Aterpeak Lasarte-Oriako kaleak Eguberrietako kolorez beteko ditu

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 5a, 16:00
Aterpeako eta udal ordezkariak Eguberrietako kanpainaren aurkezpenean.

Aterpea Merkatari eta Ostalarien elkarteak Eguberrietan egingo dituen ekimenak aurkeztu ditu gaur eguerdian. Saskien zozketa, erakusleihoen lehiaketa, denden dekorazioa... Lasarte-Oriako kaleak bizi mantendu nahi ditu Aterpeak Eguberri hauetan

Pintxo Bidearekin hasi eta urtarrilaren 4era arte, Aterpea elkarteak Eguberrietako kanpaina jarri du martxan. Lasarte-Orian komertzioa sustatu eta kaleak alaitu eta koloreztatzeko ekimenak egingo ditu elkarteak.

Lasarteoriatarrek Eguberrietako erosketak herrian egite aldera, saskien kanpaina egingo du elkarteak. 40 saltokitan abenduaren 27ra arte egiten diren erosketek lortu dezakete saria, Eguberrietako saski bat. Denda bakoitzak saski bana zozkatuko du.

Kaleak ere apainduko dituzte bi ekimenei esker. Saltokiak girlanda, lazo eta alfonbra gorriak jantziko dituzte eta berrikuntza modura, erakusleihoen lehiaketa antolatu dute.

"Urte asko dira erakusleihoen txapelketa bertan behera utzi behar izan zena. Aurten berriro ere lehiaketa martxan jarri dugu Udalaren laguntzaz eta 18 parte hartzaile izango dira," azpimarratu du Aterpeako lehendakari Ormazabalek.

Lehiaketak bi sari izango ditu bata profesionala eta bestea herrikoia. Dekoratzaile talde batek aztertuko ditu erakusleihoak profesionalen saria erabakitzeko. Sari herrikoiak, berriz, herriko erakundeen eta herritarren iritzia izango du kontuan. Herriko erakundeek hiru ezaugarri bozkatu beharko dituzte; herritarrek, berriz, gogokoen duten erakusleihoa. Horretarako, etxeetara iritsiko den eskuorria bete eta Aterpeako dendetan egongo diren kutxetan sartu beharko dituzte abenduaren 9tik 14ra. Sari banaketa abenduaren 19an, 20:15ean egingo da Udalbatzar aretoan.

Ekimena garrantzitsutzat eman du Ormazabalek. "Ez lehiaketarekin, baizik eta horrekin lotuta egin dugun ikastaroarengatik. Honetan erakusleihoak apaintzeko eta produktuen aurkezpena hobetzeko teknika berriak ikasi ditugu. Honetan 13 saltokik parte hartu dute".

Horretaz gain, urtarrilaren 4an, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara,  Lasarte-Oriako kaleetan barrena txu-txu trena ibiliko da. "Ekimen hau interesgarria da Lasarte-Oriako komertzio gunea ezagutu dezaten," azaldu du Ramon Ormazabal Aterpea elkarteko lehendakariak.

Elkartasunak ere izango du tartea Aterpearen Eguberrietan eta haur minbiziaren aurkako EITB Maratoiarekin bat egingo du. Aurten Lau Teilatu abestiaren bertsioekin egindako bideo luzea egin nahi du ekimenak eta Aterpeak abenduaren 9an, 20:15ean, Buenetxea tabernan grabatuko du bere bideoa. Aterpeak elkarteko kideak eta herritarrak gonbidatzen ditu hurbildu eta abestia kantatzera. 

2020 urterako eskaerak

Era berean, Eguberriak desio eta gurari garaia izanik, bi eskaera egin dizkio Aterpeak Udalari 2020 urterako: komertzioen tasak lantzeko mahaia eratzea eta elkartearentzako lokala.

Agerraldiari amaiera emateko, Aterpeak eta Lasarte-Oriako Udalak herritarrei Eguberrietako kanpainako ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte eta eguberri zoriontsuak eta urte berri ona opa diete.