jaso.