Koronabirusak eragindako egoeraren aurrean "ziurgabetasuna" bizitzen ari dira Lasarte-Oriako 50 taberna baino gehiago. "Gure jarduera utzi behar izan dugu, eta ez dakigu noiz itzuli ahal izango garen lanera, normaltasunez". Ateak itxi behar izatearen ondorioz, fakturazioan "beherakada nabaria" izaten ari direla azpimarratu dute.
Lasarte-Oriako Udalaren aldetik "babesik gabe" ikusten dute euren burua tabernariek, erakundeak "aparteko neurririk" hartu ez duela salatuz: "Ulertzen dugu egoeraren kudeaketa ez dela erraza, baina uste dugu nahikoa denbora igaro dela gugan eragingo duten neurri batzuk hartzeko". Gipuzkoako zenbait udalek pausuak eman dituztela jakinarazi dute.
Horrela, zenbait eskaera egin dizkiote udalari:
- Orain arte mantendu diren udal zerga eta tasak ezabatzea, atzerapenik gabe. Zerga horien artean aurreikusi dituzte, besteak beste, terrazena, zaborrena eta Hondasun Higiezinen gaineko Zergarena.
- Ordainketa ezberdinei aurre egin ahal izateko, (agentziak, elektrizitatea, gasa, errenta) eta jarduera mantentzeko diru laguntzak bideratzea. Azpeitiko adibidea ekarri dute: 1.000 euroko diru laguntza jasoko dute, hilero, itxita dagoen tabernek.
- Tokiko kontsumoa sustatzeko kanpaina abiaraztea, merkaturatzeko ekintzen bidez.
"Salbuespen egoerak salbuespenezko neurri errealak eta eraginkorrak" eskatzen dituela ere nabarmendu dute, eta horregatik, ostalaritzaren etorkizuna bermatuko duen "berehalako konponbidea" eskatu diote udalari, ostalaritzaren sektorea bere aldetik "ahalegin ikaragarria" egiten ari baita krisi hori aurre hartzeko.
"Ausardia eta solidaritatea" ere galdegin diote udalari, "Une hauetan zerga guztiak ordainduz erakusten ari garen elkartasun eta ausardia bera eskatzen diogu"