400 metro koadroko azalera baino gutxiago duten denda eta negozio txikiek gaurtik aurrera ireki ditzakete ateak, 0 faseari ekitearekin batera. Osasun eta higiene neurri zorrotzak erabili behar dituzte, hitzorduak aurrez hartu eta unean-unean bezero bakarra artatu. TXINTXARRIk buelta txiki bat eman du herrian barrena, eta zabalik topatu ditu ile-apaindegi asko: gaur berriro lanean hasi den sektoreetako bat izan da hori. Aldez aurretik zitak kudeatuta, lasarteoriatarrak hartu dituzte euren lokaletan berriro, 50 egun eta gero.
Gogotsu, baina atsedenik hartzeko ia tarterik gabe. Horrela hasi dira lanean ile-apaindegiak gaur. Maite Erkizia estetika zentroa eta ile-apaindegia, Ana gizonezkoen ile-apaindegia eta Lurdes ile-apaindegian atera ditu argazkiak TXINTXARRIk, negozio horien jabeak jo eta ke lanean ari zirela.
Ostalariak, babes eske
Oinarrizko zerbitzuak eskaintzen zituzten beste hainbat komertziok konfinamenduan zehar ateak irekita eduki dituzte, protokolo, neurri eta bestelakoak betez. Gaur, 0 fasea hastearekin batera, gainontzeko negozioak ere beharrean hasi daitezke, baldin eta bezeroek txandak aurrez hartzen badituzte eta dendan bertan pertsona bakarra artatzen badute. Atzo arratsaldean zehaztu zituen hartu beharreko neurriak Espainiako Gobernuak, eta dendariek ez dute denbora askorik izan behar bezala antolatzeko. Hori dela eta, azkenaldian baino komertzio gehiago irekita baldin badaude ere, beste batzuek oraindik ez dituzte pertsianak igo.
Janaria prestatzen duten taberna eta jatetxeek etxez etxeko zerbitzua eskain dezakete gaurtik aurrera, baina oraindik ezin ditzakete euren lokalak ireki; otordurik ezingo dute eskaini euren lokaletan. Datorren asteko astelehenean, maiatzak 11, terrazak zabaldu ahalko dituzte, baina ez ostalari bakoitzak daukan edukieraren erdia baino gehiago. Alegia, taberna batek zortzi mahaiko terraza bat badauka, gehien jota lau jarri ahalko ditu herritarrek erabiltzeko moduan. Ikusteke dago zer egingo duten Lasarte-Oriako ostalariek datorren asteko astelehenetik aurrera. Prentsara berriki igorri duten ohar batean, esplikatu dute "ziurgabetasun egoeran" daudela gaur egun, eta "babesik gabe" ikusten dutela euren burua. Udalari zenbait eskaera egin dizkiote: zergak eta tasak ezabatzea, kasurako.
Kirola eta paseoak
Iragan asteburuan hasi ziren herritarrak kirola egiten eta paseatzen: jende ugari atera zen goizean zein arratsaldean, zehaztutako orduetan –06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara–. Lasterka egiteko zapatilak, bizikletak, patinak, ipar martxako makilak...eta maskarak. Salbuespenak salbuespen, herritarrek erantzukizunez jokatu zuten eta bete zituzten segurtasun eta distantzia neurriak.
Paseatzera irteten hasi dira baita ere 65 urtetik gorako pertsonak, bakarrik edo beste pertsona batek lagunduta. 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara atera daitezke. Haurrak eta gurasoak, berriz, 12:00etatik 19:00etara.