EH Bildu: "Landaberriko aldaparen arazoa konpontzeko epeak azkartu behar ditu Udal Gobernuak"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko aza. 28a, 09:38
EH Bildu Lasarte-Oriako kideak, euren bulegoan, asteazken arratsaldeko prentsaurrekoari ekin aurretik.

"Arduratuta" dago EH Bildu Lasarte-Oria, Landaberri ikastolako aldaparen aferarekin. Horren harira, koalizio abertzaleak iragarri du zenbait neurri jarriko dituela martxan. Horietako bat izango da datorren ohiko udalbatzarrean mozio bat aurkeztea, udalaren eskuetan dagoen txosten geoteknikoak hobetsi duen konponbidea martxan jartzea eskatzeko. "Mikropiloteen egitasmoa lehenbailehen esleitu behar du Udal Gobernuak".

Landaberri ikastolako aldaparen afera baloratu du EH Bildu Lasarte-Oriak. Uste du azken lau hilabeteak "alferrik galdu" dituela Udal Gobernuak: "Nahikoa denbora galdu da arazoa nork konpondu behar duen argitu nahian; arazoa konpontzeko eta epeak azkartzeko ordua da". Lasarte-Oriako Udalaz gain, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren jarrera ere salatu du: "Euren inplikazio eza eta interes falta lotsagarria izaten ari da". Koalizio abertzaleak esan du ez dela inorren zain geratuko; iragarri du neurriak eta proposamenak jarri dituela mahai gainean. 

Horietako bat izango da datorren ohiko udalbatzarrean mozio bat aurkeztea. EH Bilduk jakinarazi du aldapari buruzko txosten geoteknikoa duela bi aste iritsi dela udaletxera. "Bi irtenbide planteatzen ditu dokumentuak, eta bat hobetsi: mikropiloteen proiektua". Lan horiek egiteko, ordea, egitasmoa esleitu beharko luke udalak. Urrats hori "lehenbailehen" egitea galdegingo du koalizio abertzaleak abenduko plenoan. "Benetako arazoa Landaberrin ikasten duten 500 umeek eta euren familiek daukate. Eta iristear dago negua".

"Egoera tamalgarria da"

Aldaparen egoerak sortu dituen arazoez gain, beste batzuk nabarmendu ditu koalizio abertzaleak: "Ikastolako zuzendaritzak eta guraso elkarteko kideek azaldu digute itokin, hezetasun eta uholde arazo larriak daudela; tamalgarria da eraikinaren egoera". EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberarekin batera egin zuten bisita, iragan astean. Eraikina aztertu eta gero, EH Bilduk honakoa eskatuko du legebiltzarrean: Landaberri bisita dezala Hezkuntza Sailak, arduradun eta guzti, ikastetxearen arazoak "bertatik bertara" ikus ditzan. Horri lotuta, koalizio abertzaleak asmoa dauka guraso elkartea gonbidatzeko Eusko Legebiltzarrera, bertako kideei aferaren nondik-norakoak azal diezazkieten.

"Badirudi 2020. urtean burutuko dituela udalak sabai berria egiteko lanak, arazo asko konponduz", aipatu du EH Bilduk. Dena den, gogoratu du obra horrek "2018rako" egon behar zuela bukatuta, Sasoetako fatxadarekin batera. "Udal Gobernuaren kudeaketa txarraren ondorioz, konponketa gastuen %60a estaltzeko aukera galdu dugu; diru-laguntza bat eskaintzen zuen Eusko Jaurlaritzak". 

Beste eskaera bat ere egin du EH Bilduk: Landaberri publiko bihurtu zen garaiko hitzarmena –Hezkuntza Sailak, udalak eta ikastetxeak sinatu zuten– eta titularitate aldaketa horren agindua eskuratzea. 

Aldaparen aferaren kronologia

Atzo arratsaldeko prentsaurrekoan Landaberriko aldaparen aferaren errepaso kronologikoa egin zuen koalizio abertzaleak. "Maiatzeko azken egunetan jaso zuen udalak Landaberriko sarbidearen egoera txarrari buruzko txostena". EH Bilduk kritikatu egin du Udal Gobernuaren jarrera, "ia udara guztian" egin zuen gauza bakarra Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritzari "arazoaren berri ematea" izan zelako. 

"Ikasturtea hastear zela, aldapa ixtearen erabakia hartzen da; txaleko hori batzuk janzteak ez zuen kalapita konpondu", esan du EH Bilduk. Txosten geoteknikoa "berandu" eskatu izana ere egotzi dio Udal Gobernuari. "Iraila bukaerara arte ez da mugitu; lau hilabete alferrik galdu ditu". 

Txosten hori duela bi aste jaso du udalak, koalizio abertzaleak zehazten duenez. Ondorioak, hauek: arazoa ez dagoela ezpondan, igoerako aldapan bertan baizik; eta bi irtenbide proposatzen dituela dokumentuak. Horietako bat da mikropiloteena.