Pintxo Bidean parte hartzeko azken aukera

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 1a, 12:00

Aterpeak antolatutako egitasmoa gaur eguerdian amaituko da. Pintxoa dastatzeaz gain, botoa ematen dutenek 200€ irabazteko aukera dute. 

Zazpi pintxo, zazpi aukera. Aterpeak antolatutako VII. Pintxo Bidea osatzera animatzen direnek, gozamen bikoitza izan dezakete. Gastronomikoa, noski, tamaina txikiko gutizia horiekin, eta ekonomikoa, botoa emateagatik, zozketan 200€ eskuratzeko aukera baitute. 
Halakoetan gertatu ohi denez, lasarteoriatarrak parte hartzen ari dira egitasmoan. Hala diote Eguzki tabernan. Marinatutako otarrainxka-tenpura wakame entsalada eta magozko chutney-arekin erruz prestatu dute egunotan. Urrutiko zapore exotikoen alde egiten dute bezeroek, zenbat puntu ematen dieten ez badakite ere. Begiratzeko aukera izanda ere, nahiago dute ez egin. 
Arkupea tabernan ere, pintxo eskaintza zabala dute, baina asteburu honetan hirugihar, patata eta odolki hostopila da gehienek aukeratutakoa. Batzuek behin baino gehiagotan, gainera. Esaterako, bertako bezero 'fijo' den Joxemiel Bereziartuak baten faltan bi jan ditu jarraian eta argi du zein den bere iritzia. 5 puntu eman dizkio, bestela ere, "hemengoak dira Lasarte-Oriako pintxo onenak". 
Bere iritzia zenbait herrikidek partekatu duten jakiteko abenduren 11 arte itxaron beharko da. Baina pintxo berezi hauek jateko aukera 14:00etan amaituko da. Arkupe eta Eguzki tabernez gain, Araeta sagardotegia, Yolanda, Txartel, Buenetxea eta Lasarte tabernek ere parte hartu dute ekimenean.