Arkupek eta Araetak irabazi dituzte VII. Pintxo Ibilbidearen sariak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko abe. 12a, 14:49

Aurten parte hartu duten zazpi taberna eta jatetxeek prestatutakoa dastatuta, sariak emateko ordua iritsi da: Arkupek egindako hostopila gustatu zaie gehien lasarteoriatarrei; Sergio Humada sukaldariak, berriz, Araetaren elaborazioari eman dio Profesional saria.

Hirugihar, patata eta odolki hostopila izan da Pintxo Ibilbidea egin duten lasarteoriatarrei gehien gustatu zaien pintxoa. Arkupe tabernak eraman du sari hori. Sergio Humada sukaldariak, berriz, ebatzi du Araeta jatetxeak merezi duela Profesional Saria. Izokin marinatua izan da euren elaborazioaren ardatza; lunpo izeneko arrainaren arrabekin eta oliba beltz deshidratatuarekin batera aurkeztu dute, won ton saskitxo batean –Txinan oso ohikoa den pasta mota bat–.

Pozarren jaso dituzte Arkupe eta Araetako kideek bi sari horiek, udaletxean. Aterpea Merkatari eta Ostalarien elkarteko eta udaleko kideak ere han egon dira, eta baita aurtengo Pintxo Ibilbidean parte hartu duten gainontzeko taberna eta jatetxeak ere. Gonbidatu dute Ivan Herrero herritarra ere; berak irabazi du 200 euroko zozketa, pintxoak dastatu ostean iritzia emateagatik.

Pintxo ugari eros daitezke 200 eurorekin. Ez, ordea, aurtengo ibilbidean saldu diren bezainbeste: 1.505, Aterpeako lehendakari Ramon Ormazabalek jakinarazi duenez. "Ekimenak herrian oso harrera ona daukala erakusten du horrek". Eskerrak eman dizkie aurtengo edizioan parte hartu duten guztiei. Berrikuntzetako bat izan da herriko elkarte gastronomikoetako kideek ere iritzia eman dutela, Semblante Andaluz elkartean egindako dastatze ekitaldian.
Humadak pintxoen kalitatea goraipatu du, eta barkamena eskatu saria parte-hartzaile guztiei eman ezin izateagatik. "Herrira iritsi berria naiz; espero dut ez didazuela etxea erreko", bota du, txantxetan. Gutxigatik irabazi du Arkupek Sari Herrikoia: 4.06 puntu bildu ditu; Lasarte tabernak, aldiz, 4.03. Hiru alor baloratu dituzte herritarrek eta elkarteek: pintxoaren zaporea, orijinaltasuna eta aurkezpena.

Udaleko Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandezek parte-hartzaile guztien ahalegina goraipatu du, eta Aterpearen ekimen hori babesten jarraitzeko konpromisoa adierazi.

Arkupe tabernaren pintxoa: hirugihar, patata eta odolki hostopila.

Araeta jatetxearen pintxoa: izokin marinatua 'won ton' saskian, lunpo arraba eta oliba beltz deshidratatuarekin.